Kontzertua Bergarako Musika Bandak hasi zuen Steven Reineken Fate of the gods, lanarekin, Eskandinaviako mitologian oinarritutako lanean, hain zuzen. Hasiera misteriotsua izan zuen, beraz, kontzertuak, eta ondoren erritmo azkarrekin jarraitu zuen, haizezko musika-tresnen protagonismoarekin, eta oboearen bakarkako lasai eta gozo batekin. Bukaera oso indartsua izan du piezak tronpeten eta tronpen dei mitologikoekin. Frontoian, soinua, gainera "ikusgarria" izan zen.
Olentzero oporretan jo zuten ostean, Enrike Txurruka zuzendariak egindako moldaketarekin. Samba moduko bat izan da, "Olentzero Karibera joango balitz bezala", azaldu du Igor Larrañaga Bergarako Musika Bandako kideak. "Ezberdina izan zen eta jendeari asko gustatu zitzaion".
Ondoren, Bergarako Orkestra Sinfonikoak Romeo eta Julieta jo zuten, Txaikovskiren obra, baina Brubakerren moldaketarekin. "Teknikoki zaila jotzeko, eta sokek lan bikaina egin zuten frontoian", azaldu du Larrañagak. Jarraian Irlanda aldeko doinu zeltak entzun ziren Bergaran, oso dinamikoa eta azkarra.
Abesbatzei dagokionez, Aritzetak a capela pieza ederra abestu zuen eta pianoren laguntzaz ere kantu ederra eskaini zuen. Orfeoi gazte eta nagusiak, bestalde, mugimenduan oinarrituriko bi abesti eder eskaini zituen, eta nagusiek jazz estiloan, konbo talde batez lagundurik, bi abesti landu zituzten. Bakarlari moduan ere aritu zen Aitor Garitano bergararra, bikain, betiko moduan.
Bukaeran, Tintinnabulum jo zuten denek elkarrekin, kanpai askoren doinuekin, eta koruen soinu etnikoekin. "Ipuin bat modukoa da", azaldu du Igor Larrañagak.
Azkenean, urtero legez, Adeste Fideles eta Hator, hator eskaini zituzten denek batera.
Bideoan, kontzertuan parte hartu zuten talde guztiek batera abestutako Hator, hator kanta.