Joseba Sarrionandia: "Agertokia arraro bezain gozagarri zait"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 24a, 10:10

Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Villabonan egindako emanaldian. Argazkia: Itziar Bastarrika.

Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak Katuen kontuak ikuskizuna aurkeztuko dute martxoaren 30ean Seminarixoan (20:00), eta sarrerak salgai daude seminarixoa.eus atarian. Bi artistekin egon da GOIENA, emanaldi bereziaren atzeko aldea ezagutu nahian.

"Ikuskizunak orain arte egin duen bidearekin oso pozik eta gustura nago. Ines [Osinaga] bidelagun ederra eta oso berezia izan da sorkuntza-prozesutik hasi eta agertokiraino. Musika egiten duenean asko gozatzen dut; beti egiten du harritzen nauen zerbait. Beti egiten du zerbait berria. Bide berri bat izan da niretzat; hasierako zalantzen ostean, asko ari naiz gozatzen orain". Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) euskal idazle ezagunaren hitzak dira, martxoaren 30ean Seminarixoan (20:00) Ines Osinagarekin (Arrasate, 1982) batera egingo duen Katuen kontuak ikuskizunaren bueltan berba egiten; emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko seminarixoa.eus atarian, zortzi eurotan.

Ikuslearen erreakzioa zuzenean

Harago ere badoa Sarrionandia agertokian sentitzen duena azaltzeko orduan: "Euskal Herrira itzuli nintzenetik ohitzen noa bizimodu berrira... Hori bai, agertokiarena beste kontu bat da, arraroa, ustekabekoa, eta gozagarri zait. Ohituta egon naiz urte askoan nire bakardadean sortzen idazle moduan... Baina kontalari moduan ikuslearen zuzeneko erreakzioa ikustea berria da; une horretan sortzen den komunikazio modua berezia da, eta hori ederra da bizi garen gizarte inkomunikatu honetan".

Kantuak eta kontuak oinarri

Ikuskizuna kantuetan eta kontuetan oinarritzen dela dio Osinagak: "Josebak eta biok egin genituen dozena bat kantu duela hamar bat urte; testuak ia klandestinoki heldu zitzaizkigun, konplize baten bidez, eta horrek badu bere aura edo misterioa. Gainera, testuekin batera kontestuak ere heltzen zitzaizkidan. Hau da, Ana-ren testua heltzearekin batera banekien zein zen Ana. Josebaren arabera, kantuak txoriak moduan pasatzen dira, baina txori hori nor den, nondik datorren eta nora doan dakizunean beste era batera begiratzen diozu. Eta sentitzen nuen zor bezalako bat begirada osatu hori partekatzeko. Baina, azken finean, horiek dira gure ondasun guztiak: kantuak eta berbak. Hori besterik ez, eta hori guztia". Osinagak "hainbat instrumentu" joko ditu eta Sarrionandia arduratuko da kantuak kontatzeaz: "Idazle oso ona izateaz gain, kontalari aparta da". Horrez gain, Itziar Garaluze artista bisualak irudiak nahastuko ditu zuzenean, ordu eta erdi inguru iraungo duen emanaldian.

Duela urtebete inguru estreinatu zuten 'Katuen kontuak', oso formatu txikian

Lehenak, iragarri gabekoak

Urtebete inguru igaro da ikuskizuna lehen aldiz plazaratu zutenetik, baina, Osinagak dioenez, hasierako emanaldiak formatu eta edukiera oso txikiekin egin zituzten. "Hori egin genuen plaza espazio segurua izan zedin. Gero eta erosoago eta errespetatuago sentitzen joan garen heinean, lasaitu egin gara eta emanaldi handiagoak egin ditugu. Orain, emanaldiak iragarri egiten ditugu; batek baino gehiagok esan izan digu kontzertuak iragartzen genituela egin eta gero...".

Seminarixoan lehen aldia izango dute, eta aurrerago etorriko dira Elorrioko Gazte Topaguneko eta Andoaingo Bastero Kulturguneko emanaldiak, besteak beste. "Ez dakigu non egongo den azken geltokia. Azkenaldian bogan dago azken kontzertua iragartzea, baina gu ez gaude horretara. Denetariko musikariak behar ditugu gure kultura ekosisteman; sold out-ak eragiten dituztenak eta bestelako proposamenekin gatozenak".

Nor bere proiektuekin ere bai

Bestalde, Osinaga bestelako proiektuekin ere buru-belarri dabilen bitartean, Sarrionandiak paraleloki ere bere proiektuekin jarraitzen du. "Plazan bere lekua topatu duen arren esan izan dit ea utziko diogun talde feministara batzen, ezetz esaten ikasi behar duela. Alde horretatik, poli-maitaleak gara; kar-kar. Katuen kontuak Josebak eta biok partekatzen dugun espazio bat da, eta oso ondo pasatzen dugu; ez gaude denean ados, eta uste dut horregatik ere moldatzen garela horren ondo. Gutunen bidez ezagutu genuen elkar eta orain konplizitate handia dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak