Gabonetarako berrituta egongo da Bergarako Zubieta kalea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 25a, 12:47

Bi langile Zubieta kaleko errepidean lanean, eguazten arratsaldean, eskola zaharretik gertu.

Zubieta eta Masterreka kaleak berritzeko lanak "aurreikusi moduan" doaz. Helburua da Zubietako bigarren fasea Gabonetarako amaitzea eta aste horietan ardatza trafikora zabaltzea; Masterrekan urtarrilaren 9an hasiko dira lanak, bizilagunekin batzartu ostean.

Agintaldiko obra esanguratsuena izaten ari den Zubieta eta Masterreka kaleak berriro urbanizatzeko lanak martxa onean doaz. "Aurreikusitakoaren arabera", Udal Gobernuak adierazi duenez. Gogora ekarri behar da Bergaran aspaldian egin den hirigintza obrarik handiena dela Zubieta eta Masterreka ardatza berritzeko asmoz abiatutakoa; aspaldian bertan interbentzio aipagarririk egiteke, zaharkituta geratu zen ardatz osoa berritzeko lanetan dihardute. Eta inbertsio zein eragin aldetik proiektu handia izatera, gogora ekarri behar da hiru fasetan ari direla gauzatzen; lehen fasean, Zubieta kaleko zubitik Infernukuako bidegurutzerainoko tartea berritu zuten, 2022ko urtarril erdialdetik uztail erdialdera bitartean.

Bigarren fasea, Gabonetarako

Bigarren fasean dihardute orain lanean buru-belarri, Zubietako zubitik eskola zaharrerainoko tartean: "Une honetan Zubietako bigarren fasea lantzen ari dira, eta Gabonak baino lehen amaitzea espero da. Beste lan batzuk egin behar dira kale bereko 2. eta 4. zenbakien atarietako aurreko zatietan, eta, beraz, aldi berean egingo dira. Atzo, azaroak 24, hasi ziren, eta aurreikusten da hiru astean amaitzea. Lan horiek gauzatu bitartean, oinezkoen bidea moztuta egongo da". Hori bai, Udal Gobernutik aurreratu dutenez eta azken orduko arazorik ez badago, behintzat, Gabonetan zehar trafikora zabalik egongo da urtarrilaren 17a ezkero itxita egon den Zubieta kaleko errepide zatia; betiere, asfaltatu egin behar dute lehendabizi, eta, giroa aldekoa bada, asfaltatu ostean irekiko dute.

Masterreka, urtarrilaren 9an

Hirugarren fasean Masterreka kalea berrituko dute: "Masterreka kaleko obren prestaketa lanak ere datozen egunetan egitea espero da, baina erabaki da urtarrilaren 9ra arte kale honetako obrekin ez hastea. Obrak eten egingo dira Gabonetako asteetan, herritarrek ez ditzaten jasan obraren beraren eta ibilgailuen trafikoan ezinbestean egin beharko diren aldaketak".

Hirugarren faseko Masterrekako lanak urtarrilaren 9an hastea aurreikusten dute

Obrak hasi aurretik, aurreko bi faseekin egin moduan, bilera informatiboa deituko du Udal Gobernuak Masterreka kaleko bizilagunekin: "Udalak abenduan bilera informatiboa egitea aurreikusten du, lanek inguruko biztanleengan eta haien mugikortasunean izango duten eragina azaltzeko, eta baita sor daitezkeen zalantza edo galdera guztiei erantzuteko ere".

Masterreka kalea itxita egoteak ibilgailuen trafikoan eragingo dituen aldaketaren berri, beraz, aurrerago emango du Udal Gobernuak; betiere, bizilagunen iritziak eta ekarpenak jaso ostean.

"Apustu handia" Udalarentzat

Obra hasi aurretik Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi duenez, "apustu handia" izan da Udalarentzat hura abiatzea: "Azken urte askotako inbertsiorik indartsuena izango da; lehen aldiz urte bat baino gehiagoko aurrekontua baldintzatuko du proiektuak. Izan ere, hiru urterako aurrekontua konprometituko du. Oso apustu inportantea egin dugu". Proiektuaren aurrekontu osoa 2.350.000 euro ingurukoa da eta exekuzio epea 18 hilabetekoa; hau da, fase bakoitza gauzatzeko seina hilabete inguru zehaztu zituzten eta, gorabeherak gorabehera, aurreikusitako epeetan gauzatuko dira lehen bi faseak.

Bi noranzkokoa, ezinbestean

Obraren helburu nagusia da ardatz osoan irisgarritasuna hobetzea, eta, horretarako, besteak beste, espaloien zabalera metro eta erdikoa izatea lortu nahi dute, kale osoan muga tekniko handiak egonda ere. Errepide berria zaharra baino nabarmen estuagoa izango da ardatz osoan, baina errepideak bi noranzkokoa izan beharko du etorkizunean ere, Deba bailara Elosuarekin eta Azkoitiarekin lotzen dituen errepidea ere badelako, besteak beste. Horrez gain, ardatz osoan espaloien zabalera metro eta erdikoa izan dadin bermatzeko aparkaleku batzuk galdu egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak