Bidegiko Administrazio Kontseiluak apirilaren 4an egindako bileran, Lesarriko tunelaren (AP-1ean, Bergara parean) bi hodien eustea eta estaldura indartu, eta instalazioak berritzeko proiektua esleitu dute. Obrak irailaren bigarren hamabostaldian hastea da asmoa, udako oporraldiko itzulera-operazioa amaitu ondoren.
2025eko maiatzerako prest
Datozen hilabeteetan, maiatza eta iraila bitartean, AP-1eko kanpoko sarbideak egingo dituzte obrako langileek erabiltzeko. Halaber, bi noranzkoetan aurrez dauden erdibitzaile-pasabideak ere egokituko dira, eta informazioa emateko eta trafikoa kudeatzeko guneak ezarriko dira bi hodien ahoen aurretik.
Lanak Gasteizerako noranzkoko hodian hasiko dituzte. Horretarako, hodi hori itxi eta trafikoa Behobiarako norabidean instalatuko den by-pass baten bidez desbideratutako dute. Fase hori 2023ko irailetik 2024ko apirilera bitartean gauzatuko da, eta Ondartza zentroko trafikoaren jarraipena eta kontrola egiteko sistemak ere berrituko dira epe horretan.
2024ko udan eten egingo dituzte lanak, eta bi hodiak, berritua eta berritzeke dagoena, irekita egongo dira. 2024ko irailean Behobiarako hodia berritzeko obrei ekingo zaie berriro. Lanak 2025eko maiatzean amaituko dira, eta, bitartean, zirkulazioa tunel berrituan Gasteizerako noranzkoan jarritako by-pass-etik desbideratuko dute.
Eraberritze osoa
Tunelak 1.200 metroko luzera du noranzko bakoitzean. Barruko instalazioak osorik berritu eta tuneleko bi hodien eustea eta estaltzea indartzea da lanen helburua. Halaber, bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berrituko dituzte. Galeria horietako lau pertsonak ebakuatzeko dira, eta bat larrialdietarako ibilgailuendako.
Egitura sendotzeko lanetan horma-hobien buloi-jartze sistematikoa eta hormigoia proiektatuko dituzte, tunel osoan zehar 25 zentimetroko lodiera lortu arte. Mintz bat erabiliko dute urik ez iragazteko.
Eraberritze teknikoaren zatian, hogei haizagailuak berrituko dira, baita horien suebaki-uhateak ere. Argiztapenerako, egungo argien ordez LED teknologiako argiak jarriko dira.