Gaztetxoek ere izango dute non gozatu jaietan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 26a, 11:00

Barrakez gozatzen iazko Pentekosteetan. Argazkia: Imanol Soriano

Matxiategi eta Fraiskozuri guneetan 22 postu jarriko dituzte gaztetxoenek barrakekin gozatzeko. Era berean, jolas-parkea izango dute umeen eta Helduen Egunean Ipintzako ii-ko patioan; antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da txosnagunean

Askotariko barrakek hartuko dituzte, aurten ere, azken urteotan kokaleku dituzten Matxiategiko eta Fraiskozuri. Denen gozamenerako, helduentzako eta umeentzako barrakak izango dira, eta baita bestelako kaxeta eta tonbolak ere; horrekin batera, ohiko tabernak eta txurro saltzaileak ere ez dira faltako Pentekoste jaietan. Guztira, 22 postu egongo dira jaietan, eta maiatzaren 24an jarriko dituzte eta ekainaren 6ra arte egongo dira barrakak Bergaran.

Aurten ere, urteetan Bergarara etorri izan diren barrakak jarriko dituzte Matxiategiko eta Fraiskozuriko guneetan. Horietako batzuk Atracciones Sanz enpresarenak dira eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Maria Garmendiak du barraka horietariko bat. Denbora daramatzate Bergarara etortzen, eta aurtengoan Scalextric umeentzako gozagarri den barraka jarriko dute. Bergara uda sasoi luzeko lehenengoetako geltokia izaten da eurentzat, eta beti "erantzun ona" izaten dutela azpimarratzen du. Eguraldiak bere "eragina" izaten duela ere aitortu du, baina lan egiteko "toki aproposa" dela uste du, eta Bergarako jaiak "onak" direla gaineratu du.

Prezio igoera

Aurten barrakek prezio igoera izango dute. Iaz izan zuten prezioekin alderatuz, hamar zentimo garestituko da bidaia bakoitzaren prezioa; beraz, 2,30 euro balioko du itzuli edo bidaia bakoitzak; sei bidaiaren truke, ordea, joan den urteko prezio berbera mantenduko da: 10 euro, hain zuzen ere. Itzuli bakoitzak gutxienez hiru minutuko iraupena izan beharko du, iaz izan zen bezala.

Musikarik gabe barraketan

Joan den urteko Pentekosteetan egin bezala, aurten ere jaietako bi egunetan, maiatzaren 28an eta 29an, 17:00etatik 19:00etara ez da musikarik izango feria-gunean, behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako haurrek ere feriaz gozatu dezaten.

Joan den urtean ekin zioten ekimen horri eta aurten ere jarraipena eman nahi izan diote Udaletik, Gautena elkartearekin adostuta. Era berean, ferien arduradunei eskatu zaie ilara egiten baldin badago premia berezia duen umeren bat lehentasuna emateko.

Jolas-parkea eta antzerkia ere bai

Umeen eta Helduen Egunean, maiatzaren 30ean, jolas-parkea izango dute goizean zein arratsaldean Ipintza II-ko patioan. Euria eginez gero, bertan behera geratuko da. Arratsaldean, berriz, Bidaibizitzen antzerkia egongo da ikusgai txosnagunean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak