Azken zazpi urteak egin ditu Udalean Maite Agirrek (Bergara, 1987), 2015etik 2019ra Gobernuan eta 2019tik gaur egunera arte oposizioan.
Hasteko eta behin, nola zaude? Zein da zure egunerokoa?
Ondo nago. Lan askorekin, baina ilusioz. Goizean udaletxean edo batzokian burutzen dut jarduna eta arratsaldeetan hamaika bilera izaten ditugu. Kontziliazioaz eta erantzunkidetasunaz asko hitz egiten den garaiotan, oraindik ere zaila da lana, familia [bi ume ditu] eta denbora propioa uztartzea. Bikotekideak etxetik kanpo egiten du lan, eta nire kasuan, gainera, ordutegi zehatzik gabe. Gure kasuan, eskerrak aitona-amonei, euren laguntzari esker gara-eta guztia antolatzeko gai.
"Ez da eztabaida askorik egon, EH Bilduk ez duelako garatu proiektu estrategikorik"
COVID-19aren agintaldia izan da. Nola bizi izan zenuten Udalean?
Ustekabean harrapatu gintuen... Gogoan dut itxialdia hasi aurreko egubakoitza, sinestezina zen zetorkiguna! Ideologia politikoak alde batera utzi, eta lan egin genuen ahalik eta erantzun onena emateko. Jarraipen bileretan hainbat proposamen egin genituen; tamalez, Gobernuak ez zituen kontuan izan. Gure gizarteak bizi izan duen egoerarik latzenetakoa izan da. Aurretik ez dugu parekorik bizi izan, eta konturatu gara edozer alda daitekeela gutxien espero dugunean. Momentu zail haietan ikusi dugu elkarrengandik inoiz baino urrunago egon arren elkar babesteko gai izan garela. Eta orain, egunerokora itzuli garenean, uste dut gehiago baloratzen dugula lehen normaltzat jotzen genituen momentuak, familian, lagunartean edota lantokian.
Nola baloratzen duzu agintaldia?
EAJren jarduna positiboa izan da, proaktiboa, ekarpen askorekin: pandemian bergararrak izan genituen erabaki bakoitzaren erdigunean; proiektuak mahai gaineratu ditugu… Baina, tamalez, asko ez dira kontuan hartu, eta beste hainbatek gauzatu gabe jarraitzen dute. Era berean, Udal Gobernuak guk proposatutako hainbat ekimen bere egin ditu; esaterako, Arin zentroa eta hileta zibiletarako espazioaren egokitzea, azken hau oraindik ere egiteke dagoena; hori ona da herriarentzat, baina agerian uzten du EH Bilduren ahultasuna.
Nola konpondu zarete EH Bildurekin?
Arlo pertsonalean harreman ona dugu, errespetuzkoa. Harreman politikoa, ordea, zenbaitetan deserosoa izan da. Gobernuak ez ditu kritikak ondo hartzen. Agintaldia zure esku dagoenean kritikak jasotzea ez da atsegina, baina jakin egin behar da zein gairekin eta noiz sortu eztabaida. Gure kasuan, aitortu behar dugu ez dela eztabaida askorik izan, EH Bilduk ez baitu proiektu estrategikorik garatu. Askotan salatu izan duzue EH Bilduren kudeaketa eskasa dela... Ahula izan da, gobernatzeko gaitasunik ezan oinarritutakoa. Planen agintaldia izan da. Kudeatzeko zailtasunak dituzte, zalantzarik gabe. Egia da pandemia garaia bizi izan dugula eta momentu zailak bizi izan ditugula, baina ez da aitzakia. Ez dute jakin gainontzeko erakundeekin batera elkarlanean lan egiten. Egoera zailetan frogatzen dira gaitasunak, eta berriz ere nabarian geratu da kudeatzeko dituzten zailtasunak.
"Aurrekontuetan iaz adostutako konpromisoek landu gabe jarraitzen dute"
Ze akordio aipagarri lortu duzue?
2022. urteko aurrekontuetarako, esaterako, gure proposamen gehienak onartu zituzten eta sinatu egin genituen, nahiz eta urtea amaitzear dela ia bat ere ez den garatu. Gure proposamenetatik Arin arreta zerbitzua bakarrik garatu dute, ia bi urte geroago, eta eureganatu nahian dabiltza, euren ideia izango balitz bezala… Nabaria da hauteskundeak badatozela.
Eta zertan ez zarete ados jarri?
Ez ditugu lehentasun berberak. Batzuk aipatzearren, mugikortasunarena azpimarratuko nuke. Plana egin da, baina ez da aurrerapausorik eman, eta bidegorri sarea ere amaitzeke dago. Herriko ostalaritzari erantzuna ematea ere egiteke du Udalak, oraindik ez da ordenantza berria onartu. Kaleen garbitasuna ere jorratu beharreko beste gai bat da, herria kartelez eta pintaketaz beteta dago. Energia berriztagarrien ezarpenerako urratsak ere egiteke daude; beste erakundeen laguntzarekin, elkarlana bultzatuz egin beharreko prozesua dela uste dugu. Hortxe dugu Zubietako eskolaren okupazioa ere...
Lur azpiko parkinga ez egitea atzerapauso bat dela uste duzu?
Inongo zalantzarik gabe. Bergaran izugarrizko arazoa daukagu aparkatzeko. Ezin ditugu auzoetan bizi direnak edota kanpotik datozenak ahaztu; ezin aparkatu ibiltzen dira. Aparkatzeko arazoak eragiten du, gainera, bergarar asko inguruko herrietara joatea erosketak egitera, eta horrek eragin zuzena du gure herriko komertzioan, ostalaritzan eta hirugarren sektoreko zerbitzuetan.
Nola doaz 2023ko aurrekontuetarako negoziazioak?
Ez digute oraindik proposamena aurkeztu. Hiru urte daramatzagu lehentasunak lantzen. Gure ekarpenetatik ia bat bera ere ez da bete. Iaz, idatziz jaso genituen konpromisoak, eta mahai gainean jarraitzen dute. Hala ere, guk lanean jarraituko dugu, Bergara eta bergararrak daude-eta gure erabaki guztien atzean.
EAJren alkategaia izango zara 2023ko udal hauteskundeetan?
Bergarako Uri Buru Batzarrak dihardu horretan; eurek proposatuko dute zerrendaburua eta alderdikideek erabakiko dute. Alderdiak nahi duen lekuan jarraituko dut.