Erramu-zapatuan eman zitzaion hasiera Bergarako Musika eta Dantza Eskolak antolatutako Apirilean Musikaren 19. edizioari, eta jarraipena izango du gaur hasi eta maiatzaren 7ra bitartean. Ikastaroak, emanaldiak, kontzertu pedagogikoak, instrumentuekin nahiz Musika Eskolarekin lehen kontaktua, elkartrukeak eta musika kalean daude jasota, besteak beste, egitarauan. Ekimenaren asmoa da, Musika Eskolako Marije Ugalde zuzendariak azaldu duenez, herritarrei heziketa musikala eskaintzea, baina baita herriko tradizioa eta kultura zaindu nahiz transmititzea ere.
Ugaldek nabarmendu du aste hauetan "bereziki" bizitza izaten duela Musika Eskolak: "Egunero daude entsegu pila. Alde batetik, urduritasuna bizi dugu, baina, bestalde, ikusten da eskola bizirik dagoela eta gogo handiarekin gaudela hemen egiten dena herritarrekin partekatzeko".
Opera proiekzioa zapatuan
Ziklo horien baitan, bosgarren aldiz, "zinemak ematen duen aukera" aprobetxatuta, Arratsalde bat operan igarotzeko aukera izango dute bergararrek zapatuan, 17:30ean, Seminarixoan: 2005ean Madrilgo Errege Antzokian "punta-puntako abeslariek" interpretatutako Mozarten Don Giovanni. "Operak zuzenean ikusteko aukera gutxi ditugu. Horregatik, zinemak ematen digun aukera aprobetxatu nahi izan dugu", dio Ugaldek. Emanaldian zehar, opera giroan murgiltzeko, xanpaina eta pasta batzuk banatuko dizkiete bertaratutakoei. Gaur da gonbidapena lortzeko azken eguna; horretarako, Musika Eskolara deitu edo posta elektronikoz erreserbatu behar da.
Ipuinen bidez erlazioa sortzen
Txistulari Bandako zuzendari Jose Miguel Laskurainek sortu ditu Izaro ipuin musikatuko istorioa eta musika. Marije Ugaldek azpimarratu du ez dela batere ohikoa horrelako emanaldi bat egitea Txistulari Bandarekin; izan ere, pianoa izango dute lagun, eta 5 eta 13 urte bitarteko 80 haur arituko dira kantuan eta antzezten.
Haurrei zuzendutako kontzertu pedagogikoek ere badute lekua musika zikloan, eta, urteroko Bergarako Musika Bandaren kontzertu didaktikoaz gain, Musika Eskola nahiz instrumentuak gertutik ezagutu ahal izango dituzte Zaira eta Kroko Musikarien Lapurra ipuin musikatuari esker HH-5-6 eta LH-1eko 200 ikasle inguruk. Goiz eta arratsaldean egingo dituzte 40 minutuko zazpi saio. Zuzendariaren esanetan, "oso polita" da emanaldia; izan ere, lapurtutako musikari guztiak aurkitzen dituzte ipuinaren amaieran, eta pieza bat edo beste joko dute.
Idoia Asurmendirekin saioa
Hilaren 24an, Idoia Asurmendi aramaioar abeslariarekin saio musikatua egingo dute Musika Eskolako 10 urtetik gorako ikasleek. Ekintza "garrantzitsua" dela dio Ugaldek: "Kontuan hartu behar da Idoia ere Musika Eskola batean hasi zela, eta, ondoren, ikasketa musikal ofizialak jarraitu ditu. Haren esperientziak partekatuko ditu gure ikasleekin, eta hori da aberasgarria".
Musika zikloaren egitaraua osorik kontsultatu daiteke Musika Eskolaren webgunean.
Kontzertu didaktikoa domekan
Musika zikloaren baitan, Bergarako Musika Bandak kontzertu didaktikoa egingo du domekan frontoian, 12:30ean hasita. Urtero bezala, musikarien artean esertzeko aukera izango dute haurrek, instrumentuak nahiz musikariak gertutik ikusi eta musikarien ikuspuntua gertutik ezagutzeko. Ekitaldia "bereziki" etxeko txikienei zuzenduta badago ere, bandako zuzendari Enrike Txurrukak aurreratu duenez, bertaratzen den edonork ikasiko ditu "gauza berriak" musikaz gozatzen duen bitartean. Musika Bandako zuzendariorde Igor Larrañaga izango da aurkezlea, eta Bergarako Musika Eskolako hiru gazteren laguntza izango du. Sei pieza musikatuko dituzte; horietako bi, Musika Eskolako Banda Gaztearekin batera. Aipatzekoa da kantuetako bost Bergarako bandako zuzendari edo kideek sortuak edo moldatutakoak direla.
Aurrelanketa kontzertura begira
Marije Ugalde Musika Eskolako zuzendariak aurreratu duenez, LH1etik LH4ra bitarteko 600 ume bergarar gonbidatu dituzte kontzertu pedagogikora. Iaz martxan jarritako Etorkizuneko Entzuleak proiektua eraman dute eskoletara asteon: "Eskola bakoitzean saio txiki bat egingo dugu, non honen helburua kontzertu horretan entzungo diren piezen inguruko lanketa bat egitea den. Saio hauetan landuko dira, hala nola, entzumen aktiboa, perkusio korporala, musikaren esanahiak zeintzuk diren jakitea eta musikak kontatzen duen istorio bat ezagutzea. Behin lanketa hori egin ostean, gure helburua da umeek kontzertuaz beste modu batera gozatzea". Bestalde, 35 ikaslek aukeratu beharko dute instrumentua aurten, eta Ugaldek adierazi duenez, eskolak nahi duena da ikasleek bandako instrumentua jotzearen esperientzia bertatik bertara bizitzea.