Aspegik zortzigarren aldia du sariketa hori antolatzen duena, "emakumeek arlo ekonomikoan egiten duten ekarpena aitortzeko, Gipuzkoako zuzendarien, profesionalen eta enpresarien lan-errealitatea agerian uzteko, enpresa eta lanbide-ingurunean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun handiagoa sustatzeko eta jarduera ekonomiko eta profesional errentagarriak, lehiakorrak eta berritzaileak garatu daitezkeela erakusteko" helburuarekin.
Erakunde, unibertsitate eta enpresa babesle eta laguntzaile nagusien ordezkariek osatutako epaimahaiak, aurkeztutako hautagaien artean, bi emakume saritzea erabaki du: Enpresari kategorian, Izaskun Larrañaga Frias, eta Zuzendaritza/Profesional kategorian, Leire Etxetxikia Etxebeste. Epaimahaiak aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduerak aitortu ditu, baita lurraldeari aberastasun sozial eta ekonomikoa ematen diotenak ere. Berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua, egokitzeko gaitasuna eta hautagaien ezagutzak eguneratzea ere baloratu dituzte.
Lacor-Ibili taldeko kontseilari delegatua
Larrañaga Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da, eta Lacor-Ibili familia-taldean egin du ibilbide-profesional osoa. Gaur egun, konpainiako kontseilari delegatuaren lanak egiten ditu. Saria emateko arrazoien artean daude, 15 urte baino gehiagoko lan-esperientzian, estrategia-lanak egin dituela merkataritzaren, marketinaren eta salmentaren esparruan. Aldi berean, merkatuak garatu ditu ingurune fisiko eta digitalean.
Joan den asteko Puntua aldizkarian elkarrizketatu nagusia izan zen Izaskun Larrañaga.
Lacor-Ibili Taldeak 80 urte baino gehiagoko historia du, eta sukaldaritzako ekipamenduaz arduratzen da, bai esparru profesionalean, bai etxean, merkatuko liderrak izanik Lacor eta Ibili marken bitartez. Duela gutxi, Urteko Enpresa gisa saritu du Gipuzkoako Merkataritza Ganberak.
2023ko sariekin ASPEGIk dei egin dio gizarteari "berdintasunean murgiltzeko, eta Gipuzkoan emakume enpresaburuek, zuzendariek eta profesionalek egindako lana aintzatesteko eta balioesteko".