Pentekosteetan izango da kirol hitzorduetan ere non aukeratu eta gozatu. Horietako bat Mokoloblock kale block topaketa izango da. Iaz egin zuten lehenengo aldiz, eta, lehen edizioa arrakastatsua izan zela ikusita, bigarrenez egitea erabaki dute antolatzaileek. Eurek ere ez zuten horrelako arrakastarik espero, eta egitaraua ere horren baitan moldatu zuten: "Oso gustura aritu ginen, bai geu eta baita parte hartzaileak ere. Gainera, herriko jende ugari etorri zen ikustera, eta hori ez genuen inondik inora espero. Horrek ibilbidea eta gure asmoak aldatzea ekarri zuen topaketa aurrera joan zen heinean", dio Mikel Uribesalgok, antolakuntzako eta eskaladako sekzioko kideak.
Bigarren edizio horri begira, 20 eta 25 lagun inguruan elkartuko dira, eta dagoeneko 21 pertsonak eman dute izena; ibilbidean ez da aldaketa askorik izango joan den urtearekin alderatuz. Udaletxean, Santamañan, Seminarixoan eta inguru haietan arituko dira lanean. Era berean, topaketa borobiltzeko asmoarekin "sorpresatxo bat" prestatzen ari direla aurreratu du Uribesalgok. Amaieran, parte hartzaile guztientzat detailetxo bat egongo da.
Izena emango dutenak, normalean, rokodromoan ibiltzen direnak izango dira; hori dela eta, eskaladako sekziotik herriari zerbait emateko "beharra" ikusten dute, eta eguna "jai baten moduan" hartzeko asmoa erakutsi dute.
Eguna egonkortzeko asmoa
Hain zuzen, azken helburu horri lotuta, eskaladako sekziotik ez dute baztertzen Mokoloblock topaketa jaietako egitarautik ateratzea eta beste data batzuetan eguna egonkortzen saiatzea. Hori bai, Uribesalgok aitortu du ikusi egin beharko dela nolako "erantzuna" emateko gai izango diren eurak, eta, posible bada, aurrera egingo dutela ideiarekin.