Aitor Zengotitabengoa da kartel garailearen egilea

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 19a, 12:03

Aitor Zengotitabengoa, kartelaren irabazlea.

Hiru lan aurkeztu dira aurtengo Pentekosteak iragartzeko kartel lehiaketara, eta horietatik bat kanporatu egin behar izan dute, ez zituelako arau guztiak betetzen; herritarrek aukeratu dute irabazlea beste bi kartelen artean, boto bidez

Aitor Zengotitabengoak eginiko Harri, orri, ar izena duen kartelak iragarriko ditu aurtengo Pentekoste jaiak. Herritarrek bozketa bidez irabazlearen aukeraketan parte hartzeko aukera izan dute; guztira, 191 boto jaso dira webgunearen bidez.

Pentekoste jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketara hiru lan aurkeztu ziren arren, epaimahaiak bat bozketatik kanpo utzi behar izan zuen, oinarri guztiak betetzen ez zituelako. Irudia onargarria izateko, lehiaketako oinarrietan jasotako 5.artikuluak dioenez, nahitaez agertu behar zuen Pentekoste jaiak 2023 Bergara esaldiak; eta aurkeztutako lanetako batek ez du puntu hori bete. Hala, herritarrek eta epaimahaiak biren artean aukeratu dute: Harri, orri, ar eta Aurtengua alaiagoa.

Lehiaketaren oinarrietan jasotzen den bezala, Udaleko Berdintasun, Prebentzio, Komunikazio eta Kultura sailetako ordezkari banak, Jai Batzordeko ordezkari batek eta Bearteko bi kidek osatu dute epaimahaia.

Ezohikoa

"Egia da ez dela ohiko jaietako kartel baten diseinua, baina, nola edo hala, jendeari mezua iritsi zaiola dirudi, agian mezu desberdina izan den arren", aitortu du kartelaren sortzaileak. Zerbait "sinple" eta "antolatuagoa"egitea zen haren ideia: "Baliteke ez izatea inoiz egin den kartel alaiena, baina ez nuen kartel bizi bat egiteko asmorik; egia da ez dela guztiz simetrikoa, baina nahiko sinple egiten saiatu naiz, ordenatuago".

Epaimahaia ere konturatu da kartelak ez dituela betiko ezaugarriak jarraitzen, eta, irudiaren "argitasuna" eta duen "presentzia ozena" goraipatzeaz gain, proposamen "ausarta eta desberdina" dela ere aitortu dute. Gainera, epaimahaiak jaietako pertsonaia nagusia –Bitorianatxo– kartelaren erdian jarri izana nabarmendu du, eta hori, Bitorianatxo zentroan jarri izana, emakumea erdigunean jartzearekin lotu dute.

"Aske eta feminista"

Ez da Aitor Zengotitabengoak irabazten duen lehenengo aldia; 2017an ere izan zen lehiaketan saritua, baina berezia izan da oraingoa, aldarrikapen bat egiteko erabili baitu kartela: "Kartelaren indarra egiten den aldarrikapenean dago, asko gelditzen da borrokatzeko, oraindik jaietan erasoak jasaten dira eta edozein plataforma erabili behar da horren aurka egiteko".

Kartelaren inguruan herritarrek izango zuten erreakzioaren "beldur" zen arren, pozik agertu da lehiaketako irabazle eta, gainera, mezu-zabaltzaile izateagatik: "Hasieran beldur nintzen arren, mezu bat zabaltzea zen nire asmoa, Bitorianatxo erdian jarrita, ez panpina, ez objektu bat; emakume indartsu eta borrokalari bati eskaini diot normalean izaten ez duen tokia. Pentekoste aske eta feministen alde egitea zen ideia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak