Mikel Lete alkategaiaren arabera, "ilusioa eta lan egiteko gogo handia" ikusi dute herriko eragileen aldetik: "EAJk babes osoa eta bultzada emango dio ilusio horri; Bergarak bere nortasunean txertatua du kultura, eta taldeek euren jarduerak elkarlanean gauza ditzaten espazio duin bat izatea ezinbestekoa da, eskaera historikoa baita. Posible da, eta elkarlanean errealitate bihurtuko dugu".
Gainerako proiektu nagusiak
Programako beste lerro nagusien berri ere eman dute jeltzaleek asteon: Arin eguneko zentroko zerbitzua zabaltzea; bereziki gazteei begira babes ofizialeko etxebizitzetarako eta alokairurako diru-laguntzak indartzea; Agorrosin futbol zelairako bigarren eta hirugarren faseak egin eta Ipintzako zelaia berritzea; urte luzez eskatu izan duten Simon Arrieta plaza berriro urbanizatzea; Martokoa eta Labegaraieta auzoak berriro urbanizatzeko proiektuak garatzea; Udalaren esku dagoen bidegorri sarea amaitzea; "eta azken agintaldian erabat utzita egon den landa-eremuko auzoen egoera hobetzea".
Honako hau adierazi du Letek Agorrosingo proiektuaren inguruan: "Agorrosin eremuko bigarren eta hirugarren faseak egiteke daude eta baita Ipintzako zelaiaren lur aldaketa ere. Behin Labegaraietako eremua amaituta, garrantzitsua eta beharrezkoa da Agorrosineko kirol esparruaren berrikuntzarekin jarraitzea eta horretarako gure konpromiso osoa azaltzen dugu".
Udal Gobernuan egongo balira Simon Arrieta plaza berriro urbanizatuko dutela diote: "Azken urteetan aritu gara plazaren egoera txarra salatzen. Euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta arriskutsua da oso. Ez du irisgarritasuna bermatzen. Ezinbestean eman behar zaio irtenbidea".
Martokoa eta Labegaraieta auzoak berriro urbanizatzea eta bidegorri sarea amaitzea ere proposatu du EAJk, eta honako hau gaineratu dute landa eremuko auzoei begira: "Lehentasuna emango diogu landa eremuko beharrak asetzeari. Azken agintaldian erabat utzita egon dira eta EAJko taldekideek argi dugu bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko lan egingo dugula gogor. Beraien beharrak asebete eta elkarlanean egoerak hobetzen saiatuko gara".
Amaitzeko, Udal Gobernutik beste modu batera lan egiteko beharraz ere mintzatu da EAJko alkategai Mikel Lete: "Gertutasunean oinarritutako gobernantza behar du Bergarak. Elkarlana, elkarbizitza, entzute aktiboa eta gertutasuna ardatz dituena. Herritarrak entzun eta bizikidetzaren aldeko pausoak emateko garaia da".