Mediku, erizain edo fisioterapeuta izan nahi zuela argi zeukan Ione Moñux bergararrak. Azkenean, fisioterapia aukeratu eta Soriara joan zen ikastera. Beste zentro batean lan egin ostean, duela 17 urte zabaldu zuen fisioterapia zentroa jaioterrian.
Nolatan fisioterapeuta?
Umetatik tirita-zalea izan naiz eta fisioterapia aukeratu nuen kirolarekin zuen erlazioagatik. Zer zen ikusi nuenean, geroz eta gehiago gustatu zitzaidan; oso zabala baita gure lana.
Pazientearen mina artatzen duzu.
Horretarako, erreminta asko erabiltzen ditut: fisioterapia, osteopatia, psiko-neuro-immunologia... Jendeak azken hori ez du ezagutzen, baina horrek organismoari eragiten dion guztia hartzen du kontuan: bizi-estiloa, elikadura, loa, atsedena, ariketa fisikoa eta emozioak, besteak beste. Neuromodulazio ez-inbaditzailea erabiltzen dut. Formatzen joan naiz eta jakintza horien nahasketa egiten dut.
Beraz, giharreko minaren arazoa errutinatik etor daiteke?
Askotan, pazientea problematika batekin etortzen da, baina, horri tiraka hasten garenean, bestelako arazoak ikusten ditugu: estrespean dagoela ikusten dugu, edo ez duela ondo lo egiten, elikadura ez dela egokia...
Neuromodulazioa aipatu duzu. Zertarako erabiltzen duzu?
Loa tratatzen dut, batik bat. NESA deitzen da eta emaitza oso onak ematen ditu. Jendea oso gustura dago. Orkatilakoak eta eskumuturrekoak eta beste elektrodo batzuk jartzen dira zirkuitua ixteko. Frekuentzia baxuko korronte batzuetan jartzen da gorputza eta nerbio-sistema autonomoa modulatzen da horrekin, eta oreka bat sortu. Loan eta maskuri hiperaktiboan hobekuntzak ikusi ditugu, eta gustura nago emaitzarekin.
Sarriago joan beharko genuke fisioterapeutarengana?
Bai. Patologiarik ez izan arren, urtean pare bat aldiz etortzea komenigarria dela uste dut. Denoi datorkigu ondo; mantentzerako eta molestiak ez ditugulako nabaritzen.
Lanaren alderik onena?
Pazienteei laguntzea. Kontsultara sartzean baino hobeto ateratzen direla ikustea pozgarria da. Gainera, harreman estua egiten dut eurekin saioetan. Zeintzuk dira zure zaletasunak? Mendira joatea gustuko dut; baita irakurtzea, jendearekin sozializatzea eta familiarekin egotea ere.
Bergarako lekurik gustukoena?
Gorlarako oinezko bidea. Astean pare bat aldiz egiten dut eta oso gustuko dut.
Gorputza indartsu mantentzea da gakoa
"Bizkarreko mina da ohiko lesioa, baina ekidin daiteke. Jendeari gomendatzen diot bizitza estiloa aldatu eta ariketa fisikoa egiteko; nork bere neurrira. Askotan, aztertu behar da loa, elikadura... Baina gorputza indartsu mantentzea da sekretuetako bat. Jendeak zortzi orduz egiten du lan eserita eta uste du postura horrek ez duela kalterik egiten. Baina jarrita egoteko, muskulaturak sendo egon behar du, eta urteak aurrera doazen heinean, sendoago".