Masterreka, pilotalekua, Arrizuriaga eta azoka berritzea, 2023rako inbertsio nagusiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 28a, 08:45

Kale zaharkitua eta hiru azpiegitura horiek berritzeko lanak dira 2023rako Udalaren inbertsio nagusiak; lau proiektuotara 2.340.000 euro inguru bideratzea da aurreikuspena.

Udal Euskaltegirako eta Mizpirualde egoitzarako ekarpenak (465.415 euro) ere aintzat hartuta, 30.656.087 eurokoa da 2023rako udal aurrekontua. 2022ko abenduaren 19ko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Udal Gobernuaren proposamena; EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin egin zuen aurrera –PSE-EEko Alberto Alonso ez zen bilkuran egon–.

Zor biziaren jaitsiera

Aurrekontuok onartzeko bilkuran Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek azpimarratu zuen, besteak beste, 2019a ezkero "nabarmen" jaitsi dela Udalaren zor bizia: "2019tik 2022ra zor biziaren egoera nabarmen hobetu dugu. 2019an 5.855.941 eurokoa zen zor bizia eta 2022an, berriz, 4.822.205 eurokoa. Udal Gobernu honen kudeaketari esker Udalaren egoera ekonomikoa hobetzea lortu dugu".

Era berean, 2019a ezkero arlo batzuetan izan diren partiden bilakaeraren berri ere eman zuen Udal Gobernuak: Berdintasun arloan 159.920 eurokoa izango da aurrekontua, 2019an baino %173,08 handiagoa; Gizarte Zerbitzuetan 2.680.212 euroko aurrekontua, 2019an baino %42,84 handiagoa; Garapen Ekonomikoan 793.251 euroko aurrekontua, 2019an baino %48,64 handiagoa; Kultura arlorako 1.412.098 euro, %72,44ko igoera 2019koarekiko; Auzoetarako 861.000 euro, %78 handiagoa 2019an baino –aintzat hartu behar da horietatik 195.000 euro Boluko malda egonkortzeko direla eta, beraz, auzoetara zuzenean 2019an baino %38 gehiago bideratuko dela–; eta Ingurumenean 2019arekiko %25,9ko igoera izango da 2023an.

Urtarrilaren 9an hasi ziren Masterreka kalea berritzeko lanak; sei hilabeteko exekuzio-epea du obrak.

Masterreka martxan da

Urtarrilaren 9a ezkero itxita dago Masterreka kalea. Agintaldiko obra esanguratsuena izaten ari den Zubieta-Masterreka ardatza berriro urbanizatzeko lanen barruko hirugarren eta azken fasea da gaur egun martxan dagoena; 2023ko aurrekontutik 820.000 euro bideratzea dago aurreikusita. Masterreka itxita egoteak eragin zuzena du herri barruko zirkulazioan; izan ere, ardatz horretatik egin ohi zen Bolurako, Elosurako eta Burdinaterako joan-etorria eta auto eta kamioi ugari pasatzen ziren bertatik. Gidariek bide alternatiboa egiten dute, beraz, Multzo Monumentaleko kaleak zeharkatuta. Hau da, aldaketa nabarmenenak sarrera eta irteeretan daude: sarrera Ertzaintzaren egoitzaren aurrean, Arrizuri aldapatik gora, hasten da orain, Espoloitik, San Pedrotik, Artekaletik eta Arruriagatik joanez; irteera, berriz, Barrenkaletik egiten da, Irizar kalean behera Kruz Gallastegira irtenda.

Udalaren asmoa da Masterreka Pentekosteetarako berrituta eta zabalik izatea

Masterreka berritzeko fasearen exekuzio epea ere sei hilabetekoa da, Zubieta kaleko aurreko bi faseen antzera. Maiatzaren 26an hasiko diren Pentekoste jaietarako kalea zabalik izatea nahiko luke Udalak, halako obra handi baten atzerapenak izan daitezkeela presente izan arren. Herritarrek Masterrekako lanekin lotutako kexa, ohar eta gomendioak udaletxeko bulego teknikora deituta bidera ditzakete: 943 77 91 38.

Europako Next Generation dirulaguntza helduko balitz, frontoia berritzeko baliatuko lukete; irudian, asteleheneko entrenamendua.

Frontoia berritzeko aukera

Kirol azpiegiturak berritzea ere bada lehentasunetako bat. Agintaldi honetan berritu dute Labegaraietako kiroldegia eta Agorrosin futbol zelaiko lehen faseko lan esanguratsuenak orain gutxi amaitu dituzte; 2022ko abenduaren 10ean jokatu zen lehen partidua zelai artifizial berrian. Bada, 2023an udal pilotalekua berritzen hasteko prozesua martxan jarri ahalko litzateke; betiere, Europar Batasunetik datozen Next Generation izeneko dirulaguntza helduko balitz.

Next Generation laguntza helduko balitz, frontoia erabat berritzeko baliatuko lukete

Eraginkortasun energetikoan hobetzeko helburuarekin sortu zuen Europak dirulaguntza-lerro hori; Udalak dirulaguntza hori jasoko balu, frontoia erabat berritzeko aprobetxatuko luke, baina, aurrera egitekotan, hurrengo agintaldian hartuko luke forma frontoiaren proiektuak.

Arrizuriaga: aurten erabilgarri?

2023rako inbertsio nagusien artean dagoen beste proiektu bat da Arrizuriaga jauregia kultura ekipamendu egitearena; Udalak proiektu horretara 510.000 euro bideratzea aurreikusten du aurten. 2022ko azaroaren 16an egin zuen Udalak herritarren ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesuko azken saioa eta, gaur-gaurkoz, jauregia egonkortzeko lanak amaitzen ari da Goitu Eraikuntzak enpresa –egonkortze-lanetarako aurrekontua 547.964 eurokoa izan da–.

Herriko kulturaren topaleku izan nahi duen Arrizuriaga 2023an erabilgarri egotea espero dute

Kultura arloan Bergara "bereziki aberatsa" izaten jarraitu dezan "estrategikoa" izango da Arrizuriaga. "Kultura arloko askotariko diziplinak batzeko lekua izatea nahi dugu. Eta sormena lantzeko espazioa izateaz gain, sortutako hori erakusteko plaza izatea ere gustatuko litzaiguke; horretarako bileretan aipatu izan da agertoki bat, erakusketetarako areto bat eta hitzaldi edo bestelako saioetarako gune bat izan beharko lituzkeela, besteak beste, Arrizuriagak. Hau da, kulturara bideratutako askotariko erabilerak aurreikusten ditugu. Izan ere, uste dugu hurrengo hamarkadetarako estrategikoa izango da eraikina; hori horrela izan dadin prest gaude beharrezko baliabideak jartzeko", adierazi du Udalak. Asmoa da 2023an zehar Arrizuriaga erabilgarri egotea.

Arrizuriaga jauregia egonkortzeko lanak "laster" amaituko dituzte.

Azokarekin beste saiakera bat

Oxirondo azoka biziberritzeko beste saiakera bat egingo du Udalak, herriko lehen sektorearen bueltan sor daitezkeen ekimenen topaleku izan dadin. "Bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko duen topagune bat nahi dugu herrian. Kokagune bat eman nahi diogu lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoera horri buelta bat eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkorra sortu", diote Udaletik. Salmenta-guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formakuntza espazio bat ere edukiko du eta koordinazio guztia bertatik eramango da.

Azokaren lizitazioa 345.443 eurokoa da; 2023ko aurrekontutik 230.000 euro inguru.

Lehen solairuan egingo da obra, azoka biziberritzeko "beharrezko" ikusi dena; Arrasateko Biark Estudioak enpresak idatzitako proiektuan zehazten denez, azokan sartu eta eskuinaldean gune bakarra sortuko da; ezkerreko aldean, berriz, espazio txikiak mantendu egingo dira eta hutsik daudenak bete. 2022ko abenduaren 26an amaitu zitzaien enpresei proposamena aurkezteko epea eta lehiaketara aurkeztu eta puntuazio handiena duen enpresari materiala eskatzen ari zaio Udala. Gaur egun, hiru bakarrik dira zabalik dauden postu finkoak eta oso gutxi dira egunerokoan Oxirondoko azokara joaten diren herritarrak; egoera horri buelta emateko beste saiakera bat egingo du Udalak. Obraren aurrekontua 345.443 eurokoa da, BEZa barne.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak