Errepikatuko ez duten EH Bilduko zinegotziek zerrendaren aurkezpenera joateko dei egin dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko api. 25a, 12:44

Aranberri, Markina eta Asula, Telesforo Monzon plazan. Argazkia: Bergarako EH Bildu.

Gaur egun EH Bilduko zinegotzi diren Ekaitz Aranberrik, Juanjo Asulak eta Kristina Markinak ez dute errepikatuko hurrengo agintaldian. Zinegotzi moduan aritzea esperientzia aberasgarria izan dela adierazteaz gain, dei egin diete herritarrei apirilaren 27ko zerrendaren aurkezpenera joateko. 

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Bergarako zerrenda osatu du EH Bilduk, eta apirilaren 27an aurkeztuko dute jendaurrean, 18:30ean Munibe plazan egingo den ekitaldian. Gorka Artola alkateak bezala, 2019-2023 agintaldian zinegotzi izan diren hainbat pertsonak hurrengo lau urteetarako zerrendako parte izango dira.

Hala ere, gaur egun EH Bilduko zinegotzi diren Ekaitz Aranberrik, Juanjo Asulak eta Kristina Markinak ez dute errepikatuko. Lau urteotan udalgintzan egindako lana amaitutzat eman, eta Bergararekiko duten konpromisoa beste modu batera gauzatuko dute.

Hiruek aipatu dute udalgintzan egindako lau urteetako ibilbidean "asko" ikasi dutela, baina bide hori amaitzeko unea heldu zaiela. "Udalean zinegotzi lanetan hasi aurretik herrigintzan egindako lanari beste modu batean jarraipena emateko aukera eman dit Udalean aritzeak. Jende on asko ezagutzeko, eta egindako ekarpenarekin gustura noa", esan du Aranberrik.

Markinak kultura arloan jasotako ezagutza nabarmendu du. "Beti izan dut interes handia kulturarekin, eta esperientzia hau oso aberasgarria izan da. Pertsona asko ezagutu dut, eta plazera izan da talde honekin lan egitea. Orain beste eginkizun batzuetan aritzeko unea heldu zait".

Era berean, "interesgarria" izan da ibilbidea Asularentzat, ezagutzen ez zituen udal barneko gauza asko aukera eman diolako: "Pertsona guztiok egin beharko genuke gure bizitzaren uneren batean denbora tarte bat Udalean, gauza asko ulertzeko eta baloratzeko balio baitu esperientziak".

Gorka Artola egungo alkateak eta alkategaia ere badenak, eskerrak eman dizkie hiruei Gobernu taldeko kideekin batera egin duten lanagatik. "Elkar ezagutzeko aukera eman digu udaleko abentura honek, eta egin duten lana eskertzea baino ez dagokit. Hurrengo legealdiko taldean ez dira egongo, baina badakit talde berriaren ondoan egongo direla, eta horrek pozten nau. Bakoitzak bere moduan egin duen ekarpena, baita pertsonala ere, beti izango dut gogoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak