Elkarrekin Bergarako alkategaia zara. Baina, nor da Andres Diez?
Donostian jaioa naiz, duela hirurogeita bost urte, baina, Bergaran bizi izan naiz. Union Cerrajeran egin dut lan, eta berrogei urtetik gora gure herriko postetxean aritu naiz lanean.
Nola definitzen duzu zeure burua ideologikoki?
Ezkerreko pertsona bat naiz, beti lan egin izan dudana berdintasunaren eta herritarren gizarte eta lan-baldintzen alde. Ez da sekretua Euskadiko Alderdi Komunistako militantea naizela.
Egunerokoan, nolakoa da zure bizimodua?
Oso pertsona aktiboa naiz, ez naiz geldi egotekoa, eta orain, erretiroa hartu berri dudanez, denbora gehiago dut nire konpromiso sozialetarako eta zaletasunetarako.
Zein da Bergarako zure txoko gogokoena?
Alde zaharretik paseatzea gustatzen zait, batez ere, gauez edo jende gutxirekin; eraikin historiko bakoitzak dituen ñabardurak aztertzea gustatzen zait.
Zer egitea gustatzen zaizu zure aisialdian?
Uff! Polifazetikoa naiz. Mendizaletasuna eta barrankismoa gustatzen zaizkit, armak eraikitzen ditut eta errekreazio historikoetan parte hartzen dut. Fosilen eta mineralen bildumak ere egiten ditut, eta, batez ere, xakea dut gustuko. 50 urte baino gehiago daramatzat Bergara ordezkatzen Xake Taldearekin.
Zer esango zenuke dela gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Kulturalki herrian dugun giro anitza eta aberatsa gustatzen zait. Eta gustatzen ez zaidana eta pena handia sentitzen didana da, herrian izan dugun desegite industriala.
Zergatik aurkezten zara udal hauteskundeetara? Nork animatu zaitu?
Ez da erabaki pertsonal bat, nik gustura onartu dudan proposamen kolektibo bat baizik. Hala ere, gure herria bere alderdi guztietan hobetzen laguntzeko animatu naiz hauteskundeetara, alkategai gisa. Hala, urratsa ematera IUko nire lankideek animatu naute, eta eskerrak eman nahi dizkiet nigan jarri duten konfiantzagatik; espero dut hutsik ez egitea.
Etxean nola hartu dute zure erabakia?
Etxean ez die batere harritu nire erabakiak. Betidanik arlo sozialean eta politikoan inplikatua izan den familia batetik nator.
Ondo ezagutzen duzu udaletxea, izan ere, zinegotzia izan zinen Bergarako udalean. Herriak aldaketa bat behar du? Zer egingo du Elkarrekin Bergarak?
Zinegotzi izan nintzen duela zenbait agintaldi arazo eta egoera desberdinekin, baina gauza bat argi dago: udalak herritarren iritzia eta parte-hartzea behar ditu bere arazoak konpontzeko. Elkarrekin Bergarak lan eta ahalegin handia egingo du ildo horretan.
Nolakoa da aurkeztu duzuen taldea?
Hainbat sektoretan inplikatutako jendea gara, herriaren arazoak ezagutzen ditugu eta konponbideak partekatzen ditugu.
Zeintzuk dira Bergararen egungo beharrak? Zein da herriaren behar nagusia? Zer aldatuko zenuke?
Bergarak hainbat behar ditu, etxebizitza soziala, aparkalekua, enplegua..., baina, batez ere, herritarren parte-hartzea behar dugu udal-kudeaketan.
"Premiazko gai bat konpondu behar dugu, Larramendiko industrialdean jarri nahi den paper industrialeko erraustegia"
Hauteskundeez gain, ba al dago Bergaran une honetan ahoz aho hitz egiten ari den gairik?
Bai, premiazko gai bat konpondu behar da: Larramendiko industrialdean jarri nahi den paper industrialeko erraustegia. Aurrez aurre errefusatzen dugu osasun publikoaren aurka doan edozein instalazio.
Zeintzuk izango dira Elkarrekin Bergarak ezarri nahi dituen hiru proiektu nagusiak hauteskunde-programan?
Alokairuko etxebizitza sozialak, Bergarako auzoek egindako eta kudeatutako aurrekontuak eta enplegua.
Zer esango zenioke botoa ematera joango den herritar horri?
Aukera bakoitzak defendatzen dituen interesei erreparatzea, ez baita gauza bera ezkerra eta eskuina, eta gure leloak dioen bezala, zure herria da, ez da zure negozioa.
Alkate izendatzen bazaituzte, zein izango da egiten duzun lehenengo gauza?
Herriko kolektiboak biltzea, herritarren parte-hartzeari eta kontrolari buruzko araudia egiteko.
Udal hauteskundeetarako zein da zure kiniela? Zein izango da Bergarako emaitza?
Normala denez, nire kiniela emaitzarik onena ateratzea da, eta, ahal bada, hauteskundeak irabaztea.