15 urte bete berri ditu Bergarako jaiak antolatzen dituen Xaxau Jai Herrikoien Konpartsak. Pol Pol tabernak argazki erakusketa bat izan du hilabetez, konpartsaren 15 urteak gogoratzeko, eta txosnagunean ere ikusgai izango dira argazkiak jaietan. Gainera, Xaxauren omenez abesti bat egiteko Bergarako Musika Bandarekin aritu dira lanean. "Bien arteko elkarlana izan da: bandako zuzendari Enrique Txurrukak konposatu du abestia eta Xaxauko kide Aroa Elortzak jarri dio letra", azaldu du Xaxauko Andoni Etxezarretak.
Hurrengo astean zehar plazaratuko dute abestia, eta jaietan ere entzuteko aukera egongo da. Abestia "herria dantzan" jartzeko modukoa da, eta eskertuta agertu dira Xaxauko kideak: "Oso abesti martxosoa da; ska puntu bat ere badauka, eta herria dantzan jartzeko moduko abestia da. Oso pozik gaude, eta eskertuta Enriquerekin".
Ohiko lekura
Aurreko urtean, kaleko obrak zirela eta, azokako parkingean kokatu zituzten txosnak, alternatiba bezala. "Giro polita" sortu zuten arren, Bideberrira bueltatuko dira aurten, ohiko txosna-eremura. "Gune alternatibo bezala Azokako parkingera joan ginen; oso gustura egon ginen eta giro polita sortu zen, baina uste dugu ez zela tokiagatik izan, baizik eta jendeagatik. Aurten azokan obretan hasi dira, eta Bideberrira itzuliko gara" aitortu du Andrea Gonzalezek, Xaxauko kideak.
Eskaintza zabala
Maiatzaren 8an aurkeztu zuen konpartsak "gustu guztietarako" ekitaldiak dituen jaien egitaraua: "Egubakoitzean Bergarako Orhi taldea egongo da, The Lio eta Bad Sound taldeekin batera, eta, gaua amaitzeko, DJ Edozer; zapatuan, gaupasa egin duten argazkiarekin eta elektrotxarangarekin hasiko da eguna, eta gauean Olaia Inziarte eta bailarako abeslariak izango ditugu; domekan, film labur lehiaketa eta urteurreneko brindisa izango dira hitzordu garrantzitsuenak".
"HERRIA DANTZAN JARTZEKO MODUKO ABESTI DA, OSO 'MARTXOSOA'; SKA PUNTU BAT DAUKA"
Aurreko urteko "balorazio positiboaren" ostean, domekan jokatuko da film labur lehiaketaren XI. edizioa. Lau sari banatuko dira; hiru epaimahaiak banatuko ditu: edizio, aktore eta film labur onenaren sariak; eta laugarrena publikoaren saria izango da. Jone Albenizek, Yune Nogueirasek, Jon Olivaresek eta Ione Santamariak osatuko dute epaimahaia. Lana aurkezteko azken eguna maiatzaren 22a izango da.
Berezitasuna
Jaien antolakuntzan laguntzeko, herritarrek osatutako boluntario-sare bat sortu dute, eta Andrea Gonzalezek parte-hartzearekin oso pozik daudela adierazi du: "Jaietan zehar zabalik egongo da sarea gauza puntualak egiteko; eta horiek bukatzean ere mantenduko dugu, sanmartinak antolatzeko. Parte-hartze bikaina izaten ari da, jende asko dago talde barruan".