Zeinek konbentzitu zintuen EAJko alkategai izateko? Zergatik eman zenuen baiezkoa?
Alderdiaren barruan sortu zen taldea zerrenda osatzeko. Nire lan egoera aldatu egin da eta animatu egin nintzen herrigintzan jardutera, Udaletik.
Zerk ematen dizu bertigo gehien? Eta zerk erakartzen zaitu gehien?
Ez dakit bertigoa den, baina ekarriko duen ardura handia izango da. Hala ere, konpromiso osoa azaltzen dut Bergararen alde lan egiteko Udaleko arduretatik.
Lehenengoz aurkeztu zara alkategai... Hala ere, Udaleko funtzionamendua ezagutzen duzu, ezta?
Bai, urte askotan zehar jarraitu dut udal politika gertutik, eta elkarlanean aritu izan naiz gure alkateekin eta zinegotziekin. Gainera, Antzuolan ere zinegotzi izan nintzen lau urtez.
Nolakoa da, oro har, Mikel Lete?
Pertsona normala, abertzalea, euskara maite duena, tratuan hurbila dena eta beti laguntzeko prest egoten dena.
Aisialdia zertan ematen duzu? Zer da egitea gustatzen zaizuna?
Mendiko bizikletan ibiltzea, naturan paseatzea, irakurtzea, bidaiatzea...
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?
Bai, noski. Irratia entzuteko eta egunkaria irakurtzeko ohitura handia daukat, baina gero eta gehiago sareak erabiltzen ditut informatzeko.
"Ilusioz lan egiteko prest dagoen taldea gara; programan sartu ditugun proiektuek ongizateari eta kulturari emango diote bultzada nagusiki"
Zein da Bergararen premia nagusia?
Nire ustez, premia handiena edo betebehar nagusia da bergararrek bizitza kalitate ona izatea. Bakoitzak bere bizi-proiektua aurrera eramateko aukera izan dezala.
Zer eman diezaioke EAJk Bergarari premia horri aurre egiteko? Zer proposatzen duzue nagusiki?
Ilusioz lan egiteko prest dagoen taldea gara, alderdiaren laguntzarekin, bergararren bizitza kalitatea ona izan dadin. Programan sartu ditugun proiektuek ongizateari eta kulturari emango diote bultzada nagusiki.
Programa horretatik ze neurri, erabaki edo lan-ildo nabarmenduko zenuke?
Bergararren ongizatea eta zaintza bermatzea, sustapen eta garapen ekonomikoa bilatzea, Miguel Altuna zaharra –elementala moduan ezagutzen dena–kultura ekipamendu bihurtzea, auzoekin elkarlana indartzea eta herri jasangarria izateko lanean jardutea, besteak beste.
Alkate izendatzen bazaituzte, zein izango da egingo duzun lehen gauza?
Lehen gauzetako bat izango da udaletxeko langileekin elkartzea eta haien nahiak eta beharrak ezagutzea.
Entzute ariketan aritu zarete azken asteotan. Nolakoa izan da esperientzia? Zein da atera duzuen ondoriorik garbiena?
Esperientzia oso aberasgarria izan da, asko jaso dugu ariketa horretatik. Ondorio garbiena izan da eragile, talde eta landa auzo oso dinamikoak ditugula eta haiekin benetako elkarlana sustatu behar dela.
Zein da Bergarako txokorik gustukoena?
Gorla ingurua.
Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Bergararrak, hasteko. Horrez gain, mendiz inguratuta dagoela eta irteerak egiteko ematen dituen aukerak ugariak direla. Gutxien gustatzen zaidana da herriko kaleetako paretak pintadez eta pankartez josita ikustea.
"Udal Gobernuak ez du etorkizunerako proiekturik definitu, eta elkarlanean galdu egin da"
Bergara nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Hirigune historiko ederra duela, herri industriala dela, sormen handiko herria dela, auzo interesgarriak dituela, mendiz inguratuta gaudela... Eta bizitzeko toki ederra dela.
Azken lau urteetan zertan galdu du Bergarak? Eta zertan irabazi?
Udal Gobernuak ez du etorkizunerako proiekturik definitu. Ez da urrats errealik eman mugikortasun arazoak konpontzeko, auzoekin harremanak okerrera egin dute eta elkarlanean ere galdu egin da. Bergarak elkarbizitzan irabazi du.
Nolako taldea izango duzu ondoan?
Talde sendoa dugu. Udaleko jardunean esperientzia dutenak eta berriak izango direnak tartekatu ditugu. Ilusio handiz dagoen taldea dugu, Bergara hobetzeko eta bergararrendako lan egiteko gogoz dagoena.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Bergara maite dudala eta nire onena emango dudala Bergarak aurrera egin dezan.