Alberto Alonso: "Gizarteak jasan dituen paradigma aldaketei erantzungo dien proiektuak behar ditugu"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko api. 28a, 07:00

Alberto Alonso Bergarako PSE-EEren alkategaia.

Alberto Alonso (Oñati, 1976) Bergarako PSE-EEren alkategaia da bigarrenez jarraian. UGT sindikatura afiliatuta dago 17 urte zituenetik eta 2008an Alderdi Sozialistan afiliatu zen; gainera Osalaneko zuzendari orokorra izan zen 2016tik 2020ra. Azken agintaldian gertatu den guztiaren ostean, paradigma aldaketei aurre egingo dieten proiektuen aldeko "apustua" egin behar dela argi dauka.

Bigarrenez aurkezten zara Bergarako alkategai moduan, oraingoan zalantzarik izan duzu edo ez?

Zalantzak beti daude. Duela asko hasi nintzen politikan eta une bat iristen da non, agian,  norbere buruarengan pentsatu eta norbere bizitzari denbora gehiago eskaintzea planteatzen duen. Baina, Bergarako nire alderdikideek berriz aurkezteko proposamena luzatu zidatenean, aurrera egitea erabaki nuen.

Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna?

Oñatirekiko antzekotasuna asko ditu, beraz, etxean bezala sentitzen naiz.

Herriko txoko gustukoena?

Plazaren inguruko zonalde hau gustatzen zait. Oso leku gutxian XV. Mendetik XX. mendera arteko Euskadiren historia batzen delako.

Ze proiektu egin nahiko zenituzke Bergaran alkate izango bazina?

Asko dira. Azken agintaldian gertatu den guztiak, Covidak, Ukrainako gerrak, krisi energetikoak…guzti hauek uste dut, gizartea jasaten ari den paradigma ekonomiko zein sozialen aldaketekin, hauek birpentsatzea eskatzen duela. Horregatik, uste dut, Bergaran aurrera eraman beharreko proiektuak, gizarteak jasan dituen paradigma aldaketei lotutakoak izan behar direla.

"Harro egon behar dugu, azken lau urte zail hauetan, alde aktiboa izan garelako Bergararentzat gure aletxoa jarriz"

Aurreko agintaldian PSE-EEk egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

Nik uste dut oposizioa egiteko bi modu daudela. Liskarretan eta kexatzen egon, edo gobernuari bultzada bat emango dion oposizioa egitea, proposamen ezberdinekin, eta guk bigarrena hautatu dugu. Uste dut harro egon behar garela, azken lau urte zail hauetan, alde aktiboa izan garelako, Bergararentzat gure aletxoa jarriz.

PSE-EEk zein alorretan eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Tursimoan eragin beharra dugu, Bergararen ekonomiarentzat elementu garrantzitsu bat izanik; turismo jasangarri baten aldeko apustua egin behar dugu.

Zela definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?

EH Bildu oposizioan zegoenean, dena aldatu beharra zegoen, baina eurak lau urte daramatzate gobernuan eta ez dute ezer egin. Geldirik egon dira, dena ikerketak eta egin behar zituzten proiektuak izan dira; eta orain, lau urteren ostean, Bergara hankaz gora dugu, azken unean urduri jarri direlako eta konturatu direlako ez dutela ezertxo ere egin.

Ze premia ikusten dituzu Bergaran? Eta nola erantzungo die horiei zuen alderdiak?

Mugikortasunaren arazoa konpondu gabe jarraitzen dugu. Eztabaida handia izan da azken urteetan arazo honen inguruan eta proposamen ugari egon dira. Baina lau urteren ostean, arazoa konpondu gabe jarraitzen dugu eta gobernura iritsi denak ez du ezer egin.

Beraz, ze iritzi duzu oraindik mugikortasun planik ez egotea?

Mugikortasunean denok dugu hobetu beharra, ez soilik Bergarak. Analisiak alde batera utzi eta hirigintzarekiko errespetua eta Begrarako herritarren ohiturekiko errespetua izan behar dugu. Gaur egun mugimendu dinamika batzuk oso errotuta daude herritarrengan eta edozein mugikortasun planek, hau errespetatu beharra dauka. Bestalde, bizikletaren erabilera eta oinez ibiltzea sustatu beharra dago dudarik gabe. Udal gobernuak, gainera, kotxee elektrikoak kargatzeko puntuak jarri beharko lituzke. Eta Bergarako udalak, mankomunitatearekin bat, debagoiena osorik lotuko duen garraio publiko sarearen aldeko apustua egin behrako lukete.

"Mugikortasun arazoa konpondu gabe jarraitzen dugu eta gobernura iritsi direnak ez dute ezer egin"

Masterreka kaleko obrek zeresana eman dute, proiektu potoloa delako. Ze iritzi duzu?

Aurretik ere aipatu dut, orain badirudi presa izan dutela eta presa lagun txarra izaten da horrelako proiektu baterako eta halaxe izaten ari da. Egun, Bergara barrutik gurutzatzea ginkana bat bezalakoa da; eta azken unean izan dituzten presen erreflexua da hau, aste gutxi gelditzen direlako hauteskundeetarako eta ez dutelako ezer egin.

Eta Arrizuriaga jauregia egonkortzeko lanak, Azoka birgaitzeko proiektua, eta hileta zibiletarako gunea egokitzearen proiektuen inguruan?

Zeuk esan duzu, proiektuak, proiektuak eta proiektuak. Legealdia amaitzear da eta ‘proiektu’ abizena izaten jarraitzen dute.

Amiantoa kentzeko proposamena ez da gauzatu, ze irakurketa egiten duzu?

Eraikitzailea izan nahi duen oposizio batetik, udal gobernuak zituen gabeziak ikusirik, beste udal batzuetan izan ditugun esperientziak kontuan izanik, proposamen sorta bat bota geinien, onartu egin zituzten, baina beste behin ez dute jakin nola gauzatu hauek. Beste behin paperean gelditu zen. Hitzak gauza bat dira eta horretan guztiok gara onak, baina proposamenak aurrera eraman behar dituztenean ez dakite nola egin. Eta hau izan da aurrekontuetan kontrako botoa eman izanaren arrazoi nagusietako bat. Ez dugu ideia gehiago botako, ondoren ez badira gai aurrera eramateko.

Alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?

Herri baten ordezkari izatea eta herri baten babesa duzula jakitea, harro egoteko modukoa da; azken finean eurak nahi izan dutelako zu alkatea izatea. Alkate izan edo oposizian egon, botoen kontaketa egin ostean pertsona jakin batzuen babesa duzula jakitea positiboa da eta demokraziarekin konprometitua dagoen edonori ondo sentiarazi behar dio horrek. Txarra, beste guztia; eskaini beharreko orduak, zure bizitza pertsonalari kentzen dizkiozun orduak…konpromisoaren parte dira, eta begirada atzera botatzen duzunean agian esango duzu zerbait egin gabe utzi duzula, baina hori jokoaren parte da.

"Bergara hankaz gora dugu, azken unean urduri jarri direlako eta konturatu direlako ezertxo ere ez dutela egin"

Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?

Sukaldaritza liburuen eta errezeta zaharren bilduma egiten dut. Kanpora bidaiatzen dudanean, bertako azokara joan produktuak eta errezeta zaharrak ezagutu eta ondoren hauek egitea gustoko dut.

Gustuko liburu edo idazle bat?

W.G. Sebald idalzeak literatura ikusteko modua aldatu zidan eta idazle bezala asko gustatzen zait.

Euskal kultura kontsumitzen duzu?

Bai. Batez ere literatura eta musika. Potemkin entzun izan ohi dut, nire anaiak bertan jotzen zuelako. Literaturari dagokionez Ricky Davila idazlea lagun handia dut eta euskeraz, mahaigainean hasteko dudan liburua Felipe Juaristirena da.

Eta Euskaraldian parte hartu zenuen eta ze iritzi duzu ekimen honen inguruan?

Bai, parte hartu nuen. Asko gustatzen zait Belarriprest izatearen ideia ez duelako presiorik eragiten jendearengan; eta uste dut Euskaraldiak, bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko aukera ematen duela.

Feministatzat duzu zure burua?

Bai banaiz. Berdintasun bat egon behar dela oso barneratuta daukat. Historian zehar, egia da, emakumeak, emakuea izateagatik, gizonarekin alderatuz, rol baxuago bat izan du eta horrekin amaitu beharra dago.

Ze egin zenuen martxoaren 8an?

Berriz ere manifestazio batera itzuli nintzen. Pandemian, osasun kontuak medio ez nintzen izan, baina aurten berriz ere egon naiz.

Ze aurreikuspen dituzu maiatzaren 28ko hauteskundeei begira?

Gu aurkezten garen toki guztietan irabaztera aurkezten gara. Ni beti irabazteko ideiarekin aurkezten naiz, etzait kalkuluak egitea gustatzen. Oso gutxi falta da eta jendeak nahi duena izan dadila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak