2011n hasi zen ohitura, eta, ordutik hona, Bergarako ehunka jaioberrik jaso izan dute merezi duten omenaldia Pentekoste jaien hasieran. Beste behin, ongietorria egingo diete mundura etorri diren haurrei jaietako zapatuan. Aurten ekitaldia maiatzaren 27an izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 11:30ean hasita. Han jarriko diete etxeko txikienei zapia, banan-banan. Ondoren, familia-argazkia aterako dute udaletxearen atzealdean, San Pedro kalean.
Udalak dagoeneko bidali die ongietorrian parte hartzeko gonbidapena umea izan duten 60 gurasoei. Hamabigarrenez egingo dute ekitaldi hori. Izan ere, pandemiaren ondorioz, 2020an ez zuten egin, 2021ean osasun neurriek baldintzatu zuten ekitaldia, baina iaz, pandemia aurreko egoerara bueltatu zen ekitaldia.
Gurasoak, ilusioz gainezka
Gurasoen artean ilusioa nabarmena da. Haien seme-alabek lehenengoz biziko dituzte Pentekosteak, eta hori ospatu beharra dago. Umea izan duten hiru familiarekin izan da GOIENA, jaien atarian dituzten sentsazioak jakiteko. Proposamena onartu duen familietako bat da Maddi Laskurainek, Enaitz Zabaletak eta hauen seme Hodei Zabaleta Laskurainek osatzen dutena. Haien esanetan, ilusio "handia" egiten die haurrei egiten zaien ongietorri ekitaldiak. Jaietan kanpora joatekoak ziren, baina zapatura arte Bergaran geldituko dira. Han izango den beste familia bat Erik Oribek, Yasmina Morenok eta Izei Oribe Morenok osatutakoa da. Ekitaldira zapia jasotzera "ilusioz" joango direla diote: "Batez ere, niri [Yasmina], Bergarakoa izanik, ilusio berezia egiten dit". Uxue Egurenek eta Jon Ander Romanek ere umea izan dute, Malen, eta zapatuan Bergarako udaletxean izango dira. Familia bergarar hori ere eguna iristeko irrikan dago: "Ilusio handiarekin gaude argazkian agertzeko, oroigarri polita delako". Ilusioa da protagonisten artean gehien errepikatzen den hitza.
HODEI ZABALETA LASKURAIN
MADDI LASKURAIN ETA ENAITZ ZABALETA
Joan den urteko ekainaren 12an jaio zen Hodei Zabaleta Laskurain. Hasiera gogorra izan dela adierazi du familia bergararrak, baina, edozelan ere, poliki-poliki eskua hartzen joan direla diote. Aitatasuna eta amatasuna esperientzia "polita" bihurtu dela azpimarratu dute. Kanpora joatekoak ziren, baina zapatura arte geldituko dira Bergaran, jaioberrien ekitaldian egoteko.
Jaien lehen bi egunetan egongo dira Bergaran: "Egubakoitzean, Bitorianatxo ikusi eta bueltatxo bat emango dugu. Zapatu goizean ekitaldira joan eta arratsaldean kanpora joango gara, furgonetarekin". Erabaki horren zergatia azaldu dute. "Aurten, kanpora joango gara, umea oso txikia delako oraindik. Baina hemendik aurrera, gaueko giroaz gain, egunez ere ibili beharko dugu", azaldu dute.
MALEN EGUREN ROMAN
UXUE EGUREN ETA JON ANDER ROMAN
2022ko ekainaren 6an jaio zen Malen Eguren Roman. Ondo gogoan dute eguna Jon Ander Roman eta Uxue Eguren gurasoek: "Bergarako jaietako astelehena zen, eta denak parrandan zeuden bitartean gu ospitalean geunden gure umetxoari ongi etorria egiten". Bergarako Udalak jaioberrientzat antolatzen duen ekitaldirako ilusio "handiarekin" daudela adierazi dute, aterako den argazkian agertzeko eta oroigarri polita izateko.
Aurten Malenekin jaiak modu "lasaiagoan" biziko dituztela diote gurasoek; soilik haurrentzat egingo diren ekitaldietara joango dira. Gainera, umeak oso denbora gutxi izanik, biak etxean geldituko direla erabaki dutela adierazi dute: "Aurrerago helduko zaigu unea umea amamarekin uzteko eta gu parrandan irteteko".
IZEI ORIBE MORENO
YASMINA MORENO ETA ERIK ORIBE
Izei Oribe Moreno, hiru haurren artean gazteena, 2022ko uztailaren 7an jaio zen. Yasmina Moreno eta Erik Oribe gurasoentzat gogorra bezain polita izan da urtea, eta bizitzako esperientziarik "basatiena" izan dela diote. Eguraldian jarri dute arreta; eguraldia lagun izatea Pentekosteak ospatu ahal izateko lagunekin eta senideekin.
Pentekoste jaiak ospatuko dituztela argi dute, etxean denbora asko pasatuta: "Aurten gaupasak etxean egingo ditugu, 10 hilabete hauetan bezala". Hala ere, gehiago biziko ditu jaiak Yasminak Erikek baino. Yasminak, herrikoa izanda, astelehena harentzat hartuko du eta kuadrillen arteko bazkarira joango da astelehenean. Izei "parrandazale" hutsa irten dela azaldu dute, eta geldi egoten ez den horietakoa dela nabarmendu.