'Bretxa' estreinatzear, atzerako kontaketa abian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 2a, 09:03
Antzezleak entseguan joan den domekan. (Argazkia: Imanol Soriano)

Urtarrilaren 13an estreinatuko du Toti Martinez de Lezearen 'Bretxa' eleberrian oinarritutako musikala Bergarako Antzerki Musikala Elkarteak, eta entsegu irekia egingo du herriko kultur eragile eta taldeentzat domekan, Ipintza Institutuko aretoan.

Urtarrilaren 13an estreinatuko du Bergara Antzerki Musikala Elkarteak Bretxa, 1813 Donostiako sutea musikala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta bertan arituko da 14an eta 15ean ere; hain zuzen, duela 30 urte elkarteak lehenengo musikala –Miserableak– estreinatu zuen leku berean. Toti Martinez de Lezearen eleberria da Valen Moñuxen eta Oihan Vegaren zuzendaritzapean 150 lagunek taularatuko dutena.

Hilabete eta erdiren faltan, entseguetan murgilduta dabiltza, eta domekan, 18:00etan, entsegu irekia egingo dute herriko kultur eragile eta taldeentzat Ipintza Institutuko aretoan. Zerbait berezia izango dela aurreratu du Vegak, baina "ez da emanaldi edo estreinaldi bat izango; ezta entsegu soila ere".

Gonbidapena dutenak joan ahal izango dira –60 gonbidapen inguru banatu dituzte–, eta, esan duenez, "gutxi gorabehera, mundu honetako adituak eta urte hauetan zehar gurekin kolaboratu dutenak baina oraingoan ez daudenak" gonbidatu dituzte; konfiantzazkoak, ikuspuntu aditu eta kritikoa izateko"; modu horretan, haien iritzi eta proposamenekin hobekuntzak egin eta ikuskizuna "findu" nahi dute estreinaldira begira.

Herritarren ikuspuntutik

Moñuxek gomendatuta hasi zen Vega Toti Martinez de Lezearen eleberria irakurtzen, eta, aitortu duenez, eleberria irakurtzen amaitu aurretik "irakurritakoa musikal batean nola geratuko zatekeen irudikatzen" ari zen. Gainera, familia erdi donostiarra du, eta, dioenez, "donostiartasuna" etxean bizi izan dute amaren eraginez, nahiz eta Bergaran bizi izan bizitza osoan: "Amak betidanik irakatsi izan dizkit danborradako kantuak, kaldereroak... Orduan, osagai horiekin guztiekin erabaki nuen aurrera egitea".

Miserableak izan zen taularatu zuten lehengo obra. Vegak aitortu du orduz geroztik gehiago zentratu direla familia edo haurrentzako musikaletan: "Jatorrira itzuli nahi genuen. Hura Frantziako drama bat zen, eta zergatik ez kontatu, ezta, gure drama bat".

1813ko Donostiako sarraskia du abiapuntu lanak, baina emakumeen ikuspuntutik kontatu nahi izan dute: "Totik berezitasun hori dauka bere eleberri historikoetan. Gainera, gehienetan, ikuspuntu militar eta politikotik kontatu izan ohi da historia hori".

Lan "oso zailtzat" definitu du Vegak eleberria taulara egokitzea, dena ezin baitute taularatu: "Zailena da eleberria ez distortsionatzea. Liburuak askotan daude pentsatuta historia lineala izateko, baina musikal batean gorabeherak egon behar dira, eta forma musikala eman behar zaie hitzei. Ezin dituzu jarri lau bakarrizketa dramatiko jarraian. Tartean zerbait alaia sartu behar duzu. Hori dena koordinatzea da zailena, nire ustez".

Ekitaldiak, estreinaldi aurretik

Estreinaldiaren aurretik hainbat ekimen berezi egitekoak dira, musikala eta 1813ko gertakaria oinarri hartzen dituztenak; horren barruan sartzen da domeka honetako entsegua.

Abuztuaren 31n, esaterako, erakusketa bat jarri zuten Gipuzkoako hiriburuan, 1813ko egun hartan gertatutakoa erakusteko: "Bideoak, jantziak, balak, bonbak eta fusilak genituen erakusteko".

Halaber, badute asmoa urtarrilaren 13a baino lehen beste pare bat ekitaldi egiteko; horiek ere Donostian izango dira. Alde zaharrean dantzatuko dute, baina baita Bretxa merkataritza-gunea dagoen merkatuan ere. Vegak azaldu du hor zegoela benetako harresia eta musikalak ere horri egiten diola erreferentzia: "Han zegoen harresiko zirrikitua, eta handik sartu ziren ingelesak. Bertan dantzatuko dugu. Jendea erosketak egiten ibiliko da merkatuan eta bat-batean soldadu frantziarrak eta ingelesak ikusiko ditu".

Urduritasuna eta ilusioa

Aste batzuk faltan, urduritasuna eta ilusioa "eskutik emanda" doazela dio Vegak. Nahiz eta dagoeneko hamabigarren musikala izan, jende eta elkarte gehien bildu dituen lana da.

Gakoa domekako entseguan dagoela dio: "Gaizki ateratzen bada, urduriago jarriko gara; gutxi gorabehera ateratzen bazaigu, hobetu egin dezakegu, hilabete geratzen baita".

Autobusa Donostiarako

Donostiako hiru emanaldietarako autobus bereziak antolatu ditu Bergarako Udalak, eta txartelak abenduaren 5etik aurrera egongo dira salgai, bi euroren truke, www.seminarixoa.eus webgunean. Autobusera igotzeko beharrezkoa izango da autobuseko nahiz musikalerako sarrera gidariari erakustea. Vegak gaineratu du modu bat dela jendeari bidea errazteko: "Baina gure konpromisoa ere bai orain daukagun klima larrialdiaren kontra, jendeak ez dezan autorik hartu; jakin badakigulako Bergaratik nahiz bailaratik jende mordoa aterako dela Donostiarantz".

Halaber, urtarrilaren 13ko, 14ko eta 15eko emanaldietako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bretxamusikala.eus webgunean eta Victoria Eugeniako txarteldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak