Elosua auzoko Gorla inguruetan dagoen Altzasu elkartea bertatik bertara ezagutzen ez zuenari harrigarria egingo zaio 2023an halako gastronomia eta mendi elkarte bat funtzionamenduan ikustea. Harrigarria delako kokapena bera eta Altzasuren tamaina erraldoia, eraikinari berari eta inguratzen duen belardiari dagokionez. Bereziki eguraldi ona egiten duenean ikusgarria da Altzasuk duen itxura.
Debagoieneko gastronomia elkarte handiena da, eta, seguruenik, Euskal Herriko handiena ere izango da, elkarteko gaur egungo presidente Gotzon Arzelusen arabera: "Euskal Herria txikia da eta, aldi berean, handia. Elkarteen barruan eta azpiegitura aldetik ez dugu ezagutzen Altzasu baino handiagoa den elkarterik; elkarte batzuek izango dituzte bazkide gehiago, baina azpiegitura aldetik guk, behintzat, ez dugu hau baino handiagorik ezagutzen".
Beste garai eta gizarte eredu baten ondorio da halako azpiegitura bat auzolanean altxatu eta auzolanean mantentzearena. Jakinekoa da gaur egun elkarte gastronomikoak oso urrun daudela 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bizi zituzten garaietatik, eta Altzasu ez da salbuespena. Hala ere, egun dituen 200 bazkideekin, bizirik dago Altzasu; horregatik egon da GOIENA gaur egungo presidentearekin, Altzasuren urrezko garaiak gogoratzeaz gain etorkizunera begira ere jartzeko.
Hasierako asmoa, hiru eraikin
1964ko ekainaren 17an eratu eta 1964ko abenduaren 28an legeztatu zen irabazi asmorik gabeko Altzasu gastronomia eta mendi elkartea, eta 1968an hasi ziren eraikina egiten. Halako tamainako egitasmo bat gauzatu izana Bergarako lagun talde sortzaile bati zor zaio. Lagun talde hark mendia eta gastronomia batuko zituen elkarte bat sortzeko asmoa zuen, Gorla inguruan, eta, horretarako, Altzasu izenez ezaguna zen eremuan –hortik datorkio elkarteari izena– lurrak erosi eta eraikin bat egiteko proiektua landu zuten. Lagun talde haren asmoak nolakoak ziren imajinatzeko, bitxikeria moduan kontatzen du Arzelusek beste bi eraikin egiteko asmoa ere bazegoela: "Ez dakit esaten Altzasu moduko tamainakoak izango ziren, baina hasierako talde hark beste bi eraikin ere proiektatu zituen... Guztira, hiru eraikin izan behar ziren; itzela da. Azkenean, bakarra altxatu zen, oso handia dena eta makina bat lan ematen diguna".
1960ko hamarkadan gaztaro betean zegoen Bergarako lagun talde sortzaile baten lanari esker altxatu zen Altzasu. Gorla inguruan gastronomiaz eta mendiaz gozatzeko elkarte bat sortu nahi zuen lagun talde hark, eta abentura abiatu zuen 1964an; urte hartan eratu eta legeztatu zen elkartea. Altzasu izenez ezaguna zen eremuan lurrak erosi –elkarteari izena eremutik datorkio– eta eraikina egiten hasi ziren. Lagun talde haren hasierako asmoetan zegoen guztira hiru eraikin egitea, baina, azkenean, bakarra egin zuten; gerora, proiektuaren bideragarritasun ekonomikora begira, jende gehiagori eman zioten sartzeko aukera. Ordutik, pasatu dira belaunaldi batzuk, Altzasu elkartea zaintzen eta hobetzen joan direnak.
Beste testuinguru baten eraikia
Argi dagoena da Altzasu elkartea beste testuinguru eta gizarte eredu baten altxatu zela. "Gizartea oso ezberdina zen duela 50 urte eta ukaezina dena da erabilera aldetik asko jaitsi dela. Hasierako urteetan Altzasu elkarte huts bat baino askoz gehiago zen; esan daiteke herri-ekintza gune bat zela. 1970eko hamarkadako kanpaldiak, mendi irteerak, dantza taldeen erakustaldiak... Oso dinamikoa zen Altzasu, eta hori galdu egin da. Egia da erabileraren gainbehera hori ez zaiola Altzasuri bakarrik gertatu, orokorra dela elkarte gastronomikoetan; gizarte indibidualistagoa gara eta kolektiboari trukean ezer eskatu barik emate hori galtzen ari da. Elkarteek bizi duten gainbehera bada gizarte honen isla".
Urteroko ekintzak
Garai bateko erabileratik urrun badago ere, badira urtero antolatzen dituzten ekintzak. Urtean egun batez elkartea itxi egiten da eta bazkideak ezin dira joan, Mizpirualde egoitzako egoiliarrek erabiltzen dutelako. Umeen Eguna ere antolatzen dute, askotariko jolasekin, eta azaro partean Gaztaina Erre Eguna ere ospatzen dute –elkartean dauden danbolinetan 40 kilo gaztaina erretzera heldu izan dira–. Horrez gain, zuzendaritza taldekoak duela urte batzuk egiten zen mendi-irteera eta osteko garbantzu-jana berreskuratu nahian dabiltza.
Bestalde, bereziki zuzendaritzan dagoen taldeak badu ohitura noizean behin mantentzera begira auzolanerako deialdia egiteko, Arzelusek aipatu duenez: "Duela 50 urte auzolana oso barneratuta zegoen gizartean eta hori ere galdu egin da, hein handi baten. Hala ere, esan dezakegu Altzasun mantentzen dugula ohitura hori, beste neurri baten bada ere. Kanpoko belardia, esaterako, auzolanean mantentzen dugu; argi daukat auzolanerako ohitura hori mantenduko ez balitz elkartea beste egoera baten egongo litzatekeela. Urte luzez sekulako lana egin da hemen, bazkide batzuek ordu asko sartu izan dituzte; saiatzen gara bide horri eusten, Altzasurentzat ezinbestekoa delako. Altzasu osasuntsu badago gaur egun, aurrekoek hasitako bideari eutsi diogulako da, neurri handi baten".
Mendi elkarte baten "onurak"
Arzelusek, bestalde, Altzasu gastronomia elkarte bat izateaz gain mendi elkartea ere badela azpimarratu du: "Gorlako inguru honetan beste elkarte batzuk ere badaude, eta horiek guztiek komunean dute mendi elkarteak direla. Denok edo gehienok ezagutzen ditugu kaleko elkarteak; kaleko elkarteek inprobisatzeko aukera ematen dute. Mendi elkarteek ez dute, akaso, inprobisatzeko aukera hori ematen, baina naturarekin eta mendiarekin harremana eta askatasuna eskaintzen dute. Abiadura izugarri azkarrean bizi garen garaiotan, edozein mendi elkartek geratzeko eta erlaxatzeko aukera ematen du; nik neuk gero eta gehiago baloratzen dut hori".
Bazkide berriei zabalik
Gaur egun, 200 bat bazkide ditu Altzasuk, eta, Arzelusen arabera, ateak zabalik dituzte bazkide berriendako: "Lekua badago, eta asko gustatuko litzaiguke jende berria batzea. Dagoen formatua dauka, dagoen lekuan dago eta baldintzak direnak dira, baina gu deseatzen gaude jende berriari ongi etorria egiteko". Bazkide berriek 1.200 euroko sarrera kuota ordaindu behar dute –ordainketa zatika egiteko aukera dago– eta hileko kuota 25 eurokoa da; erretiratuendako hileko kuota 13 eurokoa da. Horrez gain, aparteko 30 euroko kuota bana ere ordaintzen dira uztailean eta abenduan. Interesa duenak mezua bidali dezake altzasu@altzasu.com helbide elektronikora, eta erabakia hartzen laguntzeko zuzendaritzako taldekoak prest daude interesa duen horri bisita gidatu bat egiteko bertatik bertara: "Elkartearen funtzionamendua azalduko dizugu eta instalazioak erakutsiko dizkizugu, konpromisorik gabe. Familiarekin etor zaitezke, haiek ere Altzasuz goza dezaten. Kafea, gure kontu".
Erabilera arauei dagokienez, bikotekideak bazkidearen erabilera eskubide berberak dauzka eta bazkidearen adin nagusiko seme-alabek ere bai; baldintzekin izan arren, badute erabiltzeko aukera. Gainera, mahaiak Internetez erreserbatzeko aukera dago, aldez aurretik bertaratzeko beharrik gabe. "Ni neu Altzasun sartu nintzenean emazteak estreinatu zuen elkartea [Barre]. Ez du zentzurik elkarte bat izateak gero ez bada erabili behar; denoi interesatzen zaigu Altzasu ahalik eta gehien erabiltzea. Egia esan, igarri dugu gazteen artean badagoela hutsune bat, baina elkartea erabiltzen da".
Azpiegitura erraldoia
Instalazioek eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrenda luzea da oso: lau paella-ontzi, bi erretegi, kanpoan jateko terrazak –badira lau terraza handi, gutxienez–, dutxak, umeendako ziburu berrituak, helduendako telebista-gela, umeendako telebista-gela, barruko frontoia, saskibaloi kantxa, kanpinerako eremua, hamabi lagunendako logela –literak–, belardi zabala kanpoan jateko mahaiekin... 300 lagunendako edukiera izanik, askotariko ekitaldi handiak antolatzeko aukera ere ematen du.