Freskotasuna eta eskarmentua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko aza. 25a, 09:00

Ktarsia, Iluminatizz, Erromintxelak eta Etxepe taldeak izango dira gaur lehian.

Ktarsia, Iluminatizz, Etxepe eta Erromintxelak taldeek osatzen dute gaurko lehiakideen zerrenda; 21:30ean hasita, ordu erdiko emanaldi bana egingo dute Seminarixo barruan; Ion Arteaga Buda bergararrak girotuko du chill out gunea, 21:00etan.

Hogei talde ari dira bosgarren Danbaka musika lehiaketan lehian; hiru kontzertutan banatuta, dagoeneko hamabi musika proposamen bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da, eta beste lau talde izango dira gaur, egubakoitza, 21:30ean hasita, Seminarixo barruko agertoki gainean finalerako txartela eskuratzeko lehian.

Sarrera arrunta, lau euro; 'Goiena APP'-a dutenek, bi euro; Goienakideek dohainik

Leihatilan eskuratu behar dira sarrerak eta hainbat salneurri daude: lau euro, sarrera arrunta; Goiena APP-a dutenentzako, bi euro; eta Goienakideentzako, dohainik.

Denetarikoak gaur ere

Aurreko emanaldietan moduan, 21:30ean igoko da lehenengo lehiakidea taularen gainera: Bergarako hiru neska gaztek osatzen duten Ktarsia izango da oraingoan. "2020ko abenduan kasualitatez sortu genuen taldea eta kasualitatez jarraitzen dugu jotzen. Bertsioak egiten genituen hasieran, nagusiki, baina hasi gara gure kantuak sortzen. Bi gitarrarekin eta kaxarekin igoko gara taularen gainera, modu akustikoan pop eta rock doinuak eskaintzeko".

Doinu akustikoak, jazz ukitudunak, rockzaleak eta urbanoak, gaurko eskaintzan

Aretxabaletako eta Otxandioko musikariak batzen dituen Iluminatizz taldeak hartuko du lekukoa. "Oinarrian rocka bada ere, ez dugu estilo zehatzik eta prest gaude eremu berriak esperimentatzeko. 2014an sortutako proiektua da; 2015ean egin genuen lehen kontzertua, baina bereziki pandemia garaian indartu zen taldea".

Musika urbanoa eta jazza

Danbakaren ezaugarria da askotariko talde motei eta estiloei tokia egitea, eta gaurko eskaintza ere horren erakusle da. Musikari profesionalak eta irakasleak dira Seminarixoko agertoki gainera igoko diren hirugarren taldeko kideak; bada, jazzaren sustraietara bidaia bat proposatuko du Erromintxelak boskoteak, betiere, Europako musika tradizionalarekin nahastuta eta inprobisaziorako gaitasun nabarmena erakutsita. "Gipsy swinga lantzen dugu; hala, mu- sika dantzagarria eta alaia eskainiko dugu".

Debagoienean egosten ari den musikaren adierazle, doinu urbanoek borobilduko dute gaurko lehiakideen zerrenda, autotunea lagun, rapa, trapa eta bestelako doinuekin dantzarako eta festarako gonbidapena eginez Arrasateko Etxeperen eskutik.

Chill out gunean elektronika

Gozoa da Seminarixo kanpoan dagoen chill out gunea. Gustura hartzen dute kontzertuetara doazen zaleek. Aretora sartu aurretik, gozoki aproposa da Sanprubusa ate ondoan aurkitzea, zerbait edan eta jateko aitzakia aproposa, zuzeneko musika lagun. Bikote akustikoa izan zen gonbidatua aurreko emanaldian, eta elektronika doinuek hartuko dute lekukoa gaur, 21:00etan, Ion Arteaga Buda gonbidatuta. Bergarako Txapa Irratiko Haus of Beats saioko gidarietako bat da Buda, musika elektronikoan ibilbide luzea duen bergararra.

Goiena telebistan eta sarean

Lehiakideen emanaldiak osorik grabatzen dira, Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian eskaintzeko gero. Eguenetan eskaintzen dute telebistan, 21:00etan eta 23:00etan, eta asteburuetan ere beste hainbat emanaldi izaten dira.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak