30 urte bete ditu Ibarralde Administrazio Zerbitzuakek. Gaur egun zazpi profesionalek osatzen dute lantaldea. Horietako bi dira Patricia Iglesias ermuarra eta Igor Rodrigo bergararra, biak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatuak.
Ze zerbitzu eskatzen dituzue?
Aholkularitza laborala, fiskala, juridikoa... Autonomoekin egiten dugu lan, gehien bat. Kontratuak, nominak eta horrelakoak egiten ditugu. Barneko zaintzan ere geroz eta jende gehiagok egiten du lan eta horrelako kontratazio batek dakarren kudeaketaz arduratzen gara. Gipuzkoako Foru Aldundiaren EMEKIN eta TXEKIN ekintzailetza programetan ere laguntzen diegu bezeroei.
Etxe-agentzia ere baduzue.
Etxaldeen administratzaileak ere bagara; eskaera handiko sektorea da. Etxebizitzen alokairu nahiz salmentekin lotuta dagoela ikusi dugu eta higiezinen agentzia martxan jarri berri dugu. Atari asko kudeatzen ditugu, eta bizilagunek badituzte pisuak hutsik. Beraiekin zuzeneko erlazioa daukagu, baita harremana ere. Hortaz, aukera hori aprobetxatu dugu.
Etxebizitzen alokairu eta salmentaren egoera zein da?
Arazoa betikoa da. Erosteko maileguak lortzea ez da erraza; alokatzeko eskaria oso altua da, baina ez daude etxe asko. Egoera onean dauden etxebizitzen jabeek ahalik eta diru gehien atera nahi dute, beraz, salmenta prezioa altua izaten da. Horiek alokairuan jartzen badira, hileko kuota altua izaten da.
Urte hasieran lan-karga handiagoa izaten duzue?
Bai. Aholkularitzan urtea urtarrilean itxi behar izaten dugu, eta atari askotan ere urtea orain hasten da. Errenta aitorpenaren kontua ere entzuten dute bezeroek eta jende asko galdezka etortzen dira.
Legedia etengabe aldatzen da.
Eguneratuta egon behar dugu. Internetek asko erraztu digu hori. Hainbat webgunetan harpidetuta gaude: editorialetan, Gipuzkoako Buletin Ofizialean, Gizarte-segurantzan... Kurtsoetan ere hartzen dugu parte.
Lanetik deskonektatzeko?
Ni [I.R.] gimnasiora joaten naiz tentsio guztiak askatzera. Nire kasuan [P.I.], bi alaba ditut eta beraiekin pasatzen dut denbora.
Lanaren alderik onena? Txarrena?
Ederra da bezeroen arazoei irtenbidea ematea. Gainera, zerbait baliagarria egiten duzu. Txarrena ez, baina gogorrena larrialdi egoeran bizi izan genuena. Ez-jakintasun asko zegoen, denak etxean zeuden eta erantzunak aurkitzea nahiz kudeaketak egitea oso zaila zen.
Arlo askotan lan egiteko aukera
"Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua aukeratzeko zalantzak dituen gazteei esan nahi diegu irteera asko dituen gradua dela. Ikaskideak ditugu banketxeetan, aseguru-etxeetan, enpresetan, aholkularitzan eta marketinean dabiltzanak. Paper artean lan egitea gustatu behar zaizu. Teknologia ere sartu da, eta eguneratuta egon behar duzu zeuk, baita softwareek ere, geroz eta kudeaketa gehiago online egiten direlako".