Pentekosteetako zuzeneko musikak eskaintza zabala izango du aurten ere. Udalaren eta Xaxau Jai Herrikoien Konpartsaren elkarlanari esker musika eskaintza zabala prestatu dute maiatzaren 26tik 30era. Musikarekin hasiko dira jaiak, eta musikarekin amaitu; tartean, kaleak modu ibiltarian girotuko dituzten elektrotxarangetatik hasita, erromeriak, trap, rocka, euskal musika eta DJak izango dira, bereziki, San Martin plaza, herriko kaleak eta aurten ohiko lekua berreskuratuta Bideberri kalean egongo den txosnagunea girotuko dituzten aukerak. Jarraian, musika zita esanguratsuenak.
ORHI
Txosnagunea / Maiatzak 26 / 22:00
Energiaz beteriko taldeak emango die hasiera aurtengo Penetekoste jaietako musika emanaldiei. Bergarako zein Azpeitiko kideekin osatutako taldeak erritmo lasaiak eta azkarrak uztartzen ditu. Hasiera ezin hobea jaientzat.
DELIRIUM TREMENS
San Martin plaza / Maiatzak 26 / 23:00
Hogeita hamar urteren ostean itzuli ziren eszenatokietara, Hordago lan berria eta guzti. Garai haietako esentzia galdu gabe, Euskal Herriko rock talde historiko horrek gazte zein nagusi diren jarraitzaileen gozamenerako emankizuna eskainiko du jaietako kontzertu garrantzitsuenetakoan.
THE LIO
Txosnagunea / Maiatzak 26 / 00:00
Duela hiru urte sortutako talde nafarrak iaz kaleratutako lau abestiko disko laburra du azken lana: Iraganean preso. 90eko hamarkadako punk doinuak yanki kutsuarekin, rockand-roll zertzeladak, ahots urratuak eta melodia itsaskorrak entzuteko aukera egongo da txosnagunean.
BAD SOUND
Txosnagunea / Maiatzak 26 / 02:30
Euskal Herriko reggae panoramaren klasiko baten txanda iritsiko da jaietako lehen eguneko azken kontzertuan. Bergararren eta jaietara hurbiltzen direnen gorputzak eta kontzientziak dantzan jarriko ditu Irungo hirukoteak.
DJ EDOZER
Txosnagunea / Maiatzak 26 / 04:30
Jaietako lehen parranda amaitzeko edo nahi duenak ordu txikiak arte festan jarraitzeko aukera ezin hobea izango du DJ Edozer-ekin.
J MARTINA
San Martin plaza / Maiatzak 27 / 23:00
Pop elektronikoa lantzen duen talde bizkaitarrak base elektronikoak ahots melodikoekin uztartzen ditu. Gaur gaurkoz, Disko luzerik kaleratu ez duten arren, 2020az geroztik entzun eta famatu egin diren kanta ugari kaleratzen dihardute Euskal Herriko oholtzetan barrena; Efemerideak da euren azken lana, eta nola ez, Bergaran entzungai egongo da txosnagunean.
OLAIA INTZIARTE
Txosnagunea / Maiatzak 27 / 22:30
Oronoztar gazteak emango die hasiera txosnaguneko kontzertuei, jaietako bigarren egunean. Behe klasekoa da, agian, haren lan edo abesti entzunena, baina Bergarara labetik atera berria duenbere azken abestiarekin iritsiko da: Denak begira daudelaik.
ETXEPE
Txosnagunea / Maiatzak 27 / 00:30
Debagoienean sortua, sare sozialetan kantak igotzeari ekin zioten, eta, ordutik, gorakadak ez du etenik. Eli, Axeri eta Fane abeslari eta An2an DJ lanetan dela, musika urbanoa, rapa, trapa eta bestelako doinuak izango dira entzungai Arrasateko taldearen eskutik.
MUTIKO, TATTA & DENSO
Txosnagunea / Maiatzak 27 / 03:00
Jaietako bigarren gaua amaitzeko, bakarkako ibilbidea duten hiru gaztez osatutako taldea, baina ikuskizun bikaina egiteko elkartzen direnak. Denso produkzioan eta Tatta eta Mutiko ahotsetan. Besteak beste, Alesardui, Sativa, Fríoeta beste abesti batzuk dituzte euren lan esanguratsuenen artean.
GOXUA'N SALSA
San Martin plaza / Maiatzak 28 / 21:30
2020. urtean Iruñean bederatzi nafarrek eta sei kolonbiarrek sortutako proiektu berritzailea bezain freskoa da Goxua'n Salsa. Doinu latinoak euskaraz abestuta eta dantzatuta taularatzen dituen taldeak bergararren gorputzak erritmo bizian mugitzen jarriko ditu San Martin plazan.
LAKET
Txosnagunea / Maiatzak 29 / 20:00
Pentekoste asteleheneko klasiko bat da Laket erromeria taldea; txosnagunea dantzan jarriko dute, urtero Bergaran egon izan direnean bezala.
DUPLA
Txosnagunea / Maiatzak 29 / 23:00
Nekazaritza ingurune baten musika urbanoa egiten duen taldea; horrela definitzen du bere burua Duplak. Nahieran da euren orain arteko lan luze bakarra, baina, jasotako kritika onei esker, leku bat irabazi du euskal panorama artistikoaren errebelazio gisa. Alta gama euren azken lana ere entzun ahalko da txosnagunean.
YOGURINHA BOROVA
Txosnagunea / Maiatzak 29 / 01:00
Drag artista laudiarrak hainbat proiektu plazaratu ditu LGTBQ+ edukiak gazteenen artean zabaltzeko helburuarekin, eta urteak daramatza aniztasuna musikaren bidez aldarrikatzen. Beti bezala, mundu guztia dantzatzen eta abesten jartzen saiatuko da Bergaran ere.
BANKAKO MENDITARRAK
Irala kalea / Maiatzak 30 / 13:00
Jaietako azken eguneko bermuta girotzeko, Nafarroa Beheretik etorritako talde horrek girotuko ditu kaleak. Taldekide guztiak artzainak dira, bitxikeria bezala.
TRIKIDANTZ
San Martin plaza / Maiatzak 30 / 20:00
Jaiak behar bezala eta dantza giroan amaitzeko, Bitorianatxoren igoerarekin batera Pentekosteetako azken ekitaldia izango da Trikidantz erromeria taldeak eskainiko duena.
Bestelako kontzertuak
Zerrendatik kanpo ere beste hainbat kontzertu eta emanaldi egongo dira aurten Pentekosteetan. Nola ez, Bergarako Musika Bandak bere presentzia izango du. Jaiak hastearekin bat kalejira egingo dute maiatzaren 26an, 20:00etan hasita; bigarren kontzertua, aldiz, domekan eskainiko dute, Espoloian, hilaren 28an (12:30). Beste emanaldi esanguratsuenen artean egongo dira Joxe Mendizabalen erromeria Seminarixoko karpan maiatzaren 26an (21:30); Gesaltza Fanfarrearekin animazioa herriko kaleetan, maiatzaren 28an (10:00-13:00); eta Joselu Anaien dantzaldi bikoitza Espoloian, egun bat geroago, maiatzaren 29an. Goizean (12:30-14:00) eta gauean (23:00-02:00).