Bergarako eskubaloi taldeko zuzendaritzan dagoen Eider Usobiagak txapelketa honen garrantzia azpimarratu du: "Emakumeen eskubaloia indar handia hartzen ari den honetan, Bergara Hiria eskubaloi txapelketak, eta Bergara Hiria programa osatzen duten gainerako txapelketek ere, garrantzi handia dute emakumeen kirolaren bultzadan zein ikusgarritasunean. Txapelketa honek kirolaren egungo paradigma eta balioak eraldatzea suposatzen du. Kirol aniztasuna bultzatzen duelako eta, aldi berean, kirolari eta generoari dagokion ikuspegia eraldatzen duelako".
Debagoieneko selekzioa, entrenamendu gutxi eginda
Debagoieneko selekzioa Arrasate, Oñati eta Bergarako jokalariek osatzen dute, eta taldeko hautatzaile Mikel Burguera gogotsu dago abenduaren 8ko txapelketarako: "Hasiera batetik jende justua hartu dugu asko jokatu dezaten. Dena den, badakigu ez ditugula partidu errazak aurretik. Izan ere, Gipuzkoako selekzioa beti izan da oso ona, Euskadi mailan lehenetakoa. Bestalde, Errioxako selekzioak eta ez ditu gauzak erraz jartzen. Entrenamendu gutxi egin ditugu baina oso positiboa izan da eta ondo ikusten ditut jokalariak".
Gipuzkoako selekzioa, azken urteetako irabazlea
Azken urteetako garailea izan da Gipuzkoako selekzioa. Taldeko hautatzaile Lorea Gabilondoren arabera jokalariak euren artean ezagutzen ari dira: "Ekipoa ilusioz, gogotsu eta lan egiteko konpromisoarekin dago. Talde lanak garrantzia handia dauka nahiz eta gure artean oraindik ez diren asko ezagutzen, hiru entrenamendu bakarrik izan ditugulako. Horrelako txapelketek jokalari moduan hezten jarraitzeko, esperientziaz ikasteko eta disfrutatzeko aukera ematen duten; talde moduan ahal dugun dena ematen saiatuko gara".
Errioxako selekzioa, Espainiakora begira
Amaitzeko, Errioxako selekzioa urtarrilaren 3tik 8ra Murtzian jokatuko den Espainiako txapelketa prestatzera etorriko da Bergarara.