Beñat Labaien: "Tokushimak asko izango du Imanolen Realetik"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 27a, 18:00

Beñat Labaien, Tokushima taldearen entrenamendu bat zuzentzen; denboraldiaurrean murgilduta daude. Argazkia: Tokushima Vortis.

Real Sociedad klubean analista lanetan lau urte egin eta gero, bergararrak Japoniarako bidea hartu du; bigarren mailan dagoen Tokushimako entrenatzaileari mailaz igotzeko enkargua eman diote.

Beñat Labaienek (Bergara, 1987) ezohiko Gabonak izan ditu. Etxekoekin lasai egon eta Realarekin orain arte egindako lanaz gozatu beharrean, munduaren beste puntara joan-etorrian ibili da, Japoniako J2 League-n jokatzen duen Tokushima Vortis taldearekin kontratua sinatu eta etxekoekin hara joateko dena prestatzera. Bergarakoak ezin izan dio Asiatik iritsi zaion eskaintzari ezetzik esan, eta, denboraldiaurrean murgilduta, taldearekin egonaldia egiten dagoela hartu du GOIENAren deia. Gustura dabil Japonian, baina entrenatzaile izateak ez du analista-lanarekin zerikusirik: "Hemen jende asko dago nire kargu eta presio hori sumatzen da".

Azken urteak futbol analista egin dituzu Realean –Asier Garitanoren aginduetara egon zen, eta gero, Imanol Alguacilen esanetara–. Etxeko taldean lanean, emaitzak inoiz baino hobeak... Eta, edozelan ere, Japoniara joatea erabaki duzu. Horri gaur egun konfort-gunetik irtetea esaten zaio...

Baliteke, baina nik oso garbi daukat entrenatzaile izan nahi dudala. Japoniakoa sekulako aukera izan da niretako eta oso erabakigarria izan da Imanolek berak eskaintza onartzeko eman didan bultzada. Sarritan egin izan dugu biok gai honetaz berba; bazekien nire ametsa entrenatzaile izatea dela, eta, alde horretatik, Imanolen beraren eta Olaberen onarpena oso garrantzitsua izan da nik erabaki hau hartu ahal izateko. Eurek erabakia begi onez ikusi izan ez balute, ez nintzen etorriko.

Eta zer moduzkoak izan dira lehenengo asteak?

Lan handikoak. Otsailaren 18an hasiko dugu liga txapelketa, Oita taldearen kontra; hemen ligako denboraldia urte naturalean jokatzen dute eta dagoeneko bi egonaldi egin ditugu taldearekin. Ez dugu Tokushima ezagutzeko denborarik izan. Udan ez dute etenik egiten; horrenbestez, Gabonak arte ezingo naiz ostera ere Bergarara itzuli.

Zer aurkitu duzu Japonian? Eta klubean?

Japonia oso leku ona da bizi izateko; gustura gaude. Esandako moduan, aste hauetan bi egonaldi egin ditugu, denboraldiaurrean murgilduta gaudelako, eta Tokushiman ez gara askorik egon, ez dugu hiria ezagutzeko tarterik izan. Klubak, berriz, harritu egin nau, onerako. Hemen lan ondo egiteko baliabide guztiak ditugu eskura, instalazio oso onak, sekulako lantaldea dago, komunikazioaz arduratzen den jendea… Lehenengo mailako klub baten egitura dauka Tokushimak.

Labaien, Tokushima taldearekin entrenamendu saio bat zuzentzen. Argazkia: Tokushima Vortis

Aldaketa, zentzu zabalean, baita etxekoendako ere.

Zalantza barik, eta, alde horretatik, zorte galanta daukat. Nire emazteak Madrilen egiten zuen lan eta lanpostu on bat utzi du nirekin batera Japoniara etortzeko. Alabak urtebete du, eta ez da gauza bera familia barik etortzea edo familiaren babesa izatea. Alde horretatik, ahalegin handia egin dute eta garrantzitsua da eurak gustura daudela ikustea. Zalantza barik, hori da garrantzitsuena; izan ere, norbera entrenatzaile lanetan gustura ibili arren etxera iritsitakoan familiakoak ondo ez badaude, norbera ere ez dago ondo

Klubean baduzu gertuko jendea ondoan.

Bai; izan ere, halakoetan oso garrantzitsua da ondoan konfiantzako jendea izatea. Zaldibarko Aitor Maiztegi prestatzaile fisikoa ere nirekin etorri da [Maiztegik Arrasaten du familia]. Elkarrekin ikasi genuen Madrilen eta beti mantendu izan dugu harremana. Eta Sisi ere taldean daukat entrenatzaile laguntzaile lanetan [Sisinio Gonzalez, Albacete, 1986]. Sisi bost urtez ibili da Japonian futbolean jokatzen eta ondo menperatzen du hizkuntza.

Zer eskatu dizute klubeko arduradunek?

Kategoriaz igo nahi duen talde gaztea da Tokushima. Kluba lehenago ere egon da Japoniako maila gorenean [J1 League deritzona]; bi igoera izan dituzte. 2020an igo ziren azkenekoz, Ricardo Rodriguez entrenatzaile zela, baina, zoritxarrez, hurrengo denboraldian jaitsi egin ziren ostera ere, eta lehenengo mailara bueltatu nahi dute. Edozelan ere, klub lasaia da; alegia, lasaitasunez lan egiten uzten zaituzte. Gauza askotan Realarekin antzekotasun handia du: talde gaztea da, iaztik hona blokea mantendu dute… Gainera, Realarekin klubak sinatu berri duen hitzarmenari esker, hiru urtean Realeko teknikariak hemendik pasako dira Zubietako lan-metodologia erakustera.

Aurkezpen ikusgarria egin zuen klubak [Youtuben duzue ikusgai], eta bertan esan zenuen mailaz igotzea dela helburua, baina ez duzula gai horretaz etengabe berba egiten ibili nahi.

Ez duelako zentzurik. Alegia, taldearen helburu nagusia zein den jakitea ondo dago, baina ezin zara horretaz etengabe berba egiten ibili. Gure eskuetan dagoena eguneroko lana da eta hor jarri behar dugu indarra.

Ekitaldi horretan, zure jokalariei eskatu zenien ausartak izateko eta zuk proposatzen zenuen lanean ikuspuntu ezberdinen bat baldin bazuten, esateko lasai.

Halaxe da. Japoniarrak langileak dira eta kulturalki oso barneratuta daukate esanekoak izatea. Jokalariek guk nahi ditugun ideiak oso azkar hartzen dituzte, baina berdegunean ausartak izateko eskatzen diet, euren izaera propioa izan dezatela.

Labaien, Tokushimaren aurkezpen ekitaldian, taldekideekin.

Zelakoa da Japoniako futbola?

Teknikoki jokalari oso oso onak daude liga honetan. Ondo landutako taldeak dira eta analisiari garrantzi handia ematen diote. Joko aldetik talde oso landuak dira, eta euren artean oso ezberdinak. Horrekin batera, brasildar asko daude liga honetan.

Mailaz igotzeko moduko taldea duzue? Ondo indartu zarete?

Oso pozik nago daukadan taldearekin. 37 jokalari ditut nire aginduetara, eta badut non aukeratu. Hemen ez daude harrobiko taldeak; jokalari guztiak lehenengo taldean egoten dira eta, lesioen beldur izaten direlako-edo, oso ohikoa da talde bakoitzean 30 jokalaritik gora izatea. Maila tekniko handiko jokalariak ditugu eta fitxaketekin ere taldea ondo indartu da. Eta fitxaketa horietan parte hartu ahal izan dut; horrenbestez, pozik nago... 

Realean futbola aztertzen ibiltzetik Tokushiman giza talde bat entrenatzera pasa zara, eta aldea dago: zaleen eta komunikabideen foku azpian, emaitzen menpe... Analista moduan egiten ez diren lanak dira horiek.

Oso ezberdinak dira, bai. Realean analista moduan lan handia neukan egiteko, baina askoz ere lasaiago bizi nintzen, ez neukan presioa nire bizkar gainean. Orain bai, orain begiradak nire gain daude eta presio hori sumatzen da. Ez da partiduak edo kontrarioa aztertzea bakarrik, talde oso bat duzu zure aginduetara, komunikabideekin hartu-emana… Orain gauza mordoa kudeatu behar dira, pertsona asko daude nire kargura. Ardura askoz handiagoa dut, eta presio hori sumatzen da, bai.

Labaien, komunikabideen aurrean. 

Baina gustuko tokian aldaparik ez.

Hauxe da gustatzen zaidana. Gaztetan Bergaran jokatzen nuenean harrobiko gaztetxoekin egiten nituen entrenatzaile lanak, eta, Madrilen ikasketak egin eta gero, Atletico Madrilen, Real Madrilen, Espainiako Futbol Federazioan, Leeds-en... Batera eta bestera ibili naiz entrenatzaile izateko formatzen. Hala, Imanolen [Alguacil] ondoan egon naizen denbora ere entrenatzaile moduan ikasteko baliatu dut.

Zure Tokushimak zenbat izango du Imanolen Realetik?

Asko, seguruenik. Azken batean, lau urte egin ditut Realean. Hasieratik feeling oso ona izan genuen Imanolek eta biok, futbolaz asko egin dugu berba eta ideia mordoa partekatu izan dugu. Futbolaren bueltan gauza askotan etortzen ginen bat, eta bai, Realak egiten duen jokoa oso barneratuta daukat. Nik ere baditut nire ideiak, noski, baina Imanolekin urte hauetan jasotakoa nire lan-koadernora eraman dut.

Urteak Anoetan atletismo-pistak kentzeko eskatzen, eta Tokushimaren futbol zelaiak [Pocari Sweat Stadium] atletismo-pistak ditu...

Bai, halaxe da; kar, kar. Japonian futbol zelai askok dituzte atletismo-pistak zelaiaren bueltan. Hala ere, esan didate oso giro ona egoten dela etxeko partiduetan. Pandemia aurretik 9.000 lagun etortzen ziren partiduak ikustera, eta koronabirusa tarteko harmailetan ikusle kopurua 5.000 lagunera jaitsi zuten. Ea lehengo kopuru horiek errekuperatzen joaten garen, baina egia da pandemia bera oraindik oso presente daukatela Japonian. Bestalde, klubak Yoichiro Kakitani jokalaria fitxatu berri du; ezaguna da hemen eta ikusmina piztu du zaleen artean.

Anaia Ibon Logroñesen dago orain, bigarren entrenatzaile lanetan. Horren futbolzaleak zineten etxean?

Kuriosoa da, bai. Hiru anaia gara eta bi entrenatzaile lanetan gabiltza. Ibon Ingeniaritza ikasten hasi zen, baina ikasketak utzi eta Madrilera etorri zen entrenatzaile ikasketak egitera. Ni ere han nintzen, baina gero, bakoitzak bere bidea egin du. Indian ibili da, Txinan, Atletico Madrilen Cholo Simeonen aginduetara ibili da analista… Eta orain Logroñesen dago.

Futbol jokalari ezagunak izan direnek errazago dute, gero, maila gorenean entrenatzaile izatea?

Ez dakit, ba... Uste dut gaur egun entrenatzaile izateko oso formakuntza ona izan behar duzula. Jokalari ezagunak izan direnek, akaso, errazago izango dute iristeko, baina gero, zure taldekideek ikusten badute ez duzula balio. Eta hori segituan antzematen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak