Abenduaren 10ean estreinatu ahalko du BKEk Agorrosin berritua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko abe. 5a, 16:48
Agorrosin futbol zelaia erabiltzeko moduan dago. Argazkia: Bergarako Udala.

Gaurtik, abenduak 5, erabiltzeko moduan dago Agorrosingo futbol zelai berritua. "Erabilera publikoa emateko beharrezko baldintzak betetzen dira; gaurtik aurrera has daitezke taldeak bertan entrenatzen, eta asteburuan hasiko dira partiduak", adierazi dute Udaletik. Zumaiakoren aurka estreinatuko du BKEko ohorezko erregional mailako gizonezkoen taldeak zelai berritua, abenduaren 10ean (16:30).

Udaletik gogora ekarri dutenez, Agorrosin berriturako lehen faseko lanak izan dira amaitu berri direnak: "Belarra kendu eta soropil artifiziala jarri da, instalazio elektrikoa berritu da, eta zelaiaren inguruan hainbat lan ere egin dira, esaterako, pista perimetrala asfaltatzea, edota harmailak eta jokalarientzako aulkiak garbitzea eta margotzea".

Harmailak margotuta. Argazkia: Bergarako Udala.

Lehen faseko beste lan batzuk

Horrez gain, Udaletik adierazi dute lehen fasetik lan batzuk amaitzeke daudela: "Futbolean aritzeko espazio ederra eta berritua eskaintzen da. Ikusleentzako zerbitzuetan eta paseatzeko gunean, berriz, oinarri-oinarrizko zerbitzua emango da, beste faseak egin bitartean. Partidu egunetan erabiltzeko komunak, esaterako, zaharkituta daude, eta margotu eta zertxobait txukundu egin dira. Gogoan izan behar da aspaldi egindakoa dela instalazioak. Gainera, badira lehen fasea amaitzeko falta diren lanak, eta abenduaren amaierarako izatea espero direnak: markagailu berria, jokalarientzako aulkiak, mini estadioko belar berria eta futbol zazpiko bi ate mugikorrak".

Zelai berritua. Argazkia: Bergarako Udala.

BKEren joan den asteko protesta

Joan den astean komunikabideetara igorritako oharrean, Bergara Kirol Elkarteko ordezkariek "penaz eta haserre" hartu zuten irekiera atzeratu izana: "Aurreko astebururako [azaroko azken astebururako] adostuta zegoen estreinaldia bertan behera geratu zen eta aste honetarako prest egongo zela esan zuten arren, ez da zelaia gertu egongo. Noizko izango dugu Agorrosin martxan? Astero ari gara entrenamendu saioak moldatzen eta ez dugu lanak amaitzeko inongo konpromisorik ikusten. Adar jotze bat iruditzen zaigu futbol zelaiarekin gertatzen ari dena, asteak pasa baititugu obrei begira, askotan inolako aurrerapenik egiten ez zela etsipenez ikusita. Irailean zelai berriaren ilusioarekin abiatu genuen denboraldia baina astero aurkitu izan ditugun ezustekoen ondorioz, jokalarien ilusioa hondoratu eta haserrea areagotzen ari da".

Erlazionatuak

Ipintzan jokatuko da azkenean derbia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022 aza 25 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak