Elkarretaratzea egingo dute Bergarako indarkeria matxistaren azken kasua gaitzesteko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 1a, 15:33

Martxanterak talde feministak eta Itaiak deituta, eguenean, martxoaren 2an, 19:00etan egingo da mobilizazioa. Udalak parte hartzeko deia egin du, eta baita Foru Aldundiak ere.

Bergarako Udalak "irmotasunez" arbuiatu du indarkeria matxistaren azken kasua, 18 urteko bergarar bat espetxeratu baitzuten atzo emakume bati sexu eraso jarraituak egiteagatik. Protokoloa aktibatu du, eta emakumeari eta bere ingurukoari babesa adierazi die, dituzten beharrei erantzuteko konpromisoa erakustearekin batera. Horretarako, eskura dituen baliabideak jarri ditu euren eskura.

Zehaztu duenez, indarkeria matxistak ez du lekurik Bergaran, eta berdintasunaren aldarrikapena berretsi du, jarrera horiei aurre egiteko konpromisoa azpimarratzearekin batera.

Hala, bat egingo du biharko elkarretaratzearekin. Martxanterak talde feministak eta Itaiak antolatu dute, 19:00etan, San Martin plazan.

Aldundiaren gaitzespena

Herritik harago, ordea, indarkeria matxista arbuiatu dute erakunde batzuek ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzionala egin du. "Gertutasuna eta elkartasuna" adierazi nahi izan die erasotuari, eta baita gertukoei ere.

Horrez gainera, bere konpromisoa berretsi du "emakumeen askatasuna eta eskubideak" urratzen dituen edozein eraso eta jarrera gaitzesteko. "Sexu-erasoa gure gizartearen adierazpenik bortitzenetako bat da. Egiturazko gizarte-arazo baten aurrean gaude, andreak menderatzea eta kontrolpean izatea bilatzen duena. Hortik sortzen da jarrera, ideia edo portaera sexista oro".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak