Nolako agintaldia izan da?
Arduraz kudeatutakoa eta emankorra. 2019an bergararrek emandako konfiantzak dakarren arduratik egin dugu lan, eta une oro izan dugu presente Udaletik herritarren beharrei erantzuteko baliabide guztiak jartzea.
Pandemiatik zer izan zen zailena?
Urria, askotan zalantzazkoa eta oso aldakorra zen informazioarekin erabaki asko hartu beharra. Perspektibarekin begiratuta, une oso gogorrak izan ziren, baina uste dut erantzuten asmatu genuela. Nagusiei etxeetara dei pertsonalizatuak, zaintza sarea, zaurgarrienei laguntzak eta ikasle guztiei telematikoki aritzeko baldintzak bermatu izana dira lan on horren adibideak. Egungo ikuspegiarekin, gauza batzuk ez genituen berdin egingo, seguru, baina herritarren inplikazioari esker erantzuten asmatu genuen. Pandemian sortutako kultura mahaiari esker, esaterako, erreferente izan ginen kultura eskaintzan. Herritarren inplikazioarekin sortutako oinarri horrek fruituak eman ditu gerora ere, gainera.
Pandemiaz gain, beste krisi batzuk ere izan dira agintaldian zehar, edo?
Agintaldiaren lehen erdia asko baldintzatu zuen pandemiak eta bigarren zatia, berriz, prezioen gorakadak eta hornidura arazoek markatu dute. Egoera honek, etorkizun motzean izan ditzakeen eraginak aurreikustea zaila izateaz gain, Udalaren egunerokoan eragin handia du; zerbitzuen kostuak igotzea, hainbat proiektutarako inbertsioak aurreikusitakoa baino handiagoak izatea eta exekuzioak atzeratzea material faltagatik, adibidez.
"93 ekintza zehaztu genituen; 48 eginda daude eta 25 bidean. %78tik gora da hori"
Hasierako helburuak bete dituzue?
Udal Gobernura iritsi aurretik argi genuen Bergarak etorkizunera begirako ikuspegi estrategikoa behar zuela. Plan estrategikoaren garapenean jarri ginen lanean eta bertan ezarritako helburuei begira ekintza eta proiektu pila bat jarri dira martxan. Bergara Izan, Bizi, Ekin plana izan da gure iparrorratza, eta datu bat emango dizut: 2021eko otsailean aurkeztutako helburuak betetzeko 93 ekintza zehatzetatik 48 eginda daude eta 25 martxan; %78tik gora da hori. Kontuan izanda martxan ez daudenetako asko aurrekoen jarraipena direla esango nuke oso erritmo onean goazela ezarritako helburuen betetze-mailan.
"Gobernantza eredu berri bat" aldarrikatu duzue. Baduzu "eredu berri horren" adibiderik ematerik?
Herritarrekin eta eragileekin batera kudeatzea jarri dugu mahai gainean. Arloz arlo interesdunekin lantzen ditugu gaiak, eta, iritzi-jasotze hutsetik harago, benetako kogobernantza bat da gure helburua. Erabakietan parte hartzeak konpromisoak eta ardurak hartzea dakar; erabaki-gunea irekitzen duzun unetik, prest egon behar dugu gustukoak ez diren erabakiak hartzeko. Ehundu dinamika da eredu berri horren adibide bat, eta hortik bideratutako proiektuak: energia komunitatea, azoka... Herritarrak eta eragileak parte aktibo dira proiektu horietan.
"Administrazioa arintzeko mugak aurkitu ditugu"
Zertan asmatu duzue?
Bazterrekoak erdigunera ekartzen, proposamenaren sorreratik, lanketan eta azken emaitzan.
Eta zertan ez duzue asmatu?
Administrazioei egosten zaizkigun epe luzeei eta erantzunik ezari buelta ematen. Barne funtzionamenduan eragin nahian ari gara, baina muga handiak topatzen ari gara eta, oraingoz, ez dugu helburu hori bete.
Proiektu zehatzagoetara etorrita, ze arantza geratu zaizkizue?
Arantza bi geratu zaizkigu, bereziki: batetik, auzoekin eta auzoetako ordezkariekin ez dugu asmatu agintaldi hasieran aldatu eta indartu genuen lan-dinamika mantentzen eta egonkortzen. Auzoek Udala urrun ikusten dute eta ahaleginak egin ditugun arren ez dugu asmatu egoera hori iraultzen; beste arantza da alde zaharrean egiteke dauden berritzeei heldu ez izana. Bidekurutzetak, San Martin plazak eta Barrenkalek ez dute Bergarako alde monumentalak merezi duen itxura, baina aurrekontuek bere mugak dituzte eta, esan bezala, zentrotik harago dauden behar urgenteagoei heltzea lehenetsi dugu.
Bazterrekoak erdigunera ekartzen saiatu zaretela diozu; adibiderik?
Eremuei dagokienez, helburu horren barruan kokatuko nituzke Basarten egindako konponketak, Zabalotegiko eskolako eremua, Labegaraietako esparrua eta Amillagako herri sarrera berriro urbanizatzea. Pertsonei dagokienez, Udaleko eta aisialdiko zerbitzuetan aniztasun funtzionala aintzat hartzea, hirugarren adineko diagnostikoa bideratzea, etorkinen harrera lantzea eta Arin dependentzia arineko eguneko zentroa martxan jartzea aipatuko nituzke. Arloei erreparatuta, berdintasun politiketan agintaldian zehar aurrekontua ia hirukoiztu egin dugu, ingurumena kontuan izanda lur erosketa publikoa lehen aldiz bideratu dugu, plan estrategiko jasangarria garatu dugu, energia eta elikagai subiranotasunaren bidean jarri gara...
Azoka eta Arrizuriaga pil-pilean daude. Badago nobedaderik?
Bide onetik doaz. Eraikinetatik haragoko proiektuak dira, elkarlana oinarri, beste eredu batzuk sustatzen dituztenak... Bestalde, ilusio berezia egiten digute ortu komunitarioek; elikadura subiranoan pauso txiki bat emateaz gain, lortu da komunitate bat sortzea. Giro berezia dago. Abenduaren 21ean ireki zen Zubieta kalea. Pozik? Pozik, bizilagunekin egindako bilerak emandako emaitzekin eta orain arteko obrekin. Zubieta berrituta ikustea gauza ederra da, 40 urteren ondoren. Masterreka ere itxura antzekoarekin ikusteko desiratzen gaude.
Agorrosin futbol zelai berrituaren irekiera atzeratu egin da eta BKEren haserrea eragin du; ze gertatu da?
Hornidura arazoek obra-publikoan ere ez dutela barkatzen eta aurreikusitakoa baino epe luzexeagoa behar izan dela amaitzeko, administrazioak ez die-eta ihes egiten arazo globalei. Edonola ere, lehen fasea bukatzeko ukitu batzuk falta badira ere, zelai berria oso ondo geratu da eta aspaldiko eskaera zen bigarren zelaia erabilgarri dago dagoeneko. Kirol aisialdiaren ikuspegitik egindako beste inbertsio batzuk azpimarratu nahiko nituzke: Labegaraietako kiroldegia berritu zen 2020an, rokodromo berria eta skate-parkea barne. Pumptracka egitekotan ari gara eta eskola kirolean eta kirol egokituaren bueltan hainbat lanketa egin dira.
"Judizializatuta dago Larramendi; luze joko omen du"
Larramendiko planta: ze irakurketa egiten duzu prozesuaz? Ze etorkizun ikusten diozu gaiari?
Bergararron ordezkariek aho batez onartutako Plan Orokorraren kontra doan azpiegitura bat nola edo hala egin nahi izan dute gure herrian eta horretarako ez dute garbi jokatu. Gaia judizializatuta dago eta ematen du luze joko duela.
Badago aurrerabiderik Miguel Altuna zaharrarekin?
Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarraitzen dugu, behingoz Udalaren eskuetan egon dadin. 2002tik datorren kontua da eta harrezkero administrazioen artean egondako gaizki-ulertuengatik oso korapilatuta egon da gaia; orain, badirudi bideratzen ari dela.
Mugikortasun Plana iragarri zenuten, baina ez dago; zergatik?
Aurreko agintaldian egin zen diagnostikoa zaharkituta dagoelako, kontzeptualki; diagnostiko zaharkitu horretatik abiatuta, anbizio gutxiko ekintza-plan zirriborro bat dago mahai gainean, inoren espektatibak betetzen ez dituena. Ez du esan nahi ekintza-plan horretako proposamen batzuk aprobetxagarriak ez direnik, eta iluntzeetan egoiliarrak etxera itzultzen direnean dagoen aparkatzeko zailtasuna identifikatuta dago; gainerako orduetan datuek ez dute aparkatzeko arazo berezirik erakusten. Etorkizuneko mugikortasun eredua ikuspegi jasangarri eta anbiziosoarekin garatzeko beharra nabarmena da.
Hileta zibiletarako gune estalia noiz egongo da erabilgarri?
Errekalde jauregiko zalditegiak hileta zibiletara egokitzeko esleipen prozesua martxan jarri berri dago eta urte hasieran hasiko dira lanak. Ordenantza berriaren zirriborroa lantzen ari gara eta hileta zibilak egiteko aukera espazio ezberdinetara irekitzea da asmoa: eraikin publikoak, auzoetako frontoiak eta bestelako kanpo-eremuak.
"Oposizioak ez du izan proposamenak egiteko jarrerarik"
Nolakoa izan da harremana, oro har, oposizioko taldeekin?
Gure aldetik beti egon da elkarlanerako borondatea. Tamalez, oposizioaren jarrera ez da proposamenak egitekoa izan, orokorrean. Egin izan dituzten apurretan, aurrekontuen inguruan, esaterako, akordioetarako gai izan gara; horren adibide da lehen hiru urteetan kontrako boto bakar bat gabe onartu ditugula aurrekontuak.
EAJk kudeaketarik eza leporatu dizue...
Kudeaketa gabe ez dago abiatu dugun ekimen eta proiektu sorta martxan jartzerik. Zer esanik ez, bitartean egunerokoari erantzun, udal barruan berrantolaketa lanak egin eta langile publikoen egonkortze prozesu konplexuak kudeatzen badira. Udalaren funtzionamendua eta barne koordinazioa hobetzeko prozesu sakon batean gaude murgilduta, eta emaitzak ikusten hasiak gaude.
Zergatik erabaki duzu beste lau urterako alkategai aurkeztea?
Ziklo politikoek zortzi urtekoak izan behar dutela esan ohi da, eta badu zentzua. Agintaldiaren hasieran talde politiko-teknikoa sortzeak denbora behar izaten du; egiteko moduak aldatzeak eta proiektuak landu eta ontzen denbora behar izaten dute, eta administrazioa ez da batere arina prozesuetan. Bigarren agintaldi batek herritarrekin eta eragileekin egiteko moduak finkatzeko eta lehen lau urteetan ezarritako helburuak garatzeko aukera emango digulakoan gaude.