Lehen zuhaitz landaketa egin du herri lurretan Kukubaso elkarteak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 25a, 15:26

60 bat herritar aritu dira, Kukubaso elkartearen deiari erantzunda, Gorlako Erreziñategi eremuan zuhaitzak landatzen. Askotariko zuhaitzak landatu dituzten arren, nagusiki pagoak izan dira eta elurrak lanak zaildu badizkie ere, martxa onean egin dute saioa. Ondoren, luntxa prestatu diete Altzasu elkarteko kideek.

Kukubaso elkarteak lagapenean jasota du sail bat eta iaz hasi ziren landaketak egiten. Hala ere, herri lurrak berreskuratzeko lanetan dihardu elkarteak eta, bide horretan, gaurkoa izan da herri lurretan egin duten lehen landaketa.

Bereziki pagoak landatu dituzte, baina bestelako zuhaitz batzuk ere bai: sagarminak, urkiak, elorri zuriak, lizarrak eta abar. "Gehienbat pagoa landatu dugu, baina gure helburua beti izaten da baso heterogeneoak sortzea, ez izatea espezie bakarrekoak, eta gaurkoan ere hala egin dugu", azaldu du Ainhoa Agirrebeñak, Kukubaso elkarteko kideak. 

Nabarmendu duenez, Bergaran oso lur publiko gutxi daude, %2ra ere ez dira iristen. "Horri buelta eman nahian ari gara lanean eta egia da egungo Udal Gobernuarekin oso elkarlan polita ari garela osatzen, haiek ere bat egiten dutelako gure helburuekin". Horren erakusle izan da Gorka Artola alkatea bera ere han izan dela, parte-hartzaileei eta elkarteari eskerrak ematen.

Eguenean egindako elurra zegoen oraindik landaketa eremuan eta horrek apur bat zaildu egin du gaurko lana. Hala ere, ondo joan da eta bukatu ostean, luntxa egin dute, Altzasu elkarteko kideen laguntzarekin. 

Lanean jarraitzeko asmoarekin

Datozen urteetan beste landaketa batzuk egiteko asmoa ere badutela aurreratu du Agirrebeñak, beste espezie batzuk landatzen joateko. "Izan ere, beste helburuetako bat da, basoak sortzerakoan, adin ezberdinetako zuhaitzak edukitzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak