Bergarako ikasleek egoera energetikoa hobetzeko proposamenak landuko dituzte

Hasier Larrea 2023ko ots. 1a, 19:15

Energiaren feria Aranzadin.

Bergarako Aranzadi Ikastolan, Mariaren Lagundia Ikastolan, San Martin Agirre Herri Eskolan eta Ipintza Institutuan egingo dute lanketa. Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea lelopean udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak egingo dizkiete udal-agintariei.

Bergarako Udalak jakinarazi du 2022-2023 ikasturtean Garapen Jasangarrirako Helburuen lanketari jarraipena emango diotela ikasleek Eskolako Agenda 2030 proiektuan. Urtarriletik martxora, energiaren testuingurua ezagutzeko saio teorikoak landuko dituzte ikasgelan, baita udalerriaren egoera aztertzeko saio praktikoak ere: "Horrela, Bergarako diagnostikoa bertatik bertara egiteko aukera izango dute adin guztietako ikasleek. Haien adina eta ezagupen mailara egokitutako material didaktikoa erabiliz, udalerriaren egoera aztertuko dute: iturri berriztagarriak, energia kontsumoa murrizteko aukerak, mugikortasuna eta abar".

Hobetu daitezkeen puntuak identifikatu ondoren, bi ekintza egingo dituzte. Batetik, alkateari eta gainerako udal ordezkariei egindako proposamenak sortu, eta, bestetik, norberak bere eguneroko bizitzan txertatzeko konpromisoak hartu. "Modu horretan, garapen jasangarria herritar guztion ardura dela ondorioztatuko dute", aipatu dute Udaletik.

Ikastetxe-Klik proiektua, beste bide bat

Herriko ikastetxeak energiaren gaia beste bide batzuetatik ere lantzen ari dira. Ikastetxe-Klik proiektuaren bidez, esaterako. Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena! lelopean ari dira lanean Debagoieneko hamar ikastetxe, eta horien artean, Bergarako Bergarako Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola eta San Martin Agirre Herri Eskola.

Ikastetxeen eraikinetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da Ikastetxe Klik. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta eta udalek lagunduta, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren bidelaguntza izango dute prozesu guztian zehar.

Ikastetxe-Klik proiektua, Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko Debagoiena 2030 ekimenak bultzatutako Eraginez Piztu esku-hartze proposamenaren baitakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak