G9Missions proiektua ikerketa zientifikoaren eta prebentzioaren garrantzia nabarmendu nahi duen dibulgazio-programa bat da. Ikerketa-talde askok parte hartzen dute programaren baitan antolatzen diren ekintzatan, eta gizarteari eritasun horren atzean egiten duten lanaren eta zientziaren berri ematen diote. G9Missions proiektuan parte hartzen duten zortzi unibertsitate publikok aldi berean egin dute gaur lan-saioa: Kantabriako, Gaztela Mantxako, Extremadurako, Balear Uharteetako, Oviedoko, Zaragozako, Nafarroako eta Euskal Herriko Unibertsitateek. Unibertsitate bakoitzak ikastetxe batekin egin du lana; Euskal Herrikoak, Bergarako Aranzadi Ikastolarekin.
Jolas baten bitartez egin dute saioa Aranzadiko DBH4ko, Batxilergoko 1. eta 2. mailako biologiako ikasleek. Jolasaren bitartez, zelula osasuntsu baten eta zelula kantzerigeno baten DNA sekuentzia ezagutu ahal izan dute. Aurretik, baina, Bergaran bizi den EHUko ikerlari eta biologo Iker Badiolaren hitzaldia entzun dute ikasleek. Badiola EHUn minbizia ikertzen duten talde bateko kide da. Hain zuzen ere, hark zuzentzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioak metastasi hepatikoa txikitzeko nanopartikula bat garatu zuen iaz eta Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak azterketa aurreklinikoen programan sartu zuen. Saguekin egindako probetan %80ko eraginkortasuna erakutsi zuen nanopartikula horrek.