"Urri" dauden elikagai bankuak betetzera

Hasier Larrea 2022ko aza. 25a, 13:42

Bergarako elikagai bankuko apalak, erdi hutsik.

Bergarako elikagai bankuak urteroko janari bilketa handiena egingo du gaur eta bihar artean. Bailarako 24 denda eta supermerkatutan egongo dira boluntarioak, herritarrengandik produktu lehorrak eta haurrentzako fardelak zein esnea jasotzen.

Bergarako San Juan auzoan dago Gipuzkoa mailako bi elikagai bankuetako bat. Debagoienean, Debabarrenean, Urola Garaian, Urola Erdian eta Goierrin dohaintzan jasotako jakiak gordetzen dituzte bertan, komertzioek, elkarteek eta norbanakoek emandakoak. Oiartzungo elikagai bankuarekin batera produktuak Donostiara eramaten dituzte, han premia handiena dutenei banatzeko. 

Profila aldatu egin da

 Orain arte, etorkinak izan dira zerbitzu horretaz gehien baliatu direnak, baina, Bergarako elikagai bankuko kide Joxe Mari Beitiak azaldu duenez, "pandemia ostetik nabarmen hazi da Euskal Herrian jaiotakoen eskaria, prezioen gorakadagatik eta komertzioetan baztertutako elikagaiak lortzeko gero eta traba administratibo handiagoak daudelako". 

Neguari aurre egiteko 

Aurreko aldietan eskatutako produktuak eskatu dituzte oraingoan ere, asteon dendetan kartelak jarrita jakinarazi dituztenak: "Kontserbak, dilistak, garbantzuak... baina kostu handiagoko produktuak ere, hala nola haurrentzako fardelak eta esnea". Horiek bailarako 24 denda eta supermerkatutan entregatu ahalko dira, sarreretan kokatuta egongo diren boluntarioei propio emanda. Jakiak beharrean bonuak erosteko aukera ere eskainiko dute komertzio handietan. 

Udaberriko kanpainan adierazi zuten bezala, elikagaien bankuak "minimoetan" daude azkenaldian. "Ea eskaria asetzeko lain jasotzen dugun, baina, ziur aski, abendu gogorra pasako dute zenbait familiak", azaldu du Beitiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak