Kazetaritza performatikoak hartuko du Seminarixoa hilaren 26an, 'Ogiak hizketan baleki' obrarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 23a, 15:55
Josune Velez de Mendizabal, Josefa de Mugikaren paperean. Argazkia: Mamiak kolektiboa.

Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki obra hilaren 26an helduko da Bergarako Seminarixora (20:00). Kazetaritza performatikoa proposatzera datoz, lantaldeko komunikazio arduradun Txema Ramirez de la Piscinaren arabera: "Ahanztura baten kronika da gure proposamena; XIX. mendeko pasadizo bat berreskuratu eta egungo klabeetan eskaini XXI. mendeko publikoari". Sarrerak salgai daude.

Obra bereziaz gehiago jakiteko, lantaldeko hiru kide elkarrizketatu ditu GOIENA-k:

-Irakurlea kokatzeko: zer kontatzen du obrak? Ze helbururekin sortu duzue?

Txema Ramirez de la Piscina: Ahanztura baten kronika da gure proposamena. Gerra guztietan gertatu ohi da: askoz gehiago da kontatzen ez dena garaileek kontatzen digutena baino. Obrari abiapuntua ematen dion gertaera Gasteizen jazo zen lehen karlistaldian. Gure begirada jarri dugu gertaera lazgarri batean: 1835eko abendutik 1836ko apirilera bitartean Gasteiz okupatzen zuten 1.200-1.500 soldadu liberal ingeles hil egin ziren. Historia ofizialaren arabera, Jose de Elosegi okin karlistak den-denak hil omen zituen pozoitutako ogia erabiliz. Egia izan ote zen? Fake news baten aurrekariaren aurrean gaude? Ez da inoiz argitu. Batzuen arabera Elosegi historiara pasa da inoiz izan den serieko hiltzailerik handiena bezala. Berez, jazoera hori ikaragarria izan bazen ere (pozoiketa masiboa inoiz demostratu ez bada ere) guk beste nonbaiten, beste norbaitengan jarri dugu fokua, Jose de Elosegiren alarguna izan zen Josefa de Mugikarengan, hain zuzen ere. Zer sentitu zuen emakume hark bere senarra garrotez exekutatu aurreko egun eta ordu lazgarri haietan? Hauxe gure helburua: ahanzturan zegoen XIX. mendeko pasadizoa berreskuratu eta gaur egungo klabeetan eskaini XXI. mendeko publikoari begira.

-Nolakoak izan dira, harrera aldetik, orain arteko emanaldiak?

Josune Velez de Mendizabal: Hasieratik oso ondo funtzionatu duen lana izan da. Dena hasi zen Txemaren eskutik. Berak eman zigun albistearen berri eta horren harira antzezlan bat egitea  proposatu zidan. 2021ean Toparaba deialdiaren lehen ediziora aurkeztu ginen egitasmo batekin eta irabazle suertatu ginen. Lanean jarri eta sei hilabete buruan Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu genuen, jendea kanpoan geratu zen, benetan interesa zegoen egindakoa ezagutzeko.

Ordutik urtebete pasatu da eta biran jarraitzen dugu, kolektibo berria garen heinean programatzaileek ateak irekitzea ez da erraza baina kolektibo mamitsua gara, oparoa alegia. Kazetariak, historialariak, irakasleak, artistak, antzezleak… Eta mugitu gara , mugitu dugu. Bai antzokietan (Kanpezu, Zigoitia, Bilbo…) bai kalean (Kaldearte Gasteiz) baita EHUko eremuetan (Gasteizko campusean eta Leioako Kazetaritza fakultatean). Denean harrera oso ona izan du. Antzezlan anitza da, historia, umorea, gorputz mugimendua… eta norberak bere gozamenetik heltzen dio.

Doala aurretik Josefa de Mugika gorpuztea ziragarria iruditzen zaidala. Emakume honetaz ezer gutxi dakigu, izen abizenak eta okinaren emaztea zela, alegia. Zer sufrituko zuen? Nola egingo zion aurre gertakariari? Ze aukera zituen adierazteko? Nolako zen XIX. mendeko emakumea? emaztea? Eta, alarguna?

-Kazetaritza performatikoaren adibidea ei da obra. Zer da? Zergatik bataiatu duzue horrela?  Zergatik da horren diziplina ezohikoa?

Txema Ramirez de la Piscina: Kazetaritza performatikoa ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzeen dituen artefaktu kultural bat da. Ezkutuan, bazterrean zegoen gertaera bat aztertu, ikertu eta behatu ondoren, egungo errealitatera ekarri dugu. Etiketa ez da gurea. Argentinatik dator. Han Anfibia agerkari digital feministak duela lau bat urte landu zuen bide hau eta oso modu arrakastatsuan gainera. Kolonbiara ere hedatu dute azkenaldian.

Istorioak eta historia kontatzeko beste modu bat da kazetaritza performatikoa, esfera publikoan jarduteko beste saiakera bat. Kazetaritza performatikoa marka bat da. Gure artean bestelako etiketak erabili izan dira antzeko helburuak dituzten praktika eszenikoak izendatzeko —herriaren antzerkia, antzerki soziala, esaterako—. Bide horretatik doa gurea.

-Zergatik uste duzue geratu dela ahanzturan 1.200dik gora soldadu ingeles horien erailketa? Eta zergatik uste duzue leporatu zitzaiola hori guztia Jose de Elosegiri?

Edu Zelaieta: Lana sortzeko prozesuan, zenbait kontu aipatu izan ditugu gure artean, baina halako gertakari historiko latz baten ahanzturaren erabateko azalpena ematea oso zaila da. Gogoan hartu behar da, hildako soldadu ingelesez gainera, Gasteiz hainbat tropa militarrek guztiz hartua zegoela, orduko hiri txikia sekulako kaosa zela, jendea gaixorik, zegoen, goseak, hotzak, miseria gorrian gerra baten testuinguruan. Eta, noski, propaganda gerra itzela. Orduan eta geroago.

Bigarren galderaren zergatia errazagoa iruditzen zaigu: segur aski, ofizial ingelesek, haien gudarosteak ez matxinatzeko, pagaburu bat behar zuten, eta Jose de Elosegik (eta haren laguntzaileak) profil ezin egokiagoa zu(t)en horretarako: hirian ezaguna, aldez aurretik negozioa egina eta handitua, nolabaiteko eragina zuena kontu publikoetan… agian garaiko influencer karlista bat zela ere esan liteke. Exekuzioa izan eta berehala utzi zuten hiria Gipuzkoa aldera etortzeko.

-Zergatik joan beharko litzateke herritarra obra ikustera?

Edu Zelaieta: Arrazoi batzuk eman daitezke. Batetik, Gasteizen gertatu zenaren testuingurua, lehen karlistada, oso ezaguna egingo zaiolako ikusleari. Bestetik, garaiko gertakari oro har ezezagunak ezagutzek aukera izango duelako, eta, gainera, gurean bederen, modu berritzailean, artearen edota diziplinartekotasunaren aldetik. Era berean, lanaren ondoren, diziplinarteko taldearekin hitz egiteko aukera ere egongo da: sortze prozesuaz, orduko eta egungo albiste faltsuez, nor izan ote zen Josefa de Mugika…

-Ezer gaineratu nahiko zenukete?

Josune Velez de Mendizabal: Oso polita eta aberasgarria izan da kolektibo anitz honetan parte hartzea. Eta batez ere Josefa de Mugikaren pertsonaiari gorputza eta ahotsa jartzea berezia da.

Honako kide hauek osatzen dute Mamiak kolektiboa:
 • Marina Suarez (zuzendari eszenikoa)
 • Irantzu Lekue (arte zuzendaria)
 • Josune Velez de Mendizabal (aktorea)
 • Edu Zelaieta (gidoilaria)
 • Ander Gondra (ikerketa historikoa)
 • Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak