Adikzioa prebenitzeko proiektua berritu du Bergarako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko api. 5a, 09:33

Herritarrak Irala kaleko terraza batean. (Argazkia: GOIENA).

Planaren indarraldian zehar, ikastetxe, osasun- eta lan-zentro, familia, auzo, aisialdi, norbere garapen emozional nahiz  sozialean egingo da prebentzio-lana, mendekotasun eta adikzio-jokabideen "prebentzio eraginkorra" lortzeko asmoarekin.

2022tik 2026ra arteko epealdia hartuko duen adikzioen prebentziorako tokiko plana onartu zen, aho batez, martxoaren 27ko osoko bilkuran. Bosgarren tokiko plana da eta helburuen artean daude herriko errealitatearen diagnostikoa egitea, drogen kontsumoa eta bestelakoak saihestea, herritarrak menpekotasunen problematikaren aurrean sentsibilizatu eta heztea eta aisialdi osasuntsua sustatzea.

Plan hori ardazten duten oinarriak finkatzeko aintzat hartu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Adikzioen VII. Plana; Bergarako IV. Planaren ebaluazioa; adikzioen arloan eskura dagoen ebidentzia zientifikoa; Bergarako ikasleen errealitatea –Aranzadi Ikastolako, Ipintza Institutuko, Mariaren Lagundiko eta Miguel Altunako 1.118 ikasleren inkestak kontuan hartuta: Lehen Hezkuntzako 274 ikasle, Bigarren Hezkuntzako 844 ikasle–; herritarren partaidetzako galdetegi anonimoa –140 herritarrek erantzun dute, gehienak 36-60 urte bitartekoak–; eta hainbat eragilerekin sortutako lau eztabaida-talde –43 pertsona elkartu dira eta ia bi orduko solasaldiak egin dituzte–.

Herriko errealitatea

Gazteen erantzunetatik ateratako ondorioen artean, alkohola da lehendabizi probatzen duten droga, batez beste, 14 urterekin; 7 hilabete geroago tabakoa eta 15 urterekin kalamua. Gehien erabiltzen diren teknologia digitalak, berriz, sare sozialak eta txatak dira. 12 urtetik gorakoen artean %90ek erabiltzen dituzte; 10-12 urte bitartekoen artean, %85ek. Apustuetan erabilera hedatuena gizonezko nagusienen artean gertatzen dela ondorioztatu dute. Herritarren galdetegien kasuan, gehienek nabaritu dute hazi egin dela sare sozialen, bideojokoen eta online jokoen erabilera. Substantziadunei dagokienez, erdiak uste du alkohol gehiago edaten dela; batez ere, gazteen artean. Tabakoari dagokionez, ez daukate oso argi kontsumoa igo edo jaitsi egin den. Era berean, lautik hiruk uste dute legez edo legez kanpoko substantziak erraz eskuratzen direla. 43 eragilerekin egindako foroetan ere, herritarren galdetegietatik ateratako ondorio bertsuak atera dituzte.

Eztabaida-talde horietatik hezkuntzako, arlo komunitarioko eta osasun arloko proposamenak atera dituzte, hala nola herriko eragileak adikzioen prebentzioan formatzea, Lehen Hezkuntzan teknologien erabilera eta heziketa emozionala lantzea eta Bigarren Hezkuntzan testigantzak txertatzea eta gaitasun sozioemozionalei garrantzia ematea, prebentzio zerbitzuaren ikusgarritasuna handitzea, Osakidetzan haurren eta nerabeen arreta psikologiko eta psikiatrikoa indartzea eta osasun arloaren eta zerbitzu sozialen arteko koordinazioa sendotzea.

Lehentasunezko lanketa

Datuak bilduta, lau ildotan egituratu dute V. Tokiko Plana, eta horietan zehaztu dituzte landu beharreko helburu eta ekintzak. Alde batetik, osasunaren sustapena eta arrisku-jokabideen prebentzioa; bizi-eredu, estilo eta gune osasuntsuak garatzean datza. Bigarrenik, drogen kontsumoaren, jokoen eta teknologia digitalen gehiegizko erabilerarekiko tolerantzia soziala murriztu eta eskaintza kontrolatzea; halako substantzien kontsumo eta portaeren gehiegizko onarpena txikiagotu egin nahi dute, kontzientziazioa eta erantzukizuna sustatuz. Adikzioen arloko ezagutza eta prestakuntza eskaintzea, prebentzio-jardueretan inplikazio eta parte-hartze handiagoa sustatzeko; eta, azkenik, sare-lana eta koordinazioa komunitateko eragileen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak