Aitor Aldanondo: "Aurreikuspenak zeharo gainditu ditu Harriak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ots. 9a, 20:45

Harria taldeko gidari Aitor Aldanondo bergararra, asteon.

Musika ibilbide luze bezain arrakastatsua egin ostean, haren proiektu pertsonalena den Harria zuzenean aurkezten dihardu Aitor Aldanondok (Bergara, 1978). Otsailaren 10ean etxean joko du, Seminarixoan (20:00): "Berezia izango da".

Ataunen aurkeztu zenuten Harria, hilaren 4an; zer moduz?

Oro har, ondo. Arazo teknikoren bat izan genuen, Maitanek afonia puntu batekin abestu zuen, egiten zuen hotzak eraginda, eta, lehen zuzenekoa izanda, hotz samar hasi ginen, baina gero, asko disfrutatu genuen.

Zure proiektu pertsonalena publiko aurrean lehen aldiz aurkeztea berezia izango zen...

Bai. Txapa Irratirako jo genuen behin kartzela zaharrean, baina petit comite izan zen. Ataungoa izan zen publiko zabalari eskainitako lehenengoa eta berezia izan zen, berria; ez genekien ondo funtzionatuko zuen...

Harrera aldetik ezin zarete kexatu.

Inondik inora ere ez. Ez dugu inongo promoziorik egin eta Harria sekulako bidea egiten ari da zuzenekoak eman aurretik. Hainbat komunikabidetatik deitu gaituzte, atzean inongo enpresa diskografikorik izan barik; horrek harritu gaitu. Taldeko kideak ezagunak izan gaitezke gure aurreko proiektuengatik, baina erabateko underground-etik etorrita harritzekoa da hartu duen bidea. Oso pozgarria da. Bestalde, inguruko eta ez hain inguruko jendeari asko gustatu zaio diskoa. Harrera ezin hobea izan dugu orain arte; ea zuzenekoak nola doazen orain...

Egubakoitzean etxean joko duzue; urduri?

Berezia izango da, Seminarixoan lehen aldiz joko dut kontzertu batean [lagun duen Aitor Borobia aktorearentzat kolaborazio bat egin zuen Punkowsky obran]. Lehen, pentsaezina zen, baina orain, posible da baldintza duinetan jotzea herriko areto batean. Areto ederra da eta sarrera mordoa saldu dira dagoeneko. Lagunak eta familia bertan egongo dira; tartean, laster 2 urte egingo dituen alabak lehen aldiz ikusiko ditu gurasoak oholtza batean. Polita izango da, ziur. Gainera, zutik ikusteko kontzertua izango da eta, Danbakaren antzera, barratxo bat egongo da areto barruan. Kontzertu batean trago bat hartzeko aukera egotea ezinbestekoa da.

Zeintzuk igoko zarete oholtzara?

Harria sortu genuen Guille Sanz [bateria], Ekaitz Aranberri [gitarra], Maitane Azkarate [ahotsa] eta nitaz aparte, gaur Fly Shiteko Asier Elorzak baxua hartuko du, Mondo Infieleko Adolfo Alcocerrek gitarra eta Fredy Pelaezek teklatua; teklatu-jotzaile bezala erreferentea da Pelaez Euskal Herrian. Zazpi lagun egongo gara egubakoitzean agertokian.

"Ez dakit nola, baina sekulako musikariak ditut ondoan; txarrena ni naiz taldean..."

Ondo babestuta zaude, ala?

Sekulako taldea daukat ondoan. Ez dakit nola lortu dudan halako musikariak izatea nire inguruan. Taldeko txarrena naiz ni...

Hil edo bizi tour-eko bigarren geltokia izango da egubakoitzekoa; ze beste geltoki izango dituzue?

Otsailaren 25ean, Azkoitiko Matadeixen joko dugu; martxoaren 11n, Igorreko Kiñu gaztetxean; apirilaren 1ean, Oñatiko gaztelekuan; apirilaren 23an, Bilboko Itsas Museoko taberna den Nave 9-n; eta ekainaren 9an edo 10ean, Bergarako Ekinez jaialdian. Uztailean eta abuztuan oporrak hartuko ditugu eta irailetik aurrera... ikusiko dugu.

Harria orain ari zarete aurkezten, baina abestiek badituzte urte batzuk...

Gaur egun Harriako abesti direnetako asko aspaldi sortuak dira. Oinarria bazegoen, pandemian abesti berriak gehitu ziren, Aranberrik abesti pare bat ere ekarri zituen... Horiekin eta azken hilabeteetan sortutakoekin osatu dugu diskoa. Hitzak egitea berria izan da niretzat eta, zaila izan arren, gustura geratu naiz. Aurreikuspenak zeharo gainditu ditu proiektuak; ikusiko dugu haizeak nora garamatzan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak