Herri bazkariek ez dute hutsik egingo jaietan

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 23a, 10:00

Urtero legez, Pentekoste jaietan bergararrak mahaiaren bueltan elkartuko dira indarrak hartzeko. Udalak bi hitzordu antolatu ditu: herri bazkaria eta auzolanean egindako parrillada, hain zuzen. Xaxau konpartsakoek lau otordu antolatu dituzte. 

Pentekoste jaietan klasikoetako bat izaten dira herri bazkariak, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Beste urte batez, mahaiaren bueltan elkartuko dira herrikideak jaietan, indarra hartzeko asmoz. Maiatzaren 29an, astelehenean, izango da jaietako herri bazkari jendetsuena. Kuadrillen Egunean, 14:30ean, herri bazkaria egingo da San Martin plazan, eta Incansables txarangak jarriko du giroa. Aurtengo Pentekoste jaietan hiru menu egongo dira aukeran: orokorra, beganoa eta zeliakoa. Menu guztiak Orioko Euskal Parrillas enpresak egingo ditu eta bazkariko txartelen prezioa hamabost eurokoa izan da. Maiatzaren 5ean jarri ziren bazkariko txartelak salgai, eta dagoeneko agortu dira txartel guztiak; Herri bazkariaren egunean ezinbestekoa izango da QR kodea aurkeztea, inprimatuta edo eskuko telefonoan gordeta edukitzea.

Bestalde, herri bazkarira joan nahi duten eta alergia kasuren bat duten herritarrek Kultura Zerbitzura deitu dezakete (943 77 91 59). Eguraldi txarra eginez gero, San Martin plazan egingo da, eta 700 bat lagunendako lekua egongo da. Horrez gain, Udalak eta Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatuta, herri parrillada izango da jaietako lehenengo egunean, maiatzaren 26an, 20:30ean, Seminarioko karpan.

Xaxauk, lau otordu

Xaxau Jai Herrikoien Konpartsak, berriz, lau otordu antolatu ditu Pentekoste jaietarako. Urtero bezala, presoen aldeko bazkaria egingo da maiatzaren 27an, 15:00etan –Xaxauk eta Gure Artera plataformak antolatuta–. Txartelak Arranon eta Pol-Polen daude salgai; langabeentzat hamar eurotan eta langileentzat hamabost eurotan. Menua honako hau da: entsaladilla errusiarra, piper berdeak, karrillerak eta arroz-esnea.

Hurrengo egunean, maiatzaren 28an, domekan, txomingero bazkaria egingo da. Nork bere jatekoa eramatea da bazkariaren funtsa, eta txosnagunean mahaiak eta aulkiak egongo dira erabilgarri. Norbait goseak geldituz gero, gauean izango du hura asetzeko aukera. Aurten, Txapa Irratikoek arroza prestatuko dute. Urtero talde bat omentzen du Xaxauk, baina aurten ez da horrela izango. Xaxautik adierazi dute aurten ez dela talde omendurik egongo, eta herria omentzea erabaki dute. Horrez gain, aurreratu dutenez, Xaxau konpartsako sorrera bultzatu zuten herritarrak omentzeaz gain, urte hauetan guztietan lanean ibili direnak omenduko dituzte. Afariko txartelak egunean bertan arratsaldean hasiko dira saltzen, zortzi eurotan.

Kontseilu sozialistak bazkaria

Kontseilu sozialistako kideak ere mahaiaren bueltan elkartuko dira Pentekoste jaietan. Maiatzak 27an izango da bazkaria, 15:00etan, Bergarako Plazan. Tiketak eskuragarri daude hamar eurotan Usoa tabernan.

Ikasleek eta erretiratuek ere bai

Jaiei hasiera emateko, maiatzaren 26an, ikasle bazkaria egingo da Seminarixoko karpan, 15:00etan, Ikamak eta Bergarako Neska Gaztiek antolatuta. Txartelak Arranon eta Pol-Polen daude salgai, zazpi eurotan. Bazkalostean, Laino Beltzak taldearen kontzertua egongo da. Bestalde, San Joxepe elkarteko erretiratuek, ohiturari jarraituz, maiatzaren 30ean bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte. Aurten, Menditarrak taldeak alaituko du bazkalostea.

Bakailaoa pil-pil erara

Bergarako jaietako beste hitzordu handietako bat izaten da bakailao lehiaketa. Aurten, maiatzaren 27a egingo da, jaietako zapatu goizean. Urtero moduan, herriko elkarteko gastronomikoetako ordezkariak nor baino nor gehiago arituko dira bakailao plater onena prestatu nahian. Zazpi elkartek eman dute izena –gehienez ere, hamabik har dezakete parte, oinarrien arabera–. Elkarte bakoitzeko bi ordezkari izango dira udaletxeko arkupeetan jarriko duten sukalde inprobisatuan bakailaoa prestatzen. Honako hauek dira aurtengo bakailao lehiaketan parte hartuko duten elkarteak: San Juan, Pertxa, Basalgo, Aizpe, Gure Ametsa, Aizepe eta Danok Bat.

Bi urtez jarraian Pertxa elkarteko kideek irabazi dute lehiaketa. Iaz, Madura elkarteak jaso zuen bigarren saria, eta hirugarren saria, berriz, Aizepe elkarteak. Antolakuntzatik adierazi dutenez, beranduenez, 11:00etarako egon beharko dute elkarte gastronomikoetako ordezkariek tokian. Hori horrela, antolatzaileek jarriko dute sukaldarientzako tresneria: suak, lapikoak, amantalak... Azken horiek, Lacor enpresak emandakoak. Parte hartzaileentzako eta ikusleentzako mokadutxoa egongo da, herriko hainbat okindegiren eta ardotegiren eskutik.

Sari banaketa 13:30ean izango da, San Martin plazan. Bergarako Udalak 110 euro emango dizkio parte hartzaile bakoitzari. Diru horrekin bakailaoa eta hura prestatzeko beharrezko izan dituzten osagarriak erosiko dituzte lehiakideek. Alazne Etxabarrik, Julen Muruamendiaraz eta Unai Agirrek osatuko dute epaimahaia.

Tonbola solidarioa

Tonbola solidarioa, aldiz, maiatzaren 27an izango da, 17:00etatik 21:00etara, eta Ndank Ndank Bergarako Senegalgo lagunen elkarteak antolatuko du, Irizar kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak