Tunela konpontzen ari dira, eta bitartean, zirkulazioa beste norabideko erreitik bideratzen ari dira; hau da, Maltzagarako noranzkoan doan bidetik. Bidegiko aurreikuspenen arabera, astelehenean bukatuko dituzte lanak eta orduan zabalduko da berriz tunela Gasteizerako noranzkoan.
Agerraldi eskera diputatuari
Elkarrekin Gipuzkoak, Podemosek eta Ezker Anitza-IUk osatutako koalizioak Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren "presazko agerraldia" eskatu du atzoko gertaerarengatik. Batzarkide taldeak "oso larritzat" jo du ezbeharra. "Zorionez, ez da zauritu larririk izan, baina argi dago Bidelanek (Bidegik azpikontratatutako enpresak) egin behar dituen ikuskapen, mantentze eta kontserbazio lanak ez direla nahikoak izan erorketa saihesteko. Errepideak behar bezala mantentzea ezinbestekoa da erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, eta hori ez da bermatu kasu honetan", adierazi du Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUko batzarkideak.
Gipuzkoako PPk salatu du Bidegik AP1, AP8 eta A636ko erabiltzaileak "arriskuan" jarri dituela, "tuneletako segurtasunari buruzko Europako araudia ez bete ondoren". Zehaztu dutenez, Bidegik Europako araudia betetzen ez duela erakusteko datuak biltzen dihardute hainbat hilabetez, eta, informazio-txostena Bidegiren esku jarri badute ere, erantzunik jaso ez dutela salatu dute. Halaber, azpimarratu dute "EAJrentzat garrantzitsuena bidesaria kobratzea eta bere kontratak eta azpikontratak sareari egiten uztea" dela.