Meditazioko terapiak egitera dedikatzen da, eta munduan barrena kultura-trukeak egiteko proiektua ere martxan dauka.
Ze alde dago zapatilekin edo gabe korrika egitearen artean?
Zapatila normalekin askoz errazagoa da min hartzea. Momentuan ez duzu sentitzen, baina denbora igaro ahala gainkarga senti daiteke artikulazioetan: belaunetan, sorbaldan, gerrian... Kontrara, oinutsik joanda berehala konturatzen zara gaizki zapaltzen duzunean, eta behartuta zaude postura hobetzera.
Ohitura hartu ahala, onura gehiago dituela ohartu zinen?
Segituan ohartu nintzen kontzientzia asko lantzen dela. Oso adi egon behar duzu une oro, non eta nola zapaltzen duzun begira. Meditazioaren helburuak konpartitzen ditu: nire gorputza ezagutzea eta mendiarekin konektatzea; horregatik jarraitu dut horrela.
Izan ere, zuretzat garrantzitsua da meditazioa.
Izotz bainuak, sauna, arnasketa ariketak, meditazioa, yoga… Tresna desberdinak dira neure buruarekin eta inguruarekin bat egin eta indarra hartzeko. Tresna multzo horren barruan sartzen dut korrika egitea.
Baduzu gizakiaren esentziarekiko jakin-mina.
Beti galdetu izan dut zer garen gu. Nire ustez, homo sapiens-ok animaliak gara, eta beste animaliekiko dugun abantaila handiena da gai garela haiek baino distantzia luzeagoak egiteko korrika. Animalia asko baino ahulagoak eta motelagoak izanik, tresna hori baliatu genuen duela 200.000 urte ehizatik bizirauteko. Beraz, esan daiteke hura dela gure esentzia.
Gaur egun badaude ehiztariak modu primitiboan jarduten dutenak.
Gizakiak Afrikatik gainontzeko kontinenteetara emigratu zuela jakina da. Namibian, Kalahari desertuan, duela milaka urte bezala jarraitzen dute ehizan. Ni hara joaten naiz, harremana dut haiekin, laguntzen diet eta euren teknikak ezagutzen ditut. Sapient future proiektuaren parte naiz, hango tribuen eta hemengo jendearen arteko elkar ezagutza bultzatzeko. Hazten doan ekimena da, hasiak gara Kalaharira talde txikietan joaten.
Basamortu hartan beste zerbait ere ikasi duzu.
Ahotik arnasa hartu gabe bizi izaten. Kalaharin sudurretik bakarrik har daiteke arnasa; airea hain da lehorra, min egiten du. Horregatik, jende askok ahoa tapatzen du sudurretik arnasteko. Gure fisiologia sudurretik arnasteko dago eginda; hartu kontuan 150.000 urtez bizi izan ginela inguru haietan.
Eta orain ortozik eta ahoa tapatuta lehiatzen zara.
Bilakaera bat izan dut. Oinutsik probatu nuenean, udan oso ondo, baina neguan sufritu egiten nuen. Lehen bi urteetan oinak gogortzen joan zitzaizkidan, eta gaur egun nahiko erraz moldatzen naiz. Niretzat garrantzitsua da udaberrian, denboraldi hasieran, oinutsik eta ahoa tapatuta korrika egitea. Gainera, ez dut jaten eta edaten. Nire sistema osoa indarra hartu eta oinarri bat egiteko da, lasterketa luzeagoei begira. Esaterako, aurten Ehun Miliak ultratraila egingo dut, baina zapatilekin, oso gogorra da eta.
Eta kalean nola ibiltzen zara?
Ia beti ortozik. Seme txiki bat daukat, eta harengatik bakarrik irteten naiz kalera zapatilekin, jendea gauzak esaten ez hasteko. Baina tranpa egiten dut, zapatilei zola kentzen baitiet.
Zikinkeriarena nola daramazu?
Baserrian bizi naiz eta dutxa bat daukat kanpoaldean, lokatzarekin itzultzen naizenerako.