Gorka Artola: "Garai baten ezagutu zen Bergara bizia berreskuratzen jarraitu nahi dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 10a, 07:01

Gorka Artola, atzean Laboratorium museoa duela.

EH Bilduren alkategaia izango da bigarrenez Gorka Artola (Bergara, 1989). Automozioko teknikaria, Haur Hezkuntzako hezitzailea eta Lehen Hezkuntzako irakasle izandakoa, Udalean sartu aurretik lanbide heziketako irakasle bezala ari zen lanean. Zaletasun moduan ditu autoak eta mekanika, "trasteatzea orokorrean", eta baita bidaiatzea ere: "Bizikletan, furgonetan... Lekuak eta batez ere jendea ezagutzea ederra da".

Zergatik erabaki duzu zerrendaburu aurkeztea bigarren aldiz?

Lau urte hauetan martxan jarri dugun Bergara hobe baterako proiektuan sinisten dudalako, eta herri-proiektuetan gertatu ohi den bezala legealdi bat motz geratzen delako oinarriak ezarri eta garatzeko. Konprometituta nago Bergararekin, eta EH Bilduren Bergarako mahai politikoak proposamena egin zidanean, ardura horretatik erronkari heltzea erabaki nuen.

Nolako urteak izan dira alkate moduan egin dituzunak?

Denok dakigu baldintza zailak izan ditugula 2020tik aurrera, baina erronka ere izan da. Egoera ez-ohikoa bizi izanda ere, agintaldirako jarri genituen helburu gehienak bete ditugu edo betetze bidean dira. Pozik nago gobernu taldeak egindako lanarekin.

Aita ere izan berri zara… Horrek eragin du zure erabakian?

Berriz aurkeztu edo ez erabakitzerakoan egoera eta ardura berriek sortzen dituzten baldintzak kontuan izan ditut, baina, beharbada jarraitzeko arrazoi bat gehiago ere izan da: niretako herrigintzari zentzua ematen diona ondorengoei uzten diegun herria hobea izan dadin bilatzea da. Duela lau urte ardura kolektiboagatik hartu nuen alkategai izateko erabakia; orain, kolektiboaz gain, semearekiko dudan ardurak ematen dio zentzua lanari.

"Martxan jarri dugun herri proiektua loratzen ikusteko sasoia izango delakoan nago, mimoz landu ditugun proiektuak martxan jartzeko garaia; hori ikusteak ilusio handia egiten dit"

Zertan dira ezberdinak duela lau urteko Gorka Artola eta gaur egungoa?

Lau urte hauetako jardunak ezagutzen ez nuen beste Bergara bat ezagutzeko aukera eman dit, hamaika aurpegi dituena. Eta hori herritarrekin eta herriko eragileekin egindako harremanari eta elkarlanari esker izan da. Asko ikasi dut, oro har, jendearengandik eta oso esperientzia aberatsa izan da. Uste dut urte hauetako eskarmentuak aukera eta baliabideak eman dizkidala aurrerantzean hobeto lan egiteko. Egin ditugun partaidetza prozesuek, Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategikoaren prozesua, Arrizuriagakoa, Ehundu bera, eragileekin egindako bilerak izan dira horretarako funtsezkoak, eta baita egunerokoan herritarrekin izandako harremanak ere. Lau urtetako entzuketa aktiboaren bitartez asko ikasi dut.

Nolakoa zara, oro har?

Langilea, konprometitua, entzuten saiatzen dena, enpatizatzen duena eta hitzezkoa.

Ideologikoki nola definituko zure burua?

Talde bezala eta aurrera eraman ditugun politikak gizarte justu, aske eta berdinzaleago bat izan dute helburu eta sustatu ditugun balioak aintzat hartuta, ezkerraren balioak direla nabarmena da; hala nola, justizia, askatasuna, elkartasuna, berdintasuna, integrazioa, gardentasuna, ekologismoa... Pertsonalki ezkerreko korronte ezberdinetatik edan eta osatu dut nire pentsaera. Eta abertzalea naiz.

Bigarren agintaldi baten alkate izango bazina, zerk erakartzen zaitu gehien? Bertigorik sentitzen duzu oraindik?

Alkate izatea erantzukizunetik bizi dut, baina bertigorik izatekotan pasa nuen duela lau urte. Agintaldi berria martxan jarri dugun herri proiektua loratzen ikusteko sasoia izango delakoan nago, epe ertain-luzera begira mimoz landu ditugun proiektuak martxan jarriko den garaia. Hori ikusteak ilusio handia egiten dit.

Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?

Saiatzen naiz, baina nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diot iturri ezberdinak kontrastatzeari, adibidez. Sare sozialen bidez jasotzen dut gaur egun egunerokoaren berri gehien.

Zein da Bergarak gaur egun duen premia nagusia?

Etorkizunean izango ditugun erronkei begira antolatzea eta baliabideak horretara bideratzea. Asmo horrekin garatu dugu legealdi honetan Plan Estrategiko Jasangarria eta identifikatuta ditugu datozen urteetan Bergara bizigarriago bat egiteko ekintza eta neurriak. Ingurumena, bertako garapen ekonomiko jasangarria, zaintza-beharrak, energia, mugikortasuna... Funtsean, bergararrak beren herrian ondo bizi daitezen baliabideak jartzea.

Zer eman diezaioke EH Bilduk herriari, premia horri aurre egiteko? Ze proposatzen duzue nagusiki?

Martxan jarritako bidean jarraitzea, bakoitzak bakarrik erantzun ezinak diren erronkak izanik, Udaletik martxan jarritako Ehundu bezalako ekimenen bidez modu kolaboratiboan aurrera eramateko bideak topatuz.

Zer da Bergarako ezaugarrietatik gehien gustatzen zaizuna?

Gero eta gehiago gustatzen zait herri bezala dugun tamaina: elkar ezagutu, elkartu, ehundu eta batera lanketa komunitarioa errazteko beharrezko konfiantzak sortzeko aukera ematen duen komunitate txikia da Bergara. Eta, aldi berean, nahikoa handiak gara proiektu aberasgarrietarako beharrezkoa den eragile eta norbanako aniztasuna izateko, antolatu eta koordinatu baliabide egokiak lortzeko.

Zer azpimarratuko zenuke ondoan duzun taldetik?

Aniztasuna eta ilusioa. Agintaldi honetan lortutako eskarmentua eta sekulako grinez datozenen freskotasuna uztartzen ditu.

Hauteskunde programatik ze neurri, erabaki edo lan-ildo nabarmenduko zenuke?

2019an hasitako bideari jarraipena emango diogu. Gure helburu estrategikoa da bergararrak euren herrian ondo bizi daitezen baldintza duinak izatea. Eta gure asmo nagusia da garai batean ezagutu genuen Bergara bizia berreskuratzen jarraitzea. Horretarako, eta proiektu zehatz batzuk aipatzearren, aipatuko nuke Arrizuriagako kultur proiektua, Bergarako kultura ekosistema elikatzea eta berritzea helburu izango duena, askotariko kultura espresioentzat espazioa izango duena. Horrekin lotuta, eraikina partekatuko dutelako, emakumeentzat espazioa, mugimendu feministarekin elkarlanean gauzatuko dena. Miguel Altuna zaharra, Elementala zena, udal jabetzakoa izan dadin egindako lan guztia eta gero, erabilera posible batera bideratzea. Labegaraietako kiroldegi pareko kantxa estaliko dugu, taldeek gune estali berri bat izan dezaten, eta auzoak espazio berri bat irabaz dezan. Zaintza modu komunitarioan landuko dugu, erronka handia dugu arlo horretan gizarte bezala. Etxebizitzarako sarbidea erraztea izango da beste lan ildo bat. Eta energia burujabetzarako urratsak ematen jarraituko dugu. Horiekin batera, azokan lehen sektorea indartuko duen proiektuaren loratzea; landu den herri hezitzailearen ikuspegia eremu guztietan txertatuz joatea; Martokoa eta Osintxun biziberritze urbanoari ekitea...

Gobernatzeko eredu berri baten sinisten duzula diozu. Zeintzuk dira horrela lan egitearen abantailak? Eta zeintzuk desabantailak?

Gobernatzeko eredu berri batean sinisten dugu, eta praktikan jarri dugu. Beste administrazioekin, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean aritzeak aberastu egiten ditu proiektuak, gertuagokoak eta errealagoak bihurtu; elkar entzutetik elkar ulertzea dator. Administrazioaren erritmoak dira zailtasun askotan, administrazioak ere eredu berrietara egokitzen joan behar dira.

"Aniztasuna eta ilusioa azpimarratuko nituzke ondoan dudan taldetik; eskarmentua eta sekulako grinez datozenen freskotasuna uztartzen ditu"

Aisialdia zertan ematen duzu? Zer egitea gustatzen zaizu?

Azkenaldian denbora librea familian pasatzen saiatzen naiz eta lagun artean tarte bat ematea beti eskertzen dut, edozein dela plana ere.

Zein da Bergarako zure txokorik gustukoena? 

Elosumenditik Hirukurutzeta alderako pagadiak beti izan ditut gustuko, leku lasaiak eta bertako basoa disfrutatzeko aukera ematen diguten inguruak.

Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Bergararrek elkarlanerako eta bakoitzak bere alea jartzeko duten prestutasuna. Gutxien beharbada, eta joera orokorrari jarraituta, gure berezko izatea galtzea ekarriko lukeen indibidualismoak har lezakeen tokia.

Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Uste dut kanpotik, eta herria ezagutzen ez duenak, bertara gerturatzen denean ondare handia duen herria ikusten duela, polita dena. Bertan murgiltzera gonbidatuko nuke; izan ere, hori izan bada, baina hori baino askoz ere gehiago da. Bisitaria eskuak zabal hartzen dituen herria da Bergara; ekintzailea, kulturan aberatsa, ikusi besterik ez dago zenbat ekoizpen egiten den, zenbat musika talde dagoen…

Zer uste duzu gertatuko dela maiatzaren 28an?

Ezin asmatu. Argi dudana da nirekin aurkezten den taldea gobernatzeko osatu dugula eta hori dela gure anbizioa, eta horretarako beharrezko bozkak izan behar ditugula maiatzaren 28an. Hauteskunde zarata hasi denetik hurbildu zait jendea, gutxien uste nuena ere, agintaldi honetan egin dugun lanari balioa emanez eta esker ona adieraziz; esker on mezu horiek bozka bihurtzea da orain behar duguna, egiten ari garen lanari jarraipena emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak