Honako ekintza hauek antolatu dituzte: suziria botako dute herriko plazatik (12:00); jarraian etorriko dira trikitilari eta buruhandiekin kalejira, aurpegi margotzea, zaldia eta zalduna jolasa eta laranja dantza (12:00-13:30); herri kirolak eta euskal dantzak (13:30-14:30); bazkaria seminarioko karpan (14:30); institutuko ikasle den Bingen musikariaren kontzertua, bingo musikatua eta irrintzi eta mus txapelketak (21:00ak arte); eta, jaiarekin amaitzeko, Mugi Panderoa taldearen erromeria antolatu dute San Martin plazan (22:30-00:30).
300dik gora lagun bazkaltzeko
Prestaketa lanetan murgilduta ibili dira azken hilabeteotan urteurreneko jai batzordeko kideak. "50. urteurrena ospatzeko eta urte hauetan guztietan komunitate honetako parte izan den jendea festa baten bueltan elkartzeko antolatutako jaia da", azaldu du institutuko irakasle eta jai batzordeko kide Miren Gisasola Urzelaik. "12:00etan emango diogu hasiera suziriarekin plazan eta hortik aurrera gorputzak aguantatzen duenera arte!".
Bazkaria seminarioko karpan izango da eta 300dik gora txartel daude salduta. "Bazkalostean ekintza ugari egongo dira eta horiek guztiak parte hartze irekikoak izango dira; beraz, gerturatu dadila jendea beldurrik gabe!", esan du.
Ikasleen artean sumatzen duen ilusioa eta gogoa azpimarratu ditu Gisasolak. "Ikastetxeko hogei bat trikitilari elkartu gara goizeko ekintzetan jotzeko. Gainerako ekintzetarako ere laguntza eskatu da eta ikasleen erantzuna handia izan da. Hori oso aberasgarria da".