Azken orduko aldaketak domekako Udaberri Jaian

Xabier Urtzelai 2023ko mai. 19a, 12:00

Udaberri Jaiko artxibo irudi bat, frontoian.

Bergarako Musika Eskolak prest du domekan 32 urte beteko dituen Udaberriko Musika Jaia. Aurrera begira jai hori Musika Eguna bihurtzeko asmoa dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Eguraldi txarra egingo duela-eta, antolatzaileek aldaketak egin dituzte egitarauan –Goiena paperean lehengo egitaraua dator–. "Eguraldi txarrari, aurpegi ona!", adierazi du Marije Ugaldek.

Domekan egingo dute Bergarako Musika Eskolak antolatzen duen Udaberriko Jaia, helburu garbiarekin. "Bergaran jende asko dago musikaren bueltan ibiltzen dena, musika-zale asko dago, musikari asko, eta garai bateko giroa errekuperatu nahi dugu eta musikaren gaineko jai bat egin. Izan ere, egun hau sortu zenean, duela 32 urte, modu batera edo bestera baina jai hartan Bergarako eragile askok hartzen zuten parte. Baina, gero, urruntze moduko bat egon zen, jaia Eskolarena izatera pasa zen arte. Bada, pandemia aurretik ere bagenuen asmoa garai bateko giro hura errekuperatzeko, denak batzeko", adierazi zuen ekitaldiaren aurkezpenean Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek: "Horrenbestez, etorkizunean jai hau Musika Egun bilakatzeko lehenengo pausoa izango litzateke. Horregatik gonbidatu ditugu Aritzetako lagunak, Bergarako Orfeoikoak, Bandakoak, Orkestrakoak... Jai honetan berriz ere denok har dezagun parte".

Aldaketak egitarauan

"Eguraldi txarrari, aurpegi ona", horixe adierazi dute antolatzaileek gaur, egubakoitza, bidali duten prentsa oharrean. Eta bertan, domekan eguraldi txarra tarteko egitarauan egingo dituzten aldaketak zehaztu dituzte. 12:00etan herriko plazako arkupetatik abiatuta, kantu jira txiki bat egingo dute trikitilari, perkusiojole, akordeoijole , gitarrajole, Aritzeta abesbatzakoek, eskolako abesbatzakoek, gurasoek eta nahi duten herritarrek. Eta, zehaztu dutenagatik, ibilbidea euriak baldintzatuko du.

13:00etan, berriz, San Pedro elizan elkartuko dira, eta kalean egitea aurreikusten zituzten emanaldiak bertan egingo dituzte, kontzertu formatoan. Herriko txistulari bandak dantzariekin, Eskolako Gazte bandak eta Bergarako Bandak, Eskolako Orkestrak eta Bergarako Orkestra Sinfonikoak, trikitilari eta panderojoleek, Suzuki eta bibolinjoleek, eskolako abesbatzek eta Aritzeta abesbatzak hartuko dute esku emanaldi horretan, eta amaieran, denek elkarrekin eta ikusleen laguntzarekin, bi kanta egingo dituzte: Idoia Asurmendiren Viejo refranero eta Urretxindorrak-en Aitorren hizkuntz zaharra kantuak interpretatuko dituzte. Eta, hain zuzen, herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte: "Musika Eskolatik plazara bertaratzen direnei gonbidatzen ditugu kantuan egitera; aski ezagunak diren abestiak dira horiek eta halakoetan giro polita sortzen da", adierazi zuen Leire Ugarte irakasleak. Jakin, gainera, herri bazkaria bertan behera geratu dela, jende gutxik eman duelako izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak