Kote Camacho komikigilea, Geuretik Sortuak ekimenaren Bergarako bekan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 20a, 15:19

Artola, Camacho eta Markina, Olaso dorreko patioan. Argazkia: Bergarako Udala.

Kote Camacho komikigileak (Oiartzun, 1980) eskuratu du Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka Bergaran. Txillardegiren gaztaroan kokatuko du Camachok proiektua: "Jakin nahi nuen, garai zail haietan, nola egin zuten gazte batzuk, bereziki Txillardegik, euskaraz ikasteko". 

Kote Camacho komikigileak eskuratu du, besteak beste, Geuretik sortuak ekimenean parte hartzeko beka. Joan den astean Bergaran egon zen, Gorka Artola alkatearen eta kultura zinegotzi Kristina Markinarekin. Artolaren arabera, espero dute Camachoren proposamena "emankorra" izatea: "Egun hauetan Kote herrian murgilduko da, eta espero dugu bere lan horrek, azalduko digun proiektuarekin batera, emaitza politak izatea". 

Camachok komiki berrian azaldu daitezkeen herriko hainbat toki ezagun bisitatzen ibili da: errege seminarioa, udaletxea, Olaso dorrea...

Komikia, Txillardegiren gaztaroaren bueltan

Istorioa Txillardegiren gaztaroan kokatu nahi du artistak: Aurkeztu nuen proiektua Txillardegiren gaztaroan zentratua dago. Nik jakin nahi nuen, garai zail haietan, nola egin zuten gazte batzuk, bereziki berak, euskaraz ikasteko".

Hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Geuretik Sortuak 2023-24 sormen beka.

Aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonistak izango dira. Beka deialdian 60 proposamen jaso ziren orotara lau arte alorretatik, proiektuko arduradun politikoa den Koro Etxeberriak adierazi bezala, "askotarikoak eta kalitate altukoak".

Bi urtez luzatuko da

Lehen edizioa bezala, bigarren hau ere bi urtez luzatuko da. 2023an zehar sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan. Aurten ere bi, hiru, lau edota bost udalerritako multzoak egongo dira, euren kabuz parte hartzea erabaki duten udalerri horiez gain. Bakoitzera, Udalbiltzak eta arte alor ezberdinetako adituek osatutako balioespen batzorde batek hautatutako sortzaileetatik bat joango da; jasotako proiektua garatu ahal izateko epaimahai honek egokien ikusi duen udalerri edota udalerri-multzora, hain zuzen ere. Udalerri horretan edo horietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek; eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.

Ziklo berri honen bigarren urtean, 2024an, sortutako lan guztiekin kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.

2022an Oier Zuñigak jaso zuen beka

2022 urtean, Oier Zuñiga nafarrak izan zuen beka honi esker proiektua Bergaran, Elgetan eta Antzuolan lantzeko aukera. ‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ antzerkia eta dantza uztartzen zituen lana aurkeztu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak