Urteroko ohitura bihurtu da Erramu-zapatu bezperako bertso-saioa, eta gaur gauean bost bertsolari igoko dira Seminarixoko oholtzara, gaueko hamarretan; hain zuzen ere, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo izango dira bertsolari horiek. Gai-jartzaile lanetan arituko da, azken urteetan bezala, Ibon Leibar Txinbo.
Saioa "bero" moduan definitu du Leibarrek, Euskal Herriko bertsolari "onenetakoak" etortzen direlako: "Lekua elegantea da eta emanaldia ere bai. Uste dut jendeak egun hori gordeta edukitzeko gogoa izaten duela. Iruditzen zait publikoa nahiz bertsolariak gustura etortzen direla ikusi eta kantatzera. Saioa polita izaten da eta gaurkoa ere emanaldi polita izango da".
Gai serio nahiz umoretsuak
Bost urte inguru daramatza Leibarrek ekitaldi horretako gai-jartzaile izaten, eta, aurreratu duenez, betiko irizpidea izango du gaiak jartzerako orduan:
bizpahiru gai serioak izango dira; gainerakoek umoretik joko dute. Era berean, azaldu du denetik jartzen saiatuko dela, saioak "erritmoa" izateko: "Jokoak egingo dituzte, binakako ariketak, denek batera edota bakarka kantatzekoak".
Seminarixoa, normalean, ia guztiz betetzen dela dio Txinbo-k, eta oraingo honetan ere bide beretik doa, azken sarrerak geratzen baitira salgai. Nahi duenak www.seminarixoa.eus webgunean eskuratu ditzake, zortzi euroren truke. Saldu gabeko sarrerak Seminarixoko txarteldegian jarriko dituzte salgai emanaldia hasi baino ordubete lehenago.