Mila Manovel: "Komertzio txikiak bizia ematen dio herriari"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 17a, 10:10

Mila Manovel, astelehenean, dendan egindako elkarrizketan. (Argazkia: I.A.A.)

Pandemiaren ostean jendea herrian erostera mentalizatuago dagoela dio, baina, hala ere, nabarmendu du seme-alabei transmititu behar zaiela bertan eroste hori.

Mila Manovel aholkularitza enpresa batean zebilen lanean ikasketak amaitu zituenetik; aldi batean, bi lanak tartekatu zituen, baina duela bederatzi urte lana utzi eta guztiz murgildu zen amak hasitako ibilbidean; zehazki, Mirari jantzi-dendan.

Asko kostatu al zitzaizun lanbidez aldatzea?

Ez. Duela 30 urte zabaldu zuen lehen denda amak, Zubiaurre kalean. Bizitza guztian joan izan naiz harekin erakusgaiak ikusi eta arropa erostera. Hasieran, mertzeria zeukan, baina gero, emakume, gizon nahiz haurren modan zentratu zen. Ibargaraira lekualdatzean, emakume eta ospakizun jantziei eutsi genion eta horretan jarraitzen dut.

Aholkularia izanik, moda-aholkuak ematea gustuko izango duzu.

Lanaren alderik onena da. Askok esaten didate gustatzen zaiela iritzi zintzoa ematea; arropa gaizki geratzen bazaie, esatea. Halakoetan, hobeto geratuko zaien beste zerbait bilatzen dugu.

Gabonetan herritarrek gehiago erosten dute komertzio txikian?

Uste dut pandemiaren ostean jendea gehiago mentalizatu dela eta erosketa gehiago egiten dituela herrian. Komertzio txikiak bizia ematen dio herriari. Hala ere, gurasook seme-alabak bertan erostera kontzientziatu behar ditugu. Komertzio txikia zer den irakatsi behar diegu, non eros dezaketen... Erraza eta erosoa da klik batekin produktua etxean izatea. Baina aukera onena da? Ez da hobe erosketak egitera joatea familiakoekin, lagunekin...? Ondo legoke berriro ere bizitza ematea uzten ari diren lokalei eta Bergara biziberritzen ikustea berriro.

Zer ematen dute komertzio txikiek?

Arroparen kasuan, kalitate hobeagoko arropa, bereziagoak direnak. Gainera, kalitate hori begiekin ikusten duzu.

Dagoeneko hasi dira bergararrak Gabonetako opariak erosten?

Batzuk bai, baina oraindik ez dago mugimendu handirik. Datorren astean gehiago nabarituko dugu; opariak erostea azken unerako utzi ohi da.

Merezi al du opariak azken momentuan erostea?

Hobe da lehenago erostea, eta nik hala egiten dut. Gero, askotan, gertatzen da zerbait nahi izatea baina ez aurkitzea, saldu egin delako. Egia da bakoitzak bere ordutegiak dituela eta ahal duenean egiten dituela erosketak.

Arropari dagokionez, zer oparitu daiteke?

Eskularruak, poltsak, prakak, jertseak... Askok konjuntoak eskatzen dizkidate. Nire dendako kasuan, behintzat, arazorik gabe egin daitezke aldaketak eta txartelak ere egiten ditut aurrerago zerbait hartu ahal izateko.

Istorioak Gabonetako erakusleihoen atzean

"Asko gustatzen zait erakusleiho lehiaketa; sariak ere irabazi ditut. Ideiak etorri ahala osatzen dut erakusleihoa. Aurtengoan, ama batek semeari Gabonetako ipuina kontatzen dio, eta semeak Gabonak zer diren galdetzen dio. Orduan, bi emakumek osatzen duten bikotea jarri dut, eta haurtxoaren lekuan, oreina. Gero, emakume bera jarri dut festarako jantzita zuhaitza atontzen. Beti istorio bat kontatzen saiatzen naiz, hori da garrantzitsuena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak