Jauzi bat euskal musikaletan

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko urt. 16a, 22:00

Txalo artean eta San Sebastian martxaren doinuekin agurtu dituzte Victoria Eugenia antzokian batutako ikus-entzuleek, Bretxa musikaleko aktore eta musikariak. ARGAZKIAK: MIKEL LEGARISTI

"Zuek erotuta zaudete" esan zien Toti Martinez de Lezeak, Bretxa eleberriaren egileak, Oihan Vegari eta Valen Moñuxi, idazle gasteiztarrari Donostiako 1813ko erreketaren gaineko musikala egin nahi zutela esatera joan zitzaienean bere etxera, Larrabetzura. 

Alabaina, burutik primeran daudela erakutsi dute Bergarako Antzerki Musikaleko bi kideek eta harekin batera ikuskizun erraldoi honetan murgildu diren 200 lagunek. Ilusioa, ekintzailetza, ausardia, sormena eta lanerako gaitasuna ezinbestekoak dira horrelako proiektu bat toki onera eroateko. Dohain horiek guztiak edukitzea ez da samurra; Vegak eta Moñuxek badituzte. Horregatik izan da posible Bretxa, Martinez de Lezearen idatzizkoan oinarritutako musikala. Horregatik, eta eskarmentua eta, inportanteena dena, halakoak egia bihurtzeko lan talde fidela dutelako atzean; bereziki, musikari, abeslari eta dantzari bikainez osatutako lan taldea. 

1994an hasi zen

Marije Ugaldek, ezinbesteko lantalde horretako kideetako batek –Bergarako Musika Eskolako zuzendaria eta Bretxa. 1813, Donostiako sutea musikaleko abesbatza zuzendaria– joan zen astean hedabide honetan argitaratutako idatzian gogora ekarri zuen 1994an hasi zela guztia. Munduko agertoki inportanteenetan antzezten ari zen Les Miserables, Victor Hugo idazleak Frantziar Iraultzaren gainean idatzi zuen eleberrian oinarritutako musikala, euskaratu eta Bergarako Udal Pilotalekuan antzeztea erabaki zutenean. Urtarrila zen orduan ere. Ia 30 urteren ostean dator Bretxa, beste hainbat musikal egokitu edo sortu eta antzeztu ostean –Miserableak, Oliver!, Seussen mundua, Peter Pan, Olentzero & Co!, Alizia–. Ugaldek gogorarazten zuen, aipatutako idatzian, nola Miserableak musikalean ume zirenak diren gaur egun musikari bakarlari edo jokatzen dituzten protagonisten rolak, edo orduan protagonista izan ziren haietako batzuek jarraitzen duten gaur egun ere lehen lerroan.

Inoiz baino baliabide tekniko gehiago

Izan ere, ia 30 urteko esperientzia dute Bergarako Antzerki Musikaleko kideek. Eta hori igarri da. Musikarako zein antzezpenerako dohainak, ilusioarekin, lanarekin eta esperientziarekin batzen direnean, emaitzak ikusgarriak dira. Halakoxea da, hain justu ere, Bretxa. Inoiz baino baliabide tekniko gehiagorekin. Gaur egun ikus-entzunezkoen teknologiak antzerkian maisuki baliatzeak sortzen duen magiarekin. Jauzi kualitatiboa emanez. Zuzeneko musikarekin; musikari profesional zein ez profesionalekin; kantari, dantzari eta aktore ez profesionalekin… Meritu handia du horrek.

Goi mailako lana

Luzea izango litzateke banan-banan aipatzea eszenan agertzen direnak eta banbalinetan daudenak. Baina Argiñe Agirrezabal protagonista nagusiaren lana –Maritxuren rolean– sekulakoa da; baita Gorka Unamuno, Sara Manzano, Marije Ugalde, Andoni Moñux –ustekabe atsegina Alistair Williamsen rolean–, Julen Alberdi, Valen Moñux, Oihan Vega, Andoni Etxeberria, Karlos Etxaniz edota Patxi Agirrerenak ere. Zela ez, musikari guztienak, Txemi Etxeberriaren gidaritzapean eta Mikel Markiegiren orkestrazioarekin. Eszenografia, dekoratuak… ederrak dira –Ander Arruti, Mikel Ibarzabal– eta argiztapena, soinua eta efektuak goi mailakoak. Ahaztu barik, koreografiak –Carol Gomez–, jantziak, atrezzoa… 

Musikari dagokionez, denetik dauka Bretxa-k. Klasikoagoak, euskal kulturakoak, doinu flamenkoak, pop tankerakoak. Horretan ere maisuki, Oihan Vega, familia osoari gustatzeko moduko musika sortuz.

Historia gordina da. 1813an kokatuta, Donostia setiatu baten. Bi bandoren artean, herritarrak, donostiarrak. Albo banatan, batetik, aliatuak– Espainiarrak, Britainiarrak, Portugaldarrak–; bestetik, Frantzia Napoleonikoa–. Ustez lagun zirenek frantziarrak mendean hartu ostean, hiria erre eta herritarrak, emakumeak, bortizki bortxatu zituztenekoa. Une dramatikoak dira nagusi, baina badira komikoak ere, bergararren aurreko musikaletan bezala.

Hiru orduko ikuskizuna 

Nork esango luke: hiriburutik urrunen dagoen eskualdeko gipuzkoarrek San Sebastian martxaren doinuekin eman diote amaiera hiru orduko ikuskizunari, ikus-entzuleen laguntzarekin. Victoria Eugenia antzokia hiru egunez bete ostean –2.400 sarrera–. 

"2 urteko lan gogor honetan, 200 pertsona kudeatu behar izan ditugu eta guztiak hazi dira artista moduan; familia ederra sortzea lortu dugu" adierazi du nekeak jota, baina pozez zoratzen, erabat hunkituta agertu den Oihan Vegak, istorio honen sortzaile nagusiak. Eta Valen Moñux zuzendari eszenikoak, beste honakoa: "Hirugarren emanaldia izan da onena, amestutakoa, urduritasun gutxiagorekin eta erritmo eszenikoa hartuta". 

Martxoan, Bergaran erakutsiko dute Bretxa, herritarren aurrean, 1994ko urtarril hartan guztiaren sorrera izan zen toki berean, Bergarako Udal Pilotalekuan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak