Lan egiteko modua jarri du arreta bereziki Artolak: "Elkarlan publiko komunitarioarekin, Bergara berri bat eraikitzeko bidean ere oinarri sendo bat jarri dugu. Elkarlanaz ari garela, pertsonen inguruan ere esan nahi dut nire ondoan izan dudan taldeak, gogotsu, ilusioz, eta ondo erantzun diela aurrean izan ditugun erronkei. Balorazioa ona da, hortaz".
Artolak azpimarratu du agintaldiko "iparrorratz" izan duten Bergara izan, bizi, ekin planeko helburuen betetze-maila altua izan dela: "Plan horretan 91 proiektu zehatz jasotzen dira. Horietatik %80 eginda edo martxan daude, edo utxi batzuk laster amaituko dira".
Zubieta-Masterreka, Agorrosin...
Udal Gobernuaren arabera, herria biziberritzeari lotuta, udalerriarentzat garrantzitsuak ziren obrak egin dira: "Zubieta eta Masterreka kaleak birgaitu edo Agorrosin futbol zelaia berritzea, esaterako. Neurriagatik ere inportanteak diren beste batzuk abiatuta daude, gainera ezaugarri berezia dutenak: partaidetza prozesuei lotuta daude, eta bertan sortuko diren proiektuak berritzaileak dira: Oxirondoko azoka biziberritzeko proiektua eta Arrizuriaga kultur proiekturako eta emakumeen gunerako berritzea".
Azken horri tiraka, Ainhoa Lete zinegotziak berdintasunaren arloan agintaldi honetan egin den jauzi kualitatiboa nabarmendu du. Emakumeei zuzenduko zaien espazioari lotuta, hori sortzeko egingo den prozesuari eman dio balioa. Bestetik, eta berdintasun plan berria egitearen testuinguruan, berdintasun teknikariaren lanpostua sortu da. Jabekuntza Eskolako eskaintza indartu egin da, ikasturtea bi epealditan banatuta, eta emakumeen kolektibo desberdinei bideratutakoa izaten ari da eskaintza. Zaintza plana ere landu da –martxoko osoko bilkurara eramango da onespenerako–. Hori ere partaidetza prozesu batean landu da. Erakunde arteko protokoloa ere berritze bidean da.
Ehundu, "eraldaketarako bulegoa"
"Elkarlan publiko-komunitarioari lotuta", Udal Gobernuak Ehundu "eraldaketa sozialerako proiektua eta bulegoa" martxan jarri izana azpimarratu du: "Horren bitartez kudeatzen ari dira dagoeneko hainbat proiektu, Berener Energia Berriztagarrien kooperatiba edo Elikadura Mahaia. Azken hori lotuta dago elikadura subiranotasunaren gaiari. Ildo horretan izaera desberdineko interbentzioak egin dira. Elikadura mahaitik, halaber, erreleboaren gaia lantzen ari da, lehen sektorea duintzeko helburuarekin".
Horrekin lotuta, azokaren prozesuari eta obrari ere egin dio erreferentzia Letek; partaidetza prozesu baten bitartez gauzatzen ari da proiektua. Obra Goitu Eraikuntzak enpresari esleitu zaio eta aurreikuspena da lanak maiatzean hasi eta Gabonetarako kanpainarako amaituta egotea.
Arlokako mahaiak
Euskararen normalizazioan ekarpen berriak ere egin dira, Ekaitz Aranberri zinegotziak azaldu duenez. Bat aipatzearren, Harixa programa. Horren baitan 38 entitatek euskara lan munduan sustatzeko konpromisoa hartu dute.
Hezkuntzaren alorrean ere egin dira hainbat ekarpen berritzaile eta interesgarri Aranberriren esanetan. Hezkuntza mahaia sortu da, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileek osatzen dutena, eta elkarrekin ari dira lanean hainbat gairen inguruan. Gaitasun handiak dituzten ikasleen alorrean formazioa jaso dute Bergarako irakasle guztiek, adibidez. Bereziki interesgarri ikusten du hezkuntzaz beraz, hitz egitea. Segregazioaren gaian eta haurren sexu-abusuen inguruan ere ari dira lanean.
Kulturaren alorrean, Arrizuriagako proiektuaz gain, ekimen berriak proposatu dira: "Kulturarik gabeko herria, herri tristea da, eta oinarrietako bat izan da Udal Gobernuarentzat Bergara herri bizia izatea".
Ingurumen arloan energia berriztagarriei lotutako energia plana sortzeaz gain, kontsumoak murrizteko neurriak hartu direla dio Udal Gobernuak. Lursailen erosketak egin dira, ondoren bertako zuhaitzen landaketak egin daitezen. Ortu komunitarioak ere eraiki dira.
Lurrak erostea
Nagore Iñurrategi zinegotziak, bestalde, lurren erosketaren gaiari aipatu du; Udalak lurrak erosten bazituen ere, agintaldi honetan hori antolatu egin dela dio Iñurrategik: "Baso lurrak eta landa-lurrak ere eskuratu dira. Elkarlan publiko-komunitarioan bidetik, lan interesgarria egiten ari da arlo horretan eragileekin, Kukubasorekin, esaterako. Bergara eukaliptorik gabeko herria izan dadin ere lanean ari da Udala".
Energiaren alorrean, berriz, mahaia sortu da eta plana egin dute: "Energia berriztagarrien erabilera ere sustatzen ari da bide desberdinetatik, kontratazioetan klausulak jarriz, adibidez, edo horiek ezartzen. Gorlako kantinan egin da, eta ortu komunitarioen etxola ere hala izango da".
Auzoetako dinamikaren aldaketari eutsi ez izana, arantza nagusia
Ahalegin berezia egin da, halaber, periferiak erdigunera ekartzen, bai udalerriko espazioei begira eta baita pertsonei dagokienean ere. Landa eremuko auzoei dagokienez, Udal Gobernuak aitortu du agintaldi hasieran auzo alkatetzekin hasitako "lan dinamika berria" ez dutela martxan jarri nahi izan duten bezala: "Horixe da arantza nagusietako bat, pandemiak dinamika berria eten egin zuela. Hala ere, azpimarratu beharrean gaude ezinezkoa dela auzoetan herrigunean besteko zerbitzuak izatea; jaso ditugun eskaeretako batzuk ezinezkoak dira betetzeko".