Familientzako formakuntza eskainiko du Udaleko Prebentzio Sailak

Koldo Zubia Salas 2022ko abe. 7a, 11:23

Seme-alaben heziketan zailtasunak dituzten familientzat zuzenduta dago formakuntza eta helburua da estrategia pertsonalak, emozionalak eta hezkuntzakoak bereganatzen laguntzea gurasoei. Bi taldetan banatuko dira gurasoak; 3 eta 11 urte bitarteko umeak dituztenak batetik, eta 12 eta 16 urte bitartean dituzten umeen gurasoak, bestetik. Bederatzi saio izango dira guztira, bi astetik behin, urtarrilaren 17tik ekainaren 6ra.

Aurreko urteetan bezala, 3-11 eta 12-16 urte arteko seme-alabak dituzten familientzako formakuntza programa prestatu du Bergarako Udaleko Prebentzioa Sailak.

Formakuntza programa honek, azken aldian familia egituran eta dinamikan izandako aldaketek seme-alaben heziketarako funtzioa betetzean sortutako zailtasunei erantzun nahi die. Zailtasun hauek orotarikoak izan daitezke: familia-sistemak berak dituen zailtasunengatik, –bi guraso daudenean eta horietako batek eragiten ez duenean; guraso bakarreko familiak; dibortzio edo banatze prozesu korapilatsua; bizitzako gertakari estresagarriak bizitzea...–  gurasoek erabiltzen dituzten heziketa-ereduengatik edo seme-alaben hainbat eratako arazoengatik –arazoak eskolako egokitzapenean edo errendimenduan, portaeran; drogen kontsumo goiztiarrak...–.

Formakuntza programaren helburu nagusia, gurasoei estrategia pertsonalak, emozionalak eta hezkuntzakoak bereganatzen laguntzea da, familiako bizikidetasuna errazteko eta gurasotasun-eredu positiboak garatzeko.

Beste helburu batzuk ere baditu programak, honako hauek besteak beste:

  • Aita-amen moduan autoestimua hobetzea, hezkuntza-gaitasunaren sentimendua areagotuz.
  • Seme-alaben eta gurasoen emozio eta sentimenduetan eragina duten faktoreak ezagutzea.
  • Guraso eta seme-alaben arteko loturak indartzea, komunikazioa hobetzea eta familiako gatazkak murriztea, entzute-gaitasunak, gatazken irtenbide positiboak eta negoziaziorako eta erabakiak hartzeko gaitasunak garatuz.
  • Garapen pertsonala modu eraginkorrean estimulatzea.
  • Jarrera eta diziplina arazoak prebenitzen ikasi.
  • Gurasoentzako erronka suposatzen duten arazoak prebenitzen eta konpontzen ikasi –drogen kontsumoa, eskola porrota...–.

Formakuntza saioen nondik norakoak

Talde batean, 3-11 urte bitarteko seme-alabak dituztenak egongo dira eta beste batean, 12-16 urte bitarteko seme-alabak dituztenak. Taldeak 6-10 pertsonakoak izango dira. Bederatzi saio izango dira guztira; hona hemen egunak: urtarrilak 17 eta 31; otsailak 7 eta 28; martxoak 14 eta 28; apirilak 18; maiatzak 2 eta 16; eta ekainak 6.

Ordutegiari dagokionez, 3-11 urte bitarteko taldea, 15:00etatik 16:30era elkartuko da eta 12-16 urte bitartekoa, 18:00etatik 19:30era. Talde biek Irizar jauregiko Euskaldun berri gelan izango dute elkargunea.

Hainbat eduki landuko dira formakuntza saioetan:

  • Familiaren egitura: gurasoen hierarkia, azpisistemen arteko aliantza egokiak –aita-amen artean, seme-alaben artean–.
  • Komunikazioa: entzute aktiboa, desberdintasuna onartzeko gaitasuna…
  • Gurasotasun positiboa: gurasoak ahaldundu.
  • Bizikidetasuna: bikotekideen arteko desberdintasunak egoki kudeatu, seme-alabengan ahalik eta gutxien eragiteko.
  • Lotura afektiboa: atxikimendua, lehentasunak, itxaropen zapuztuak, konfiantza galtzea…
  • Familia ahalduntzea: hutsegite-sentimenduak edo antzekoak gainditzeko oinarri gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak