Aurreko urteetan bezala, Pentekoste jaietako zapirako marrazki eta lelo lehiaketa antolatu du Jardun Euskara Elkarteak eta maiatzaren 3an amaituko da izena emateko epea. Alde batetik, marrazkia leloarekin aurkeztu ahal izango dute parte-hartzaileek, eta, beste alde batetik, leloa soilik. Marrazkietan haurren –12 urtetik behera– eta helduen kategoriak banatu dituzte, baina leloei dagokienez, proposamen guztietatik bakarra aukeratuko da.
Jaiak gaian oinarrituta egin behar dituzte partaideek euren marrazkiak, zuri-beltzean eta A4 formatuan. Leloak, berriz, euskararen aldeko esaldia izan behar du. Esan bezala, marrazkiarekin edo bakarrik aurkeztu daiteke leloa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edonork hartu dezake parte eta nahi beste marrazki edota lelo aurkeztu daitezke.
Helduen marrazki onenaren irabazleak 100 euro jasoko ditu, haurren marrazkiarenak 60 euro eta esaldi onenak, berriz, 40 euro. Lanak Jarduneko bulegoan aurkeztu edo jardun@topagunea.eus helbide elektronikora bidali behar dira. Presentzialki aurkeztuz gero, egilearen datuak kartazal itxi batean sartu behar dira, eta ondoren, egindako lanarekin batera gutunazal handiago batean sartu behar dira. Posta elektronikoz egiten bada, bi fitxategitan bereizteko eskatu dute. Alde batetik, marrazkia eta bestetik, egilearen datuak.