Kukubaso elkarteak deituta, pasa berri den asteburuan egin dute azken landaketa Agirretxeberriko lurretan, eta 30 lagun inguru batu dira. "Oso pozik gaude halako landaketetara batu izan den jende kopuruarekin; beti egon izan gara talde polita. Oraingoan ere 30 lagun inguru batu ginen, eta zuhaitz berriak landatzearekin batera txoriendako txabolak jartzen ere ibili ginen. Egia da goizean zaparrada ederra bota zuenez batek baino gehiagok azken orduan atzera egin zuela, eta, hala ere, talde polita batu zen", dio Agirrebeñak. "Azken landaketa izan da hau, halakoak egiteko sasoia amaitu da, negua izaten delako garai ona, eta dagoeneko tenperatura altuak ditugu. Hala, Agirretxeberriko lurretan egin ditugun landaketetan askotariko lanak egin ditugu. Lursailaren goialdean haritza, astigarra... landatu genituen. Eta abenduan egin genuen landaketan lursail hartako behealdean ibili ginen. Uste dugu lehen artadi bat egon zela han, harri askoko lursaila dago behealde hartan, eta artea landatzen ibili ginen. Eta egia da halakoetan zuhaitz eta landare ezberdinak landatzen saiatzen garela, baso heterogeneoak izan daitezen, eta, horrekin batera, landaketak ere momentu ezberdinetan egiten ditugu. Hala, Agirretxeberriko lurrak nahiko osatuta geratu dira; zaintzen joan beharko dugu orain".
Herri-lurrak berreskuratu
Kukubaso elkartearen helburu nagusietako bat da herri lurrak berreskuratzen joatea, eta zeregin horretan Udalarekin elkarlanean dabiltza. "Udalak hainbat lursail pribatu erosi zituen iaz, eta haiek berreskuratzen joatea da aurrera begira dugun zereginetako bat. Hain zuzen, uste dugu aurrekontuko partida bat halako lursailak erosteko bideratzea gauza ona dela. Gero, baso horiek errekuperatzeak onura galantak ditu herriarendako: bertako uraren eta haizearen kalitatea hobetu, aisialdirako guneak errekuperatu... Zerbitzu ekosistemikoak deritzenak. Eta baso-jabeen partetik ere jarrera aldaketa ikusi dugu denbora tarte honetan. Hasieran gure asmoen berri ematen genienean, nahiko eszeptikoak ziren, baina ezetz esan izan diguten batzuekin ondoren egon gara eta ikusi dugu iritzia aldatu dutela. Uste dugu ona dela Udalak lursail haiek erostea; gainera, Bergarako Udalak oso lursail gutxi ditu jabetza propioan".
Epe luzerakoa
Agirrebeñak badaki halako ekimenek denbora behar dutela aurrera egiteko, eta garbi dauka epe luzerako proiektua izan behar duela. "Jendea erre egiten da bestela. Bi urte hauetan herritarren partetik harrera ona ikusi dugu, jendea etorri da landaketetara, hitzaldiak antolatu ditugu... Udalarekin hartu-eman ona izan dugu, eta enpresetara ere joan gara babes bila. Izan ere, egia da Kukubason jendea oso gogotsu dagoela, baina lan asko egiteko diru apur bat ere behar da, eta txostenak prestatzen gabiltza enpresetara joaten garenean proiektuaren berri ondo emateko. Horrekin batera, elkarteko batzar orokorra ere prestatu behar dugu, bazkideei egin ditugun lanen azalpenak emateko".
Hala, gaur egun Kukubasok 110 bazkide ditu eta ateak zabal-zabalik dituzte. "Garbi daukagu Debagoienean ekimen mordoa dagoela, era askotakoak, eta jendeak indarra non egin erabaki egin behar duela, ezin gara-eta denean egon. Alde horretatik, pozik gaude dugun bazkide kopuruarekin, eta gehiago etortzen badira, ederto. Izan ere, oraindik pedagogia-lan izugarria geratzen zaigu egiteko".